Estatu-sekretuen babesle interesgarri horiek (II)
August Hanning atxilotu dute. 80 urte dauzka. BND Alemaniako kanpo-inteligentzia zerbitzuaren presidente izan zen.
2005ean joan zen Hanning BNDtik. Baina haren bulegoburu izaniko Manfred D. zerbitzuan geratu zen, eta 2026ko udaberrira arte aritu da bertan. Fiskaltzaren susmoaren arabera, Hanningek 2010 inguruan hitzartu zuen Manfred D.rekin BNDren barne-informazioa diru-truke jasotzea. Urtea joan urtea jin, bi mila dokumentu inguru eman omen zizkion Manfred D.k.
Ez ziren dokumentu hutsalak. Batzuk Alemaniako Kantzelaritzan egiten den goi-mailako inteligentzia-bilerarako prestatutako txostenak ziren; besteak beste, Iranen programa nuklearrari eta Errusiako armadari buruzko informazio delikatua. Are larriago beharbada, Alemaniaren aliatuek BNDri emandako inteligentzia ere saldu zion Hannigek Manfred D.ri.
Fiskaltzaren arabera, Hanningek material sekretu hori erabili zuen, gutxienez behin, atzerriko inteligentzia-zerbitzu bateko funtzionario batentzat analisi bat prestatzeko. Gainera, urterik urte informazio politikoa partekatu omen zuen zerbitzu atzerritar horretako ordezkari batekin. Hala ere, oraindik ez dago argi analisia hartzailearengana iritsi zen ala ez.
Misteriorik handiena, oraingoz: Alemaniako Fiskaltzak ez du adierazi atzerriko zein estaturen alde jokatu zuten Manfred D.k eta Hanningek, eta, estatu hori zein den argitutakoan, beste zentzu bat hartuko du kasuak.
Hanningek Errusiarekin harremanak izan zituen eta Gerhard Schröderren ingurukoa zen; horregatik, Errusia izan zen lehenbiziko susmagarria. Baina WDR, NDR eta Süddeutsche Zeitung-en ikerketaren arabera, ez da Errusia. Orduan? Txina, agian? Oraingoz ez dakigu.
Istorioaren ezaugarri deigarrietako bat da Hanning ez zutela kontraespioitza-operazio klasiko baten bidez harrapatu: hariari tiraka hasi ziren Christina Block enpresaburuaren seme-alaben bahiketaren auziagatik. Block-House jatetxeen oinordekoa da Block andere izugarri aberatsa. Seme-alabak bahitzea leporatu zioten, dibortzioaren testuinguruan. Bahiketaren ikerketaren haritik miatu zituzten 2025eko irailean Hanningen etxea eta bulegoak. Eta orduan aurkitu zuten BNDren dokumentu sekretu berriak zituen euskarri elektroniko bat. Ordea, hogei urte zeramatzan Hanningek BNDtik kanpo.
Horrek eraman zituen Manfred D.rengana; eta, 2026ko maiatzean, Fiskaltza Federalak ezkutuko ikerketa abiatu zuen. Atzo atxilotu zituzten biak.
Gainera, Block auziko adarra bera ere harrigarria da: ikertzaileen esanetan, Hanningek eta beste segurtasun-aditu zenbaitek operazio bat planifikatu zuten, bahituriko umeen aita, Christina Blocken senar-ohia, pedofiliarekin faltsuki lotzeko, material kriminala gizonaren esku utzita. Hanningek aurretik ukatu ditu Block auziari lotutako akusazioak; edozelan ere, ikerketa ez dago amaituta.
Sloterdijken munduan gabiltza, kontua ez baita bakarrik Alemaniako espioi-burua beste herrialderen batentzat espiatzen ibili izana; konplikatuagoa da: BNDko buru ohiak, erretiratu ostean, sekretuak erosi dizkio bere lankide ohi aktibo bati. Gero, informazio hori aholkularitza pribatuan darabil, atzerriko inteligentzia-zerbitzu batentzako analisia egiteko.
Alegia, estatu-sekretua merkantzia bilakatzen da. Dirudienez, leialtasun ideologikoa baino gehiago, zinismo profesionala genuke hemen, Sloterdijken zentzuan: «Badakit zer den informazio hau, badakit zergatik den sekretua —ni neu izan naiz sekretu horiek babesteko arduradun gorena—, eta hain zuzen horregatik dakit ederki zer balio duen merkatuan».
Eta azken ironia bat: Hanningek, BNDko presidente izan aurretik, Alemaniako segurtasun-aparatuan egin zuen karrera, eta ondoren Barne Ministerioko estatu-idazkari ere izan zen. Beraz, salaketak egiaztatzen badira, ez geundeke edozein espioiren aurrean, baizik eta estatuak bere sekretuak babesteko sistemaren gailurrean jarritako gizon baten aurrean. Deutsche Welle hedabideak dioenez, maila horretako Alemaniako goi-funtzionario ohi baten aurkako traizio-susmoak ez du pareko aurrekaririk Errepublika Federalaren historian. Dena den, Sloterdijk ez ezik, lagungarri dakizkiguke John le Carré eta Koro Navarro ere, espioien munduaren hainbat ezaugarri ulertzeko.
