Estepa pontikoa
Estepa pontikotik zabaldu zela indoeuropera lau haizetara aldarrikatu zuen Marija Gimbutas lituaniar arkeologo eta hizkuntzalariak. Bat datoz Harvard Unibertsitateko eta Max Planck aleman Institutuko berezilariak.
Pontikoko artzain haiek ekarri zuten Iberiar Penintsulara indoeuropera, eta zeltiberiera bilakatu zen penintsulan. Jürgen Untermann hizkuntzalari alemanak mapa ospetsu bat sortu zuen, “ili/ilti” iberiarra eta “briga” zeltiberiarra nagusi diren eskualdeak bereiziz: geneek ez ezik, ederki laguntzen baitu toponimiak ere indoeuroparrak aurreindoeuroparrei non nagusitu zitzaizkien ikusteko orduan.
Gizonak etorri ziren Errusiako estepetatik. K.a. 2500 inguruan heltzen hasi eta berehala desagertu ziren bertan zeuden leinu maskulinoak. Orduz geroztik, Iberiar Penintsula osoan, kutxatila-zelaien kultura ekarri zuten gizonen leinua baino ez da gelditzen, nola zeltiberiarren artean, hala iberiarren eta euskaldunen artean.
Iñigo Olalde genetista handiak Edu Lartzangureni Berrian argitu zion ezen
«ez da bertako gizonezkoak galdu zirela, baizik eta haien leinuak. Esaterako: nire birraitonak lau birbiloba izan baditu, eduki ditu ondorengoak; baina ondorengo horiek bere alabaren aldetik badatoz bakarrik, semeak ez zuelako haurrik izan, orduan, gizonezkoen aldeko ildoa edo leinua galdu da».
Zer gertatu zen? Genozidio gisako baten hipotesia ezin da erabat baztertu (estepako gizonek hemengo emakumeen jabetza esklusiboa lortzeko gizonak akabatu izana), baina ez dago balizko bortxakeria haren inongo aztarnarik.
Badira bestelako hipotesiak ere. Olalde: «Kanpoko klan horiek maila sozial askoz altuagoa izango zuten, eta haien semeek jasoko zuten gero haien aberastasuna eta estatusa». 400 eta 500 urtez, belaunaldiz belaunaldi, askoz ondorengo gehiago izango zituzten bertakoek baino, eta, azkenean, hemengo leinuak galdu egin ziren. Gainera, nabarmen zen indartsuagoa eta aurreratuagoa indoeuroparrek zekarten kultura.
Edozein gisaz, Iberiar Penintsulako herri batzuek aurretik zerabiltzaten hizkuntzei eutsi zieten. Horien artean, iberiarrak eta euskaldunak. Nondik nora?
Azalpen posible bat: amek transmititu zieten hizkuntza umeei, ez aitek. Penintsulako amek seme-alabei beren hizkuntza indigenan mintzatzeari eutsi zioten, eta halaxe jarraitu zuten. Nahasketaren osteko lehen belaunaldietan, gizarte elebidunetan haziko ziren haurrak: indoeuroparra izango zen aitaren hizkuntza; eta amarena, berriz, ez-indoeuroparra: euskara edo iberiera.
Dena den, elebitasun-prozesu horrek ez zuen emaitza uniformerik eman Iberiar Penintsula osoan. Horren arrazoiak izan zitezkeen demografikoak, kulturalak, merkataritzari lotuak, etab. Kontua da eskualde batzuetan indoeuropar hizkuntzak gailendu zirela eta beste batzuetan ez-indoeuroparrak. Euskaldunek euskarari eutsi zioten. Iberieraren azkeneko aztarna epigrafikoak, ostera, K.o. lehen mendekoak dira. Erromatarren latinak desagerrarazi zuen.