Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Estrategia militarraren alde

Estrategia militarraren alde

Markos Zapiain 2010/07/25 12:09

Guk bi alaba zoragarri ditugu, Amaia eta Leire, hamazazpi eta hamasei urte. Gurasoen eta seme-alaben artean ezinbestean pizten diren gatazkak kudeatzen ahalegintzeko, lehen borondate oneko liburuak irakurtzen nituen: “Adolescentes: la locura necesaria”, “Educar a un adolescente”, “El adolescente en la terapia familiar: cómo romper el ciclo del conflicto y el control”. Baina ez dira aski.

Arrate irakurgai horietara mugatu da, baina alabek trankilloa harrapatua diote, eta errukirik gabe erabiltzen dute: aurrena, bekatu makurra egiten dute. Adibidez, larunbat arrunt batean etxera lauretan itzultzeko hitzartu, Arratek bezperan erositako txamarra bat uzten dio Amaiari, eta Amaia sei eta erdietan bueltatzen da, txamarra galduta, halaber mugikorra, eta erdi mozkorrik. Orduan Arratek egundokoak eta bi botatzen dizkio. Baina, denbora aurrera, damutu egiten da, pasatu ote den, borondate oneko liburuen erruz hein batean, eta, konpentsatzeko, ile-apaindegira eramaten du, edo enegarrenez apurtua zuen ordenagailuko kablea erosten dio. Gertaeren segida hori ia beti da antzekoa, eta “En tierra hostil”-eko psikologoa bezala amaitzeko arriskuan jartzen du Arrate. Nire erantzuna ez da aldarria izaten baizik afektu-ukatze bortitza, erredura hotza, arinago itzaltzen dena, edonola ere, alabaren bestondoa baino.

Kokoteraino nengoen segidaren ezinbestekotasun horretaz, baina hautsi egin da. Orain dela bizpahiru hilabete tratatu militarrak irakurtzen hasi nintzen. Hasieran, eta bestelako helburu batek bultzaturik, Sun Tzuren “Gerraren antzea” eta Julio Zesarren “Galietako guda” irakurri nituen. Eta ohartu nintzen etxe barruko gatazketan umiliatua ez izateko estrategia militarrak behar direla erabili. Geroztik, Alexandro Handia, Napoleon, Zumalakarregi, Rommel “basamortuko azeria” eta Historiako jeneral garrantzitsuek gerran erabili duten jokabidea aztertzen aritu naiz. Adituek diote euskal gatazka deritzon horretan on litzaigukeela arazoa desmilitarizatu eta humanizatzea; aldiz, uste dut etxeko gatazkak militarizatu behar direla, Historiak arrakastatsuak izan direla frogatu dituen taktika eta estrategiak erabili, sakonki hausnartuak, etsaia etsaitzat joz, epe luzea aintzat harturik. Irabaztea dugu xede bakar. Behin irabazita, jakingo dugu eskuzabalak izaten. Baina oraingoz, jo ta ke irabazi arte.

Bermeon, krisialdi gogor horiek jota xehe-xehe eginik gelditzen ginen laurok. Orduan, Al Jazeera ipintzen genuen eta baretu egiten ginen geldika-geldika. Ahma le ma lebi inshalala mufali tawaf. Soinu ulergaitz eder horiek lasaitu egiten gintuzten. Orain ordea oporretan ez dugu Al Jazeerarik eta ez dago zereginik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.