Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eskematismoa eta Humboldt (eta II) (Badaki baten batek nora joan den I?)

Eskematismoa eta Humboldt (eta II) (Badaki baten batek nora joan den I?)

Markos Zapiain 2026/10/01 21:40

Descartesena eta Humerena ez bezalakoa da Kanten ikuspuntua, hirugarren bidea zinez. Descartesen tradizio razionalistak adimenaren kontzeptuan bilatzen du unibertsaltasunaren bermea. Humerenean, berriz, inpresioetatik dator azken batean pentsamenduaren edukia; ideia abstraktuak ere esperientzia partikularretatik abiatuta azaltzen ditu. Kantek bi muturrak lotu nahi ditu, hutsa baita intuiziorik gabeko kontzeptua, eta itsua kontzepturik gabeko intuizioa. Horregatik behar dute bitartekari bat. Eta eskemak egiten du hain zuzen adimenaren kontzeptuaren eta zentzumenen intuizioaren arteko bitartekaritza lana. Lana, ez ahaztu. 

Aurreko sarreran aipatu triangeluaren adibideak eskematismoa ulertzeko balio badu ere, eskematismoaren helburu nagusia ez da geometria argitzea. Matematikatik harago garamatza eskematismoak. Kanti benetan interesatzen zaiona kategorien eskematismo transzendentala da; eta horrexek jarriko gaitu garbi Humboldten bidean.

Adibidez, kausalitatea ezin dugu begiekin ikusi, ezin dugu hauteman. Ikusten duguna da A gertatzen dela, eta ondoren B, euria eta ile bustia. Orduan, zelan aplikatzen diogu esperientzia horri “kausa” kategoria?

Kanten erantzuna: apriorizko kontzeptu hutsa da kausalitatea, denbora baino lehenagoko kategoria. Aldiz, kausalitatearen eskema denborazko arau bat da: zerbait gertatzen denean, beste zerbaitek jarraitzen dio, arau baten arabera. Horregatik da hain garrantzitsua denbora eskematismoan.

Adimenaren kategoria eta zentzumenezko fenomenoa elkartu ahal izateko, bien arteko elementu komun bat behar dugu. Eta Heideggerrek nabarmendu sustrai komun hori da hain zuzen denbora: barne-zentzuaren forma eta, aldi berean, fenomeno guztien baldintza. Denborazko eskemak egiten du kontzeptu hutsaren eta fenomenoaren arteko lotura.

Bila gabiltzanari begira, alegia, eskemaren, irudimen sortzailearen eta Humboldten hizkuntzaren kontzepzioaren arteko loturari begira, komenigarria da Arrazoimen hutsaren kritikako lehenbiziko argitalpena kontuan hartzea, 1781koa, A-edizioa deitua. Hor definitu zuen Kantek eskema irudimen transzendental eta produktibo gisa. Kasu: ez irudimen erreproduktiboa, kontua ez da-eta aurretik ikusitako objektu baten irudia gogora ekartzea; baizik eta irudimen produktiboa, alegia, objektua prozedura baten arabera konfiguratzeko ahalmena.

Kantenean, irudimena ez da irudiak gordetzeko biltegia, baizik eta esperientziako mundua egituratzen laguntzen duen ahalmen aktiboa. Eta horrek ondorio interesgarriak dauzka bai Humboldtentzat eta bai Azurmendirentzat: unibertsaltasuna ez dago nahitaez edukien berdintasunean, baizik eta jarduera formatzailearen egituran: funtsean dira hizkuntzak desberdinak, mintzamena unibertsala den arren.

Kanten eskematismoaren arabera, hortaz, unibertsala ez da izaki abstraktu batean aurkitzen; aldiz, partikularrak sortzeko, antolatzeko eta ezagutzeko prozedurek erabakiko dute unibertsaltasuna. Eta erabakigarria da ikuspuntu hori Kantengandik hasi eta Humboldtengana daraman katean.

Kuestioaren segidetako bat: Kantentzat, subjektuak ez du errealitatea pasiboki kopiatzen: forma ematen dio esperientziari; Goethek jarduera formatzaile hori naturaren ezagutzara eramango du; Humboldtek hizkuntzara: hizkuntza ez da dagoeneko egindako mundu baten etiketa-sistema (ergon), baizik eta mundua artikulatzen duen jarduera (energeia); hogeigarren mendean, Cassirerrek ideia hori forma sinbolikoetara zabalduko du.

Kantengandik Humboldtengana igarotzeko zubirik sendoenetako bat parez pare jartzea da Kanten eskema eta Humboldten energeia. Hizkuntza, esan bezala, ez baita “ergon”, “Werk”, jadanik eginiko obra, baizik eta “energeia”, ekimena, “Thätigkeit”, zerbait berria sortzeko ahalmena; hiztegia baino gehiago, irudimen sortzailea.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.