Erretzea, misterioari lotutako beharra denean
Ni lizeoko bigarren urtean nengoenean, ikasle asko erretzen hasi zen. Nik hamalau urte neuzkan, eta gelako txikiena izaki, handiak imitatuz barregarri geratuko nintzen beldurrez, amarru bat asmatu nuen. Bidaietako batean amak erositako —eta etxean gonbidaturen batek erre nahi bazuen gordetako— Kent kartoitik zigarreta bat ebasten nuen, eta zigarreta nire zamarraren poltsikoan gordetzen nuen. Une jakin batean, eskola bukatu eta gero kafetegian elkartzen ginenean, esaterako, eskua sartzen nuen zamarraren poltsikoan. Kopeta zimurtuz, harriturik behatzen nuen nire aurkikuntza. Orduan, penagarria iruditzen zitzaidan ahots kirrinkari batez, galdetzen nuen ea nork sartu zuen hura nire poltsikoan. Inork jarri ez zuenez, inork ez zuen esaten bera izan zenik, eta batez ere, inork ez zuen jaramon handiegirik egiten. Neronek baino ez nuen komentariorik egiten. Ni seguru nengoen nire zamarraren poltsikoan zigarretarik ez zegoela etxetik atera nintzenean. Beraz, horrek esan nahi zuen norbaitek ezkutuka sartu zidala. Orduan behin eta berriz esaten nuen ez nuela ezer ulertzen, hori esatea aski balitz bezala sainete hura neronek asmatua izan zelako susmoa —neronek asmaturikoa interesgarriarena egiteko besteen aurrean— uxatzeko. Baina ez nintzen interesgarria haientzat. Aditzen zuten, bai, baina gehienez ere “bai, bitxia da” esaten zuten nirekin amultsuen zirenek, eta beste zerbaiti buruz hasten ziren hizketan. Niri iruditzen zitzaidan dilema baten aurrean jartzen nituela, gogaikarria den horietakoa, baina aldi berean izpirituak pizten dituena. Baldin eta, nik esaten nuen bezala, norbaitek sartu bazidan zigarreta poltsikoan, galdera zen: zergatik? Zer interesarekin? Antzerkia bukatzeko, bizkarrak harrotzen nituen, indiferentzia faltsu batez, eta tira, esaten nuen, zigarreta han zegoenez, erre egin beharko nuela. Eta erre egiten nuen. Baina harrituta eta zapuztuta geratzen nintzen, ematen zuelako besteen begietara erretzaile baten ohiko keinuak baizik ez zirela gertatu: zigarreta bat atera eta su ematea, alegia haiek denek egiten zutena eta nik ere egin nahi nuena, ausartzen ez banintzen ere. Esan liteke inor ez zela ohartzen bihurrikeria hartaz guztiaz, zeinaren arabera nik esan nahi bainuen erretzen nuela, baina aldi berean, erretzen banuen, zirkunstantzia guztiz bereziengatik erretzen nuela; alegia, erakutsi nahi nuen hura ez zela nire aukera bat (beldur bainintzen horregatik burla egingo zidatela, egiatan inori halakorik burutik pasatzen ez zitzaion arren), baizik eta misterio bati lotutako behar bat. Baina inork ez zion erreparatzen zirku txiki horri.
Emmanuel Carrère, Etsaia, Jon Alonso itzultzaile
