Emergentismoaren emankortasuna
Emergentismoa da gaur egungo pentsamendu filosofiko eta zientifikoaren joera emankorrenetako bat. Gero eta argiago ikusten da maila berriak sortzen direla errealitatean, aurreko mailan ez zeuden ezaugarriekin, baina naturaz gaindiko printzipiorik sartu beharrik gabe. Zientziak gero eta hobeto azaltzen du nola sortzen diren ustekabeko egitura konplexuak elementu sinpleagoen elkarreraginetatik. AAri galdetu eta dozenaka adibide jartzen dizkizu. Ulergarriak zaizkidan batzuk ekarriko ditut hona, hasi berrientzako antologia bat.
Fisikan: iman baten eraginpean, partikula magnetiko mikroskopikoz osatutako fluidoak egitura ikusgarriak sortzen ditu. Ez dago partikula bakar batean egitura osoa azaltzen duen formarik. Egitura hori partikulen eta eremu magnetikoaren elkarreraginetik sortzen da. Era berean, tenperatura jakin batetik behera, material batek propietate kolektibo berriak hartzen ditu; eta propietate horiek ez dira bakarrik atomo isolatu baten ezaugarri proportzionalki handiagoak; kualitatez ere aldatzen dira.
Philip W. Andersonek 1972an argitaratu “More Is Different” artikulu ospetsuan formulatu zuen ideia nagusia: osotasunaren portaera ezin da beti osagaien portaera isolatutik zuzenean ondorioztatu. Andersonek ez zuen fisikaren legeen balioa ukatu, baina garbi utzi zuen konplexutasun-mailan gora jo ahala, antolakuntza-printzipio berriak ageri direla.
Ekosistema: oihana ez da soilik zuhaitz bakoitzaren propietateen gehiketa. Alexander von Humboldtek aspaldi ikusi zuenez, lurzoruaren, mikroorganismoen, landareen, animalien eta klimaren elkarreraginek sortzen dituzte sistema osoaren ezaugarriak. Natura ez da izaki independenteen bilduma, erlazioen sistema bat baizik.
Adibide bereziki argia dira bakterioen biogeruzak, "biofilmak" ere deituak. "Teknopolis"eko adituek bakterioen bizilekuari buruzko erreportaje batean erakutsi dutenez ("erreportaia" esaten zen argitaratu zuten garaian), bakterioak batzuetan gainazaletan itsatsi, finkatu eta kolonia egituratuak sortzen dituzte, komunitate trinkoak. Halakoetan, bereziki ekoitzitako matrize babesleen barruan bizi dira. "Libre" deituriko bakterio isolatuek ez dituzten propietateak hartzen ditu orduan komunitateak: baliabideen erabilera kolektiboa, lankidetza eta mikrobioen aurkako substantziekiko tolerantzia handiagoa.
Humboldt ez zen emergentista gaur egungo zentzuan, baina naturari buruzko haren kontzepzio erlazionala ederto baten uztartzen da ekologia sistemikoarekin.
Biologia ebolutiboari dagokionez, emergentziaren adibide ikusgarria dira arabazozoen multzo handiek airean osatzen dituzten figurak. Hegazti bakoitzak ingurukoen mugimenduei erantzuten die, baina ez dago multzo osoaren forma erabakitzen duen zuzendari zentralik. Antzeko prozesuak ageri dira inurrien kolonietan, arrain-sardetan eta bakterioen komunitateetan. Inurri bakoitzaren jarduera sinple zurrunetik sortzen da koloniaren portaera moldakorra. Arabazozoen kasuan bezala, inurrien kolonietako antolakuntza konplexuak ez du aginte zentralik behar. Deszentralizazioaren alde ageri da sarritan natura, jakobinismoak baino indartsuagoak baititu abantaila ebolutiboa eta eraginkortasuna.
Neurozientzia: garuneko neurona isolatu batek ez du oroimen autobiografikorik, ezta norberaren identitatearen kontzientziarik ere. Baina neurona-sareen jarduera koordinatutik oroimena, arreta, erabakiak eta kontzientziarekin lotutako prozesuak sortzen dira. Horri dagokionez, bat datoz Antonio Damasio eta Stanislas Dehaene.
Laburregi: Damasiorentzat, nia eta kontzientzia oinarritzen dira organismoaren, garunaren eta gorputzaren arteko harreman dinamikoetan. Dehaeneren “global neuronal workspace” edo lantoki neuronal globalaren teoriak proposatzen du informazioa kontzienteki eskuragarri bilakatzen dela garuneko sare zabaletan hedatzen denean.
Gizartea: auto-ilara bat sor daiteke istripurik edo kanpoko oztoporik gabe, gidariek elkarri erantzuteko duten moduarengatik. Gidari bakar batek ez du auto-ilara erabakitzen, baina guztien portaerak fenomeno kolektiboa sortzen du.
Ekonomian, Friedrich Hayekek merkatuaren ordena espontaneoa nabarmendu zuen; Thomas Schellingek, berriz, erakutsi zuen norbanakoen lehentasun ahuletik segregazio espazial handia sor daitekeela.
Gizarte-zientzietan ere, hortaz, emergentismoak erakusten du ondorio kolektiboak ezin direla zuzenean ondorioztatu banako bakoitzaren asmoetatik. Hori bai, onartu beharra dago ez direla, Juan Manuel Garcia-Ruizen egitura material bizigabeak bezala, autoantolakuntza espontaneoaren emaitza, zeren beren arauak, botere-harremanak eta historiak baitituzte.
