Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Estoikoak

Estoikoak

Markos Zapiain 2013/10/31 08:05

-Patua, arrazoia eta natura bat datoz; Jainko ere deitzen diote 

-Gertatzen den guztia derrigorrez gertatzen da: ez du zentzurik aurka egiteak, negar egiteak, edo barre; onartu egin behar da, kito; Seneka: fata volentem ducunt, nolentem trahunt; zoriona bat dator bertutearekin, guztiaren onarpen lasaiarekin

-Zenonen eta Senekaren heriotza bareak, kantuan eta bainuan; estoikoak, suizidioaren alde: ke ilunak gela itogarri bihurtuz gero, atea ireki eta alde

-Bereizi behar da gertaera, gertaeraren irudia eta irudiari buruzko iritzia eta oroitzapena; gertaerak ez baizik eta gertaeraren irudiak hunkitzen gaitu, ezin dugu saihestu gure baitan sartzea; ordea, gure esku dago irudiari buruzko pentsaera; eta zuzen filosofatzeari esker, gertaera mingarriek sufrimendu iturri izateari utz diezaiokete

-Eskola filosofiko helenistiko guztiek darabiltzate gogo jardunak, Inazio Deunak baino askoz ere lehenago, eta bereziki estoikoek; gogo jardun tipiko batzuk (P. Hadot):

1-egunean zelan jokatu dugun aztertu gauez, biharamunean hobeto jarduteko

2-bizitzak ekar lezakeenaren okerrenerako prestatu zure burua: goxo besarkatzen duzunean ere, irudikatu zure emazte edo ume maitea hiltzen dela; horrela, benetan hilko balitz, prest edukiko zenuke gogoa, ohituta (autarkia, apatia, afobia, ataraxia)

3-gogoratu derrigorrez hil behar duzula eta edonoiz hil zaitezkeela; azkenekoa balitz bezala bizi egun bakoitza, lehenengoa balitz bezala; bizitzea ez da irautea; jakintsua bizitzan dago; occupati-a, berriz, denboran, eta txorakeriatan ematen du, betirako balitz bezala

4-goitik behera murgildu oraingo une honetan, gure esku dagoen denbora bakarra, erreala den bakarra; iraganeko damua eta errua baztertu, orobat etorkizunarekiko durduza eta ikara; are itxaropena: Seneka: "Bizitzaren eragozpenik handiena da biharamunari begira gaurkoa galtzen duen esperantza"

5-fisika etikaren zerbitzura dagoela darakutsan gogo jarduna: kosmosaren egitura eta ezaugarriak sakonki ezagutu ondoren, egizu hegan izarren artean:

a) halatan, batetik, giza harreman mingarriei espazio zabaletik hegan zoazela begiratuz gero, izar urrun batetik, erlatibizatu egiten dira, hurbildik izugarriak iruditzen zaizkigun malurek eta porrotek garrantzia galtzen dute: gure oinazeak ezdeusak dira behin kosmosaren benetako neurriak aintzat harturik

b) bestetik, zure adimena kosmosarenarekin bilduz gero, gozamen handiz sentituko duzu unibertsoaren zati huts zarela; zure burua unibertso osoaren altzoan kokatzeak libreago eta jakintsuago egingo zaitu; egizu bat, horrenbestez, unibertso bakar betierekoaren taupadarekin

-Soilik zure esku dagoenaz arduratu; zugandik kanpoko deusek ez zaitu kezkatu behar: patxadaz onartu; esaterako, besteen iritziak zuregan duen eraginetik askatu: besteek zer pentsatzen duten eta zer egiten duten ez dagokizu

-Zeure bertutea duzu zinezko ondasun bakar; zeure gaiztakeria, zinezko zoritxar bakar

-Jakintsu estoikoaren etika defentsazkoa da, minik ez pairatzeko prestatzen du gogoa, gotorleku helezin; pertsona serioa izaten da, grabea

-Epikurok politikatik urrutiratzea aholkatzen duen bitartean, estoikoek ia beti aldeztuko dute besteen aldeko ahalegina, politikan esku hartzea barne

-Lehenbailehen ipini zure pentsaera zorionbidean, lehenbailehen ekin filosofatzeari, bihar bertan hil baitzaitezke


Amatiño
Amatiño dio:
2013/10/31 18:36
Jakinminez baino ez bada ere, nahita egiten duzu aurkezpen-argazkia horren handia? Ala nik bakarrik ikusten dut horren handia?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2013/11/04 12:02
Ez dut nahita egiten eta nire ordenagailuan beste blogarien aurkezpen-argazkien antzeko tamaina du. Galdetuko dut.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.