Erakundea eta fedea
Elizaren sorrerari buruz badira besteak beste ikuspuntu desberdin bi: batetik, San Pauloren etsaiena, Nietzsche eta Onfray.
Nietzscherentzat Jesus saindu anarkista antzeko bat da, sentibera, ahula, munduak min ematen baitio, eta mundutik ihesi Aitaren Erresuman, hots, bere baitan, bildu eta babestu egiten da. Jesusek ez du ezein antolakuntzarekin inongo zerikusirik, Eliza guztiz arrotza zaio. San Paulok sortu zuen Eliza, Jesusen mezua traizionatu eta bizitzaren aurkako bere fanatismoak bultzatuta. Elizak oinarri-oinarrian ukatzen du Jesusen doktrina. Wittgenstein bat dator ikuspuntu horrekin.
Onfrayrentzat, berriz, Jesus asmaturiko pertsonaia literario bat da, ez du existentzia historikorik. San Paulok bazekien arrakasta lortzekotan kristautasuna Estatu erlijio ofizial bilakatu beharko zuela. Halatan, Konstantino kriminal eroaren esku jarri zuen, ukitu batzuk emanez: adibidez, erromatarrek irrika handiagoz jazarri zuten Jesus juduek baino eta erantzukizun handiagoa izan zuten Haren gurutziltzatzean. Baina Ebanjelioetan erru nagusia juduei leporatuko zaie. Hori izan zen kristautasuna Inperioaren erlijio ofizial bilakatu ahal izateko gezurretako bat, antisemitismoa abiarazi eta Shoah delakoak burutuko zuen gezurra.
Baina San Paulok miresleak ere baditu, hala nola Kojève eta Zizek marxistak. Hauentzat askoz ere interesgarriagoa da San Paulo Jesus baino, garrantzitsua batez ere Erakundea baita, ez norbanakoaren arimaren gorabeherak. San Pauloren jenio handiak Elizaren Unibertsaltasuna asmatu zuen, etorri beharko lukeen Estatu politikan Unibertsal eta ekonomian Homogeneoaren aitzindari.
Bestalde, norbanakoaren arimaren gorabeherak eta fedea baino garrantzitsuagoa da, Kojèverentzat zein Zizekentzat, erritua.
“Agertu zara
Igandean mezara? Bete dituzu aginduak?” Horiek dira funtsezko galderak. Eta ez,
“zer moduz zure harreman intimoa Jainkoarekin?” Hori batere interesik gabeko txutxu-mutxu
pribatua da.
Erlijio askotan nabari da barrualdeari muzin egin eta Erakundea eta erritua lehenesteko joera hori. Badira errabinoak zure zalantza teologiko-sentimentalen berri ematen diezunean berehala pikutara bidaltzen zaituztenak: “utzi bakean, gogaikarri ez bestea! Gorde Sabath eguna eta kito!”
Jokabide objektiboak balio du, ez zer darabilzun barruan: esaterako, Niels Böhr Fisikako Nobel Sari judu ospetsuak zaldi ferra bat zuen etxeko atean. Bisitari batek galdetu zion “nolatan ferra hori, uste bainuen ez zenuela esoterikeria horietan sinesten”. “Ez, egia da, ez dut sinesten, baina esan didate horrek zorte ona dakarkizula nahiz eta ez sinetsi”.
Era berean, badira Nepalen otoitz egiteko gurpiltxo batzuk. Zuk bat martxan jarri eta biraka dabilen denbora osoan objektiboki errezatzen ari zara, eta horrela bien bitartean imajinaziorik lizunenak erabil ditzakezu bekaturik batere egiteke.