Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Emergentismoa eta hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremana

Emergentismoa eta hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremana

Markos Zapiain 2026/11/04 14:34

Mitxelenak azaldu zuen Popperrek hiru mundu bereizten dituela: lehenbizikoan  gauza eta egoera fisikoak daude; bigarrenean, esperientzia subjektiboak eta egoera mentalak; eta hirugarrenean, ezagutza objektiboaren edukiak, teoriak, problemak, argumentuak, hizkuntzan mamituriko sorkuntzak.

Gizakiek sortzen dute hirugarren mundu hori, baina gero autonomia erlatiboa hartzen du: matematikari bakar batek ere ez ditu aurreikusi, berak asmatu teoriatik eratorririko ondorio guztiak. Eta horrek badu emergentismoarekin lotura: beheko mailatik dator goikoa, baina goiko mailak berezko egitura eta problemak garatzen ditu, eta ondoren beheko mailan eragin dezake. Horri deritzo “downward causation”, edo beheranzko kausalitatea.

Ez ote ditu horrek biltzen Garcia-Ruiz, Sverker Johansson eta Popper? Garcia-Ruizen ustez, materia bizigabean sortzen dira biziaren baldintzak; Sverker Johanssonenean, eboluzio biologiko eta sozialetik sortzen da hizkuntza; eta Popperren esanetan, jarduera mental eta linguistikotik sortzen da ezagutza objektiboaren mundua.

Luzea da hemen ageri zaigun katea: materia fisiko-kimikotik letozke autoantolakuntza eta egitura konplexuak, eta hortik bizia; bizitik, metabolismoa, ugalketa, eboluzioa; eboluziotik, gogoa eta kontzientzia; gogotik, pertzepzioa, memoria eta asmoak; pertzepzioak, memoriak eta asmoak dakartzate hizkuntza eta kultura; azkenik, hizkuntzak eta kulturak ematen dizkigute sinboloak, arauak eta esanahi eta zentzu partekatuak. Eta azken katebegi horretatik dator Popperren hirugarren mundua; hots, teoriak, argumentuak, ezagutza objektiboa.

Eskema sinple bat da hori, noski, ez eboluzioaren sekuentzia zientifikoa. Eta, dena den, azpimarratu beharrekoa da katebegien eta mailen arteko eraginak bi noranzkoetan gerta daitezkeela.

Kate horren abantaila: materialismoa onartzeko ez gaitu behartzen errealitatearen maila guztiak fisikara murriztera. Eta hemen sumatzen da Humboldt, Popper eta Mitxelena elkarrengana hurbiltzeko bidea: Humboldten energeia kontzeptuak jarduera sortzaile gisa ulertzen du hizkuntza; Popperren hirugarren munduak, berriz, sorkuntza horren emaitzek sortzaileengandik autonomia erlatiboa hartzen dutela erakusten du; eta, testuinguru horretan, ez dirudi ezinezkoa Mitxelenaren hizkuntzaren filosofiaren interpretazio emergentista bat, Humboldten eta Popperren teoriak elkarren osagarri eta azken batean bateragarri izan bailitezke.

Noranzko biak dauzkagu hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanean ere: hizkuntza giza garunaren eta jendartearen jardueratik sortutako propietate emergentea baldin bada, ez al da hizkuntza bera, behin eraturik, giza pentsamendua eraldatzen duen indar kausal berri bat?

Hizkuntzak kognizioan duen eraginaren ikerketek ikuspuntu zahar hori berpiztu eta sendotu dute, eta erakutsi ezen emergentismoak ez lukeela soilik hizkuntzaren sorrera azalduko: hizkuntzak gizakia nola eratzen duen argitzen lagunduko luke orobat. Eta hor, hain zuzen, Humboldten eta Azurmendiren intuizio filosofikoek gaurkotasun nabarmena hartuko lukete.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.