Espioi hirukoitza (I)
August Hannigen atxiloketak Peter Sloterdijken Arrazoimen zinikoaren kritika dakar gogora. Espioiak aipatzen zituen liburuan, espioi bikoitzak, hirukoitzak, eta benetan noren alde espiatzen zuten ahaztu zitzaien espioiak. “Teoría del agente doble” izeneko atalean zituen aipagai, ez “Saber bélico y espionaje” atalean.
Modernitateko subjektu zatituaren metafora gisa ikusarazi digu Sloterdijkek espioitza. Dioenez, "agente bikoitz eta hirukoitzen berri izan dugu, azkenean beraiek ere ez zekitenak zehazki norentzat ari ziren lanean". Eta Sloterdijken galdera segidan: zer da norberaren interesa, pertsonak dagoeneko ez badaki bere «ni» hori non dagoen?
Beraz, norentzat diharduen ahaztu duenarena, ez da espioiei buruzko txiste edo anekdota hutsa. Aitzitik, Sloterdijken esanetan, agente bikoitz bihurtua dugu modernitateko gizabanako tipikoa, batik bat intelektuala: barre egiten dio sistemari, baina sistemaren barruan dago; bere lana egiten du, baina ez du horretan sinesten; ideologia salatzen du eta, aldi berean, ideologia horren markoan bizi da, ideologia horren arabera.
Halatan, zinikoa ez da engainatuta dagoena, baizik eta, jakinik ere zertan dabilen, hala ere egiten duena. Sloterdijkentzat, «kontzientzia faltsu ilustratua» da iritzi-emaile garaikidearena. Filosofoaren webgune ofizialeko liburuaren aurkezpenak ere definizio hori jasotzen du.
Espioi historikoen artean, hainbat kasu dira biziki deigarriak. Kim Philbyrena duzu interesgarrienetakoa. Britainiar MI6ko goi-mailako kidea zen, baina luzaz lan egin zuen Sobietar Batasunarentzat. Harrigarriena da KGBko arduradunek ere, une batean, ez zutela sinesten Philby zinez beraientzat ari zenik: susmoa zuten, ez ote zen britainiarrek bidalitako agente hirukoitza. Mesfidantzaz hartzen zituzten Philbyk bidalitako dokumentu errealak ere, zuhurtziaz eta era efektiboan erabiliz gero erabakigarriak izan zitezkeen arren.
Are, Philbyk Erresuma Batua utzi eta Moskura ihes egin ostean ere, inoiz baino indar handiagoz zabaldu zen hipotesi hori: litekeena zen britainiarrenganakoa izatea Philbyren sakoneko leialtasuna; hortaz, KGB barruan muturra sartzeko operazio ikaragarri luze baten katebegi izan zitekeen. Gaur egungo historialariek diotenez, oso hipotesi espekulatiboa da hori, ez dago froga sinesgarririk, baina hain zuzen ere horrek erakusten du Sloterdijken araberako espioitzaren logika: agente bikoitz bati buruzko informazioa bera ere agente bikoitz bilakatzen da.
Beste kasu eder bat Nikolai Skoblin errusiar jeneralarena dugu. Errusiako emigratuen buruzagitzan zebilen Parisen, baina sobietarrentzat ere lan egiten zuen. Hain zen nahasia Skoblinen leialtasunen inguruko panorama, non Éric Rohmerrek haren historian oinarritu baitzuen 2004ko Agente hirukoitza, Triple Agent. Rohmerrek berak azaldu zuen bere ustez Skoblin boltxebikeentzat lan egiten zuen agente bikoitza zela. Dena den, Skoblinen desagertzeak are enigmatikoago bihurtu zuen auzia.
“Wilderness of mirrors” edo “ispiluen basamortu” deitzen zion CIAko kontraespioitzako buru James Jesus Angleton-ek espioitzaren munduari. Zergatik eta nondik nora? A-k B engainatzen du; B-k badaki A engainatzen ari zaiola eta A engainatzen du; A-k susmatzen du B-k badakiela... Une batetik aurrera, arazoa ez da bakarrik «norentzat egiten du lan?», baizik eta «ba ote dago oraindik benetako leialtasunik geruza horien guztien azpian?».
Sloterdijken ustez, esan bezala, azken leialtasuna ahaztu duen espioiaren kasua ez da bakarrik bitxikeria historikoa: bada halaber subjektu ziniko modernoaren alegoria. Maskara bat darama, eta azpian maskara horren maskara, eta azpiago hirugarren bat; azkenean, maskarak kentzen hasi eta ez dago batere argi, oinarrian «benetako aurpegirik» geratzen ote den. Nietzschek aipatu interpretazio eta mozorro amaigabeak datoz gogora: interpretazioak daude, eta interpretazioen interpretazioak, eta ez dago azken oinarri egiazkorik, hori ere interpretagarria bailitzateke.
Sloterdijken agente galduek eta Angletonen ispiluen basamortuak ez dituzte oroitarazten gaur egungo identitate digitalak, eta sare sozialetakoak? Nor da Pagoaitz Urbeltza Metalure?
