Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Errekaren joana, denboraren joana

Errekaren joana, denboraren joana

Markos Zapiain 2024/02/25 12:57

Hurrengo adibideei esker argiago ikusiko dugu, menturaz, azaleko eta sakoneko gramatikak ez bereiztea dagoela hizkuntza-jokoak nahastearen eta hainbat auzi filosofikoren oinarrian. “Txoria hegan doa”, diogu, eta “denbora hegan doa”; “uraren joanak enborra hurbilduko digu”, eta “denboraren joanak etorkizuna hurbilduko digu”. “Hegan” hitzaren adierazpenak berdin dabiltza lehenbiziko bikotearen azaleko gramatikan; “joan” hitzaren adierazpenak berdin dabiltza bikote bien azaleko gramatiketan.

Desberdinak dituzte, haatik, sakoneko gramatikak. Eta arazo filosofikoa sortzen da denbora errekarekin ohartzeke identifikatzeak pentsarazten digunean etorkizuna pixkanaka orainaldira hurbiltzen ari zaigula, halako batean etorkizunak eta orainak bat egingo dutela, eta ondoren iraganerantz joango dela, errekako ura goitik guregana gerturatu, gero une batez gure parean egon eta azkenik beherantz hartzen duen bezala.

Hizkuntzak dakartzan gisako analogien izaera metaforikoa kontuan ez hartzeko joera izan du filosofoak. Eguneroko hizkuntza-jokoetan arazorik gabe dabiltzan hitzak —“denbora”, “izaki”, “ulertu”...—, metafisikak oporretara eraman eta erdi ergeldurik gaudenean lau liburuki mardul idazten ditugu “Denboraren esentziaz”, edota bizitzako lau bosturteko alferrik galtzen ditugu geure burua eta bazterrak nahasten “Zergatik dago zerbait eta ez ezer ez?” galderari bueltak eta bueltak emanez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.