Eszeptizismoaren hazkundeari, esker onez (I)
Mitxelena, Idazlan guztiak, XI, 9-10:
“Behar adina pazientzia izanez gero —eta, gainera, zorte apur bat lagun bada—, azkenean testu paralelo eta argiagoak aurkitzen dira [filologia konparatistan]; testu horiek pasarte ilunen esanahia zehazten dute, edo, gutxienez, haren mugak finkatzen eta zehaztasun handiagoz taxutzen laguntzen dute.
Esanahia, gure artean askok uste omen dutenaren aurka, ez dago berehalako, konkretu eta ia ukigarri den zerbait izatetik hurbil ere. Azken urteotan hizkuntzalaritzak aurrerapen handiak egin baditu formari dagokion guztian —hau da, edonork printzipioz hauteman dezakeen soinu-materian eta adostasun orokorra merezi duten konbentzioen bidez idatziz finka daitekeen horretan—, esanahiaren alorrean egin duen aurrerapenik handiena, hain zuzen ere, eszeptizismoaren hazkundea izan da, arazo semantikoei aplikatutako introspekzio hutsak eman ditzakeen emaitzei dagokienez.
Objekzio gutxien jasaten duen metodoa esanahia testuinguruaren arabera zehazten saiatzen dena da; hots, elementu jakin bat zein beste elementurekin elkartu daitekeen aztertzen duena, eta elementu horien arteko erlazio formalak kontuan hartzen dituena, erlazio horiek modu zalantzarik gabe adieraz baitaitezke.
Azken batean, beti egin behar izaten da jauzi bat hutsaren gainera; izan ere, esanahiak, Bertrand Russellek dioen bezala, kanpoko erlazio bat dakar berekin, eta erlazio hori ezin du, zentzu hertsian, inolako analisi barneko edo formalek agerian utzi.
Hala ere, introspekzioaren erabilera libreari ezartzen zaizkion murrizketek —froga gisa testu paraleloak aurkeztu beharrak eragindakoek—, gutxienez, jauzi horrek berekin dakartzan arriskuak mugatzen dituzte”.
