Erlijioa behar bezala irakasteko
Elizak ez du Filosofia maite. Nahiago du Hitler. Honen “Mein Kampf” ez bezala, indexean jarri zituen Voltaire, Unamuno, Bergson, Sartre. Ildo berean, Benediktok Filosofiaren aurkako eraso basatiak egin izan ditu. Esaterako, “Fedea eta etorkizuna” liburuan txalotu egiten du hainbat adituren iritziz XX. mendeko Filosofia libururik garrantzitsuena izan den Wittgensteinen “Tractatus logico-philosophicus” (Txelisek euskaratu zigun) ez argitaratzeko erabakia. Ideiei bizia ukatze horrek Von Ficker editorearen “sen fina” frogatuko luke (“Fe y futuro", Desclée, 75 or.). Elizaren ohitura zaharra duzu Tractatusa bezalako idazki sakonak jaio baino lehen lurperatzea edo lurperatu ahal ez izana deitoratzea.
Ordea, zentzu triste batean Darth Vader Benediktok bat egiten du Tractatusaren espirituarekin: biak dira fededun monoteistak, munduaz mintzatzeko orduan hizkera bakar bat onartzen dute biek, Benediktok kristaua eta Tractatusak natur zientzia. Benediktok gainerako hizkerei goitik behera begiratzen die, eta Tractatusak isilarazi nahi lituzke.
Baina Wittgensteinek bigarren liburu erabakigarri bat idatzi zuen, “Ikerketa filosofikoak”. Bertan hizkuntza-jolasez mintzo da eta ez du ezein hizkuntza ipintzen ororen gailen. Horrek behar luke hain zuzen Erlijioaren irakaskuntzaren oinarri filosofikoa.
Hizkuntza-jolasak dauden moduan badira hainbat erlijio-jolas, zein bere ariketa, bide eta xedeekin; soilik ergelkeria gaizto eta fanatikoak ipin lezake, Ratzingerrek bezala, erlijio-jolas jakin bat besteen gainetik.
Bai erlijioak eta bai Heziketa, eta zehazki Erlijioaren hezkuntza, Aita Sainduaren, Apezpikuen Batzarraren eta teologoen atzaparretatik babestu behar dira, ez baitituzte aski serio hartzen.
Horrela, DBHn eta Batxilergoan ez litzateke katekesi mozorrotu bat eskainiko, baizik ikasleak taldeka hartu eta ikasturtean lauzpabost aldiz Barriara, meskitaren edo aterpetxe egokiren batera edo Arantzazura eraman eta bertan aste oso bat egonarazi.
Aste bakoitzean erlijio-jolas horietako bakoitzaren praktika ezagutu eta bizi egingo lukete: adibidez, lehenbiziko astean, sufismoa: oinarri teoriko eta historikoa sarrera gisa eta gero guztiak dantzara. Baina serio: ardoa edan eta jira eta bira dantzan zazpi orduz segidan, Allah Guztiz Maitearekin bat egin arte, Allah Ekber.
Hurrengo astean Zen eta meditazioa; aste osoa isili-isilik, baita otorduetan ere. Eta, loto jarreraz eserita, edo pasieran, edo ohean, arnasa hartzean zure buruari hauxe galdetu: “zer soinu ateratzen du eskuek elkar topatzen ez duten txaloak?”; eta arnasa botatzean adimen eta gogo osoz ahaleginduz erantzuna bilatu. Arrazoimenaren berezko logikaren zirkuitulaburrak argituko du ikaslea.
Edo kristau tradizioa: aste osoa otoitzean, belauniko, besoak goiti, ezkerreko begia ahal bezain ezkerrera eta gora, eta eskuinekoa halaber ahal bezain eskuinera eta gora eramanez, margolan klasikoetan Jesukristok, Mariak eta Sainduek erakusten duten jarrera. Bide batez esanda, nork bere burua kontzienteki nola definitzen duen sarritan ez da oso garrantzitsua, tradizio kulturalak eragin handia du, eta Joseba Arregi katolikoak bezala Fernando Savater ateoak ere gora begiratu eta arnasa sakonki hartuz eskatzen diote Goi-Argiari laguntza eta etorria.
Beste aste batez,
Carlos Castanedaren liburuetan oinarriturik mundua geldiarazten ikasiko lukete,
belearen ezusteko hegaldia interpretatzen, landareen laguntzaz benetan ikusten, haluzinazioetan beldur barik murgiltzen eta barre-algara
zein izu mistikoa bizitzen. Eta amets egiteko artea.
Azkenik, batxilergoko bigarren mailan, tantrismoa ezagutuko lukete, jainkotiar maitasun fisikoa, txortaldi sakratua, orgasmo ezin luzeagoak gizonak hazia isuri gabe eta andrearen jarioak zakiltxulotik xurgatuz.
Tantra-jakinduriaren hurrengo tanta dena den bitxiagoa egingo litzaieke beharbada, galdetu behar: soilik andreak hilekoa duenean egin behar omen da larrutan, eta gero odola eta hazia nahastu eta norberaren azalean eta aurpegian jarri eta igurtzi. Horixe omen da Jainkoarengana igotzeko biderik zuzenena eta aldi berean kutisa kutsaduratik eta aldaketa klimatikotik babesteko jarduerarik eragingarriena.
Joseba Arregik argitu dit arnasa hartzeko bere modua Savaterren eragina baino lehenagokoa dela. Gaztea zela, Alemanian eta Suitzan oso bakarrik ibili zen. Orduan, giza harremanen bila, abesbatza batean sartzeko aholkatu zioten. Zuzendariak ondo abesteko arnasa diafragmaren bidez hartzen erakutsi zion. Eta orduz geroztik noizbehinka koruan abestu beharko balu bezala hartzen du arnasa, baita solasaldiaren beroan ere. Bestalde, testuan Arregi “katoliko” dela esan dut, horrela definitzen baitzuen arestian bere burua. Baina gaur egun kristau ote den ere ez omen daki ziur.