Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Errieta epelari (II)

Errieta epelari (II)

Markos Zapiain 2026/06/25 17:59

Mitxelena eszeptikoa zen mitinetan aberriaren alde bizia emango zutela aldarrikatzen zutenekin; orobat, mitinaren beroan “neuk ere bai” garrasi egiten zuten entzuleekin. Nor dagoen aberriaren alde odola emateko gertu, ezin da jakin a posteriori baizik. Maiz ikusi baitzituen une erabakigarrian ihesi, ordu arte eta mintzoz abertzalerik sutsuenak ziruditenak; eta jende diskretu zein isila, aldi berean, goitik behera engaiatzen.  

Dena den, existentziala edo psikologikoa baino gehiago, metodologikoa da Mitxelenaren eszeptizismo bereizgarria. Lehen igo dudan testua du adierazpenik gardenenetakoa, eta ez bakarrik “eszeptizismo” hitza bera erabiltzen duelako; lagungarri zaigulako ere bai, Mitxelenaren beraren eszeptizismo metodologiko horren oinarri filosofikoa zertan den azaltzeko eta zehazteko orduan.

Mitxelenak ez du munduaren edo bere buruaren existentzia zalantzan jartzen; bestalde, ez du ezagutza ororen ezinezkotasuna baieztatzen. Aitzitik, ezagutza posible dela uste du; hori bai, baldintza zorrotzak ezarri behar zaizkio. Bertrand Russellekin bat dator: zalantza ez da ezagutzaren etsai, baizik ezagutzaren nahi eta nahiezko abiapuntu eta osagai.

XX. mendeko eszeptikorik kementsuenetakoa izan genuen Russell. Haren eszeptizismoa egokia da gaur egun ere, hedabideekin, sare sozialekin eta pertsonekin erlazionatzeko orduan ez ezik, baita Irulegiko eskuari edo euskalduntze berantiarrari buruzkoak bezalako eztabaidetan erabiltzeko ere.

Russellen iritziz, aditu guztiak ados baldin badaude gai jakin baten inguruan, ezjakinok ez gaude kontrakoa baieztatzeko legitimatuta. Ignacio Pajónen adibidea baliatzearren, ez dugu zilegi —astronomo, geografo, geologo eta fisikarien aurka—, Lurra laua dela aldarrikatzea.

Bestalde, adituak ados ez badaude, profanook ez genuke inolako jarrerarik ziurtzat hartu behar. Adituen artean desadostasuna delarik nagusi, zilegi da hainbat jarrera aldeztea,  kontrakoak diruditenak halaber; norberari zein argudio-sorta zaion sinesgarriago edo ahulago baita aintzat hartu beharrekoa.

Dena den, garbi gera bedi, egoera horrek ziurtasunerako edozein bide ixten digu. Are, zorrotz hitz egitera, adituei berei ere itxi beharko lieke, zinezko adituak etengabe behar bailuke gogoratu oker egon daitekeela.

Azkenik, Russellen esanetan, gai jakin bati buruz aditu guztiek diotelarik ez dagoela ziur egoteko aski oinarri, orduan amateurrok ere gure epaia eten beharko genuke, bertan behera utzi, epokhé; alegia, uko egin beharko genioke baieztatzeari zein ezeztatzeari.

Russellek berak aitortzen du proposamen eszeptiko horiek ez direla berez batere iraultzaileak, aski epelak baino, neurritsuak. Hala ere, eransten duenez, baldin eta gizaki guztiok jokabide-arau gisa onartu eta  bihartik aurrera haien arabera jokatuko bagenu, benetako iraultza lekarkigukete bizitza indibidualean zein jendartekoan.

Epeltzat jotzen zuen Mitxelenak bere burua, erdialdeko pattal horietakotzat, Russellen proposamenak bezain. Hala ere, horrek ez ei zion erraztu jendea pozik edukitzea. “La cobarde equidistancia” salatzen zuen behiala El País egunkariak txitean-pitean.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50