Esertoki klimatizatuak Logroñon
2011n, Donejakue Bidearen Logroñoko zatian, 16 ipini zituzten hasieran; adibidez, Espoloian bi. Jendea pozez txoratzen zegoenez, Gallarza parkean beste bi ipini zituzten gero.
Geotermiaren bidez, urak eta glikolak osatutako isuri batek jarlekuak epeltzen ditu. Teknika berri horrek lur azpiko energia aprobetxatzen du bankuei beroa edo hotza emateko, urtaroaren arabera. Ez dira asko aurrerapenaren emaitza dudarik gabe onuragarriak, eta horixe da bat. Zergatik ukatzen digute euskaldunoi?
Lau hilabeteko lana behar izan zuen esertoki klimatizatuak jartzeak, eta ez zuten ordaindu 100.000 euro baino, erakartzen dituzten bisita ugariei esker aspaldi berdinduak.
Zenbait jenderen eguneroko bizitzan garrantzitsuagoak dira jarleku klimatizatu horiek Apple eta Amazon baino. Gaur bertan euri izugarri hotz hori bota eta bota dabilen arren, goxo bezain idor daude bankuak, lasai eser zaitezke. Etxegabeen babeslekuak dira. Berriki arte Zubia Doktorearen Glorietan zebiltzan etxegabeak Espoloira aldatu dira. Eguerdian oraindik lotan egoten dira banku klimatizatuetan, Udaletxeko arkupea baino goxoagoak baitira.
Logroñon, jendeak gehiago ipintzeko eskatzen du. Eta guk? Manolo el del Bomboren bozeramale Arrimadasek dioen bezala, beti prozesua eta independentzia atzera eta aurrera eta azkenik ezikusia egiten diegu teknozientziaren opariei eta herri xehearen eguneroko arazoei.