Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eskerrak Babeli

Eskerrak Babeli

Markos Zapiain 2026/11/15 11:01

Herderrek oinarri filosofiko eta antropologiko zuzen eta egokia eman zion Humboldti, hizkuntzalaritza konparatuaren eta antropologia modernoaren proiektua eraikitzeko. Azurmendik azaltzen duenez, Humboldtek Herderren intuizio poetiko eta filosofikoak jaso, sistematizatu eta zientifikoki garatu zituen, Kanten filosofiarekin uztarturik.

Atzo esan bezala, kapitulu oso bat eskaini zion Azurmendik Herderri Humboldt: hizkuntza eta pentsamenduan, eta Humboldtek bere egingo zituen Herderren zenbait ideia nabarmendu zituen bertan. Horien artean, hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko batasuna: gizakiak ezin du hizkuntzarik gabe pentsatu, eta hizkuntza da arrazoiaren organoa. Ideia hori bere hizkuntzaren filosofiaren erdigunean jarri eta “Weltansich” edo mundu-ikuskera kontzeptua garatu zuen Humboldtek: hizkuntza bakoitzak era berezian interpretatzen eta antolatzen du mundua. Garai hartan batere ebidentea ez zen ideia hori naturaltasunez bereganatu du Borges batek.

Herderri propio eskainiriko kapituluan ez ezik, Herderren eraginaren beste zenbait alde ere aipatzen ditu Azurmendik han eta hemen liburuan barrena. Bestalde, kapitulu mamitsu bat eskaini zion Volksgeist. Herri gogoa izeneko trilogiako bigarren liburukian.  

Hizkuntzen ugaritasunaren balioestea dugu Herderren eraginaren beste alde horien artean. Herderrengandik ikasi zuen Humboldtek hizkuntzen ugaritasuna ez dela Babelgo zigorraren tankerako inongo akats historikoren ondorio, ezpada giza izpirituaren aberastasunaren adierazpen. Halatan, buru-belarri jarri zen Humboldt hegemonikoak ez ziren hizkuntzak ikertzera, hala nola euskara, edo Amerikako hizkuntza indigenak, uste baitzuen hizkuntza guztiek dutela antzeko balio filosofikoa gizakia ulertzeko orduan.

Ikuspegi eurozentrikoa gainditzen ere lagundu zion Herderrek. Honen pluralismo kulturalari jarraikiz, Humboldtek baztertu egin zuen ideia hau, bere garaian bezala askoz geroago ere indarrean egon dena, baita gure artean ere: grekoa edo latina bezalako hizkuntza klasikoak dira eredu perfektu bakarrak. Herderren ustez, hizkuntza bakoitza bere barne-egituraren eta logikaren arabera aztertu behar da, kanpoko gramatika-eskemak inposatu gabe.

Gainera, loturik ikusten ditu herriaren izaera, “Volksgeist”, eta hizkuntzaren izaera. Herderrek herriaren nortasuna hizkuntzan eta kulturan dagoela aldarrikatu zuen. Humboldtek ideia hori zehaztu zuen, esanez hizkuntza dela herri-gogoaren adierazpenik garbiena, eta aldi berean, hizkuntza dela herri horren izaera moldatzen eta elikatzen duen indar sortzailea (“energeia”).

Herderren ustez, kultura bakoitza barrutik eta enpatiaz ulertu behar da. Ezinbestekoak dira bidaia etnografikoak eta landa-lana. Irizpide hori kontuan hartuta, Humboldt ez zen liburutegiko ikerketara mugatu, eta Euskal Herrira etorri zen, 1799an eta 1801ean, euskara eta euskaldunen ohiturak bertatik bertara ezagutzeko, Astarloa eta Mogel lako bertako jakintsuekin elkarlanean. Ameriketako hizkuntzak ezagutzeko landa-lana, egiari zor, Alexander anaiak egin zion.

Labur: hizkuntzen eta kulturen aniztasunaren munta erakutsi zion Herderrek Humboldti. Ikuspuntu eta jarrera hori ikerketa-programa zientifiko eta filosofiko bilakatu zuen Gilenek, eta Europako pentsamendu modernoaren mapan kokatu zuen euskara.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.