Esperientziatik mitora (Gandiagarekin 3)
Ondoren Mariarenari darizkion zenbait irakaspen azalduko ditut, Azurmendiren ikuspuntuak sinkronian eta diakronian:
Maria, metafisikarentzat, eta berdin zientziarentzat, unibertsoaren osotasunari dagokionez ez da ezer: x bat da, erreferentzia-puntu soil bat erlazio-sistema unibertsal batean, kontuan hartzen den erlazioaren arabera bere balioa aldatzen duena (errealitate fisiko bat da, edo morala, edo estetikoa....). Alegia, izan, ez da ezer, baina hainbat gauza izan daiteke.
Eguneroko gure esperientzian, berriz, Maria Maria da: pertsona ongi bereizia beste guztitik, gorputz bat (fisikoa), nortasun bat (espirituala), eta gainera maite dugu, hau da, harentzat ontasun batzuk nahi ditugu. Hau dena oraindik esperientziaren mailan dabil, esperientzia hori aratza eta berehalakoa ez den arren, jakina, esperientzia oro aldez edo moldez interpretaturik baitatorkigu beti; esaterako, arimaz edo espirituaz mintzo garelarik, hori ez da inolaz ere kontzeptu erlijiosoa oraindik.
Azurmendik azpimarratzen duenez, gure kulturan ohikoa den interpretazioan Mariak arima bat dauka, Jainkoak emana, hilezkorra: horixe da haren errealitate espirituala. Hautemateko gure gaitasunari ihes egiten dio, Mariaren zinezko errealitate fisikoak bezalaxe: zientzia modernoaren interpretazioaren arabera Maria ez baita hortxe ikusten den gorputz hori, baizik atomo batzuk.
Eta Maria osatzen duten azken osagai horiek natura osoaren azken zati ezabaezinak ere badira. Beraz, Maria ulertu ahal izateko, Maria bera soilik baino harago, Dena ulertu behar da, edo Jainkoa edo kosmos osoa.
Joxe Azurmendiren arimetako bat razionalista zorrotza duzu ordea, eta gure kultura goiko ideia horietara nola heldu den aztertu du: Maria esentzialki bere arima dela, arima hilezkorra dela, hil eta gero ere biziraun egingo duela, biziraupen hori sari edo zigor gisa biziko duela. Eta eszeptizismoz diosku ergelkeriak direla horiek guztiak, mitoak, ez daukatela inolako oinarri razional eta zientifikorik; Maria hil egiten da, desegin egiten da, eta ez da ezer geratzen. Hauxe du garai ateoa (negatibo hutsa).
Baina hain zuzen razionalista kontsekuentea delako, beste urrats bat emanez bere buruari galdetu dio: gizakiak mito horiek sortu baditu, zein esperientzia modutatik abiatu da? Zein errealitate egiazko da mintzaira fantasiazko horretan islatzen dena? Zer da mitoaren aurretik dagoena (esperientzia erreala), eta mitoaren atzetik dagoena (interpretazio transformatzailea, ez deskribatzaile hutsa)?
Eta erantzun hau aurkitu du: errealitatea, bai metafisikoa eta bai zientifikoa, Mariaren historia da. Oraindik ez gaude mitoan: Azurmendik unibertsoa Mariagatik existitzen dela dio, baina horrek berdin-berdin balio du txantxangorri batentzat eta kosmos osoan edozerentzat. Halatan, kosmosa Jainko baten antzekoa da, eternitate guztitik gutako bakoitza bere gogoetan eta bere altzoan gauzkana.
Ideia abstraktu hori mitoak irudien bidez janzten du, Mariak zein gorputz eta zein arima duen zehaztuz, arima hori hilezkorra dela kontatuz, eta abar. Eta irudi horiek fededunengan bizia hartzen dute, eta Maria jaiotzean edo hiltzean zeremonia batzuk egingo dituzte (erlijioa, erritua).
Konklusioa: kosmosean Dena Bat dela, Azurmendirentzat, esperientzia da; eta, horregatixe, arauz-eta zein erlaziotan gauzak ikusi, kosmos guztia eta denbora guztia Mariarengan zentratzen dela, esperientziaren gogoeta logikoa da (metafisikoa eta zientifikoa): “Biziraupenaren esperientziak dira mintzo zaizkigunak Parmenides edo Platonen gogoetan, askaziaren oroipenetan, alargunaren eta maitalearen agiantzetan, edo berdin Naturako joan-jinean, zeruaren betiereko itzuleran, ur xirriparen kontenplazio soilean beharbada. Keinuak, zantzuak; ez presentzia, ez ebidentzia, ez ziurtasuna. Eskaintza bat besterik ez, esperientzia horiek bizitzaren zentzuaren galderan aintzat hartzeko, pentsatzeko. Mitoak hori egiten baitu –zeinuak interpretatu, zeinu berriak ipini–, besterik ez.”
Hots, Mariak kosmosarentzat ez dauka identitaterik, edozer da eta edozein, faktore aldakor bat. Mitoak identitate pertsonala ematen dio, eternitate guztian “Maria” izatea, eta ez protoi edo elektroi multzo iheskor bat.