Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eskelak eta konjurioak (Azurmendi 9)

Eskelak eta konjurioak (Azurmendi 9)

Markos Zapiain 2011/07/29 13:17

Gertakari historikoak istorio bilakatzen ditugu, interpretatu, zentzua eman: Orreaga eta Amaiur aipatzen ditu Azurmendik. Ukan, bizitzak ez dauka zentzurik, historiak ere ez, hain gutxi heriotzak. Konforme. Baina orduan, zentzuren bat postulatu ezean, nondik nora zaigu makurra Auschwitz?

Erlijioek hitzen bidez funtzionatzen dute, ipuinak kontatzen dizkigute: Jainkoak zeru-lurrak egin zituen, eta gizona eta andrea, hauek bekatu, ondoren Jainkoa gizaki egin zen eta gurutzean hil. Kristauek horrela kontatzen dute gizadiaren historia. Jakina, ez dira gertaeren deskribapenak. Azterketa razionalista bati ipuin horiek ez diote deus esaten, zentzurik gabeko istorio-misteriotzat joko ditu. Aitzitik, Azurmendirentzat, gizakion historia morala kontatzeko moduak dira, ipuin didaskalikoak, Txanogorritxo bezala: “Txanogorritxoren ipuina-eta, beharbada beraiek zentzurik estriktoki ez izanez daude guretzat zentzuz beteak -egia bada ere, zertantxe datzan zehatz-mehaztea gero zaila den zentzu batez daudela beteak, eta ez mundu guztiarentzat”.

Eskelek herioren gordinkeria goxatzen digute. Heriotza berez gertaera naturala da, zentzubakoa, erreala, mutua, baina ezein giza kulturak ez dio bere horretan aurre egiten. Estetikaren bidez, politikaren, filosofiaren, erlijioaren bidez, antzaldatu egiten dugu, jantzi; elezaharrekin, ipuinekin, gogoetekin; heroi, santu eta arbasoen ereduekin (Sokrates eta Jesus, Che Guevara eta Txikia); oihartzun musikal, literario eta artistikoekin. Behin testuinguru musikal, poetiko, erlijioso, filosofiko horretan kokaturik, heriotza zentzuz jantzirik hautematen dugu, eramangarri, ulergarri. Mendian gorputza babesteko txabola eraikitzen dugun bezala, gogoak ere babeslekuak behar baititu; eta zentzua arimaren txabola da.

Zer esan hiltzen ari zaizun aitari? Heriotzaren aurrean, gure tradizioko zentzu erlijiosoan sinesten dutenek, badute fedegabeok ez dugun zerbait; Azurmendiren hitzetan: “itxaropen edo konfiantza modu inseguru bat, otoitz batzuk. Azkenean, hitzak, gehiago ez. Asko da? Gutxi da? Ez dakit.

Nola esplikatu ez dakienari, zer den hiltzeko dagoen gaixoaren otoitz bat -otoitz egin ahal izatea? Zer den gaixo hilurrenari salmo bat irakurtzea, berak eskatuta, hari errezoaren murmurioan bere baitan murgiltzen lagun eginez?

Egia, hitzak besterik ez.

Baina zer egon daiteke, pentsa daiteke, gizakiarentzat, hitzak baino gehiago dena, heriotzaren aurrean?

Hainbat herritan aurkitzen dira ipuinak eta mitoak, norbaitek heriotza nola tronpatu izan omen duen: aurpegia mozorrotuz, bestelako jantziak jantziz, ohean trapu zaharrezko txorimalo bat mantapean ipiniz, heriotza bera atxilotuz, etab., edo nola heriotza garaitu nahi izan den eta huts egin (Euridize), eta holakoak. Xarmagarrienetako bat Mila eta bat gau-ekoa da. Printze batek gauero birjina bat hartzen zuen ohelagun, eta hil egiten zuen gero. Xahrasadek, ordea, printzea erabat limurtzen du ipuin bat kontatuz, hurrengo gauean beste bat, eta beste bat, eta hola mila eta bat gau, printzea bere patologiatik sendatua den arte, birjina kontu kontariak hala ipuinik ipuin heriotzari apustua irabazten baitio.

Beharbada heriotzarentzat hitzak, ipuinak edukitzean datza (hitz eta ipuinekin heriotza eraldatzean, konjuriatzean) abere hiztuna izatearen partikulartasun miragarrienetako bat.”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.