Erlijioa definitzeko zailtasunak
Oso zaila da erlijioa zehazki definitzea. Mutur bi dauzkagu hemen, Kanten antinomia gisa erabil ditzakegunak:
1-GUZTIA ERLIJIO
Autore batzuentzat ia guztia da erlijio, edo erlijiotik dator. Susmo hori Hegelek eta Nietzschek zabaldu zuten; Nietzschek Frantziako Iraultzan, sozialismoan, anarkismoan, giza eskubideetan, zientzian, gramatikan, eta abar, erlijioa ikusten baitzuen, erlijioaren metamorfosiak, erlijio izateari uzten ez ziotenak.
Yuval Harariren ustez, orobat, erlijioa ez da soilik normalean erlijiotzat jotzen duguna, baizik halaber liberalismoa, giza eskubideak, komunismoa, algoritmoak.
Joxe Azurmendik ere edonon ikusten du erlijioa: zalantzan jartzen du gure inguruko politika benetan profanoa ote den; uste duenez, “laizismoa, gaur askotan suposatu ohi den bezala gutxienez, Estatuaren eta politikaren teologia kamuflatu batean egoten da oinarritua”. Joko Olinpikoei ere, edo Chirac presidentearen haserreari futbol partida batean himno frantsesa jo eta jendeak txistu eta oihu egiten diolarik, kutsu erlijiosoa sumatzen die. Ez du ulertzen zergatik jotzen den erlijiosotzat eskola frankistan gurutzea jarri beharra, eta ez gaur egun udaletan bandera espainola eta erregearen irudia derrigorrez jarri beharra. Ministroek eta epaileek Estatuari egin behar dioten zina ere erlijiosoa zaio. Uste dut Azurmendik serie hau ere zeharo erlijioso ikusiko lukeela: misiolaria, laikotasunaren berri ona zabaltzen.
2-EZ DAGO ERLIJIORIK
Beste muturrean, Peter Sloterdijk dugu, Rajneesh edo Oshoren eraginpean: ez dago erlijiorik. Hori erakusteko, “Zientziologia” erlijio berria nola sortu den azaldu du. Zientzia fikzioa idazten zuen amerikano batek niaren teknologia batzuk proposatu eta erlijiotzat hartua izan da azkenean. Alderantziz, Joko Olinpiko berrien asmatzaileak erlijio berri bat nahi zuen, Greziako Joko Olinpikoak erlijiosoak baitziren, baina ez du lortu. Erlijio izan nahi ez zuena erlijiotzat hartzen da, eta erlijio izan nahi zuenari edozein kutsu erlijioso kendu zaio. Beraz, zorrozki hitz egitera, ez dago erlijioa zer den zehazterik.
ERLIJIOAREN DEFINIZIO POSIBLE BAT
Ez da harritzekoa erlijioari dagokionez definizio bakar bat adostetik hain urruti egotea: Nietzsche, Durkheim, Mircea Eliade... adituak ez datoz bat. Askok diote budismoa ez dela erlijio bat, ez baitu Jainko transzendenterik. Gizaki bat da beneratzen dena, Buda Sakiamuni, taoismoan Lao Tzu, konfuzianismoan Konfuzio. Gizakiak dira, ez dago transzendentziarik. Are, badira erlijio ateoak ere, hala nola jainismoa, Indian bost bat milioi lagunek praktikatua. Besteak beste, Kundakunda filosofo jainista handiaren obratik ondorioztatu dute adituek erlijio ateoa dela.
Idazki-serie honetan “erlijio” esatean Nietzsche, Durkheim, Comte-Sponvilleren definizioen araberako zerbait izango dut gogoan: giza talde batek partekatzen duen sinesmen multzo bat, haraindikoari garrantzi handiagoa ematen diona honaindikoari baino, beste munduari mundu honi baino, arimari gorputzari baino. Erlijioak elkartzen duen taldeak errituen bidez dakartza bizitza errealera sinesmen horiek.
Nietzschek uste du ametsa erabakigarria izan zela beste munduaren eta arimaren ideien sorreran. Badoa ibilian erdi zimino erdi gizakiek osaturiko talde nomada, eta kide bat hiltzen da. Taldekideek gorputza usteltzen ikusten dute. Handik aste betera, taldekide baten ametsean agertzen da, hizketan, bizirik. Ondorioa: “hildakoa beste mundu batean dago; gorputz materiala usteldu den arren, bere izpiritua bizirik dago han, haraindian”.