Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Egonezina kulturan: laburpena

Egonezina kulturan: laburpena

Markos Zapiain 2010/07/23 09:13

1-BEHAR ERLIJIOSOAREN JATORRIA: LARRIDURA ETA BABES-BEHARRA

Freuden lagun Romain Rollanden ustez, erlijio ororen jatorria sentimendu ozeanikoa da, munduarekin bat zareneko sentimendua. Freud ez dator bat.

Freudek dioenez, guretzat ez dago ezer niaren sentimendua bezain ziurra, beregain agertzen baitzaigu, batua, beste guztitik ondo bereizia. Dena den, itxura hori lilurabide hutsa da: nia barrurantz luzatzen da, muga garbirik gabe, gune animiko inkontziente baterantz, ZERA-rantz. Zera basati honen erakusleihoa litzateke, besteak beste, nia.

Aldiz, kanpokoarekiko muga ongi zedarritua dago, maitasunaren gorenean izan ezik, maitaleak eta maiteak bat egiten baitute, eta zenbait egoera patologikotan (adibidez eskizofrenian).

-NIA ETA KANPOKO MUNDUA BEREIZTEN IKASIZ

Hasieran, titiko umeak ez ditu nia eta kanpoko mundua bereizten. Geldika-geldika ikasiko du. Bere gorputzeko atalak ez bezala, amaren bularra ez dauka beti eskura; erakartzekotan, beharrezkoa du negar edo garrasi egitea; gero, sentsazio desatsegin eta mingarriak kanpoko munduari leporatuko dizkio, kanpotiko erasotzat hartuko ditu, eta plazer hutsezko ni bat eratuko du, kanpoalde arrotz eta mehatxari bati kontrajarririk.

Baina bereizketa hau faltsua da, batzuetan kanpoko munduak eragiten baitu gozamena, eta norberaren gorputzak, berriz, sufrimendua. Pixkanaka ikasten dugu bereizten barrukoa eta kanpotik datorkiguna, gure menpean ez dagoena. Horrela egiten dugu lehenbiziko urratsa errealitate-printzipioa ezartze aldera. Gainera, bereizketa horrek nork bere burua sentsazio desatseginetatik  babestea ahalbidetzen du.

Hasiera batean, hortaz, niak barnebiltzen du guztia, eta gero progresiboki ni horretatik kanpoko mundua bereizten dugu.

Baliteke jatorrizko sentimendu hori, ni inklusibo baten sentimendua, helduaroan ere helduaroari dagokion niaren sentimenduarekin batera nolabait irautea. Horrek azalduko luke sentimendu ozeanikoaren jatorria. Erromako hirian ere, eraikuntza berriak antzinakoak derrigorrez suntsitu behar izan gabe altxatu dira. Antzinakoek hondakin gisa diraute. Era bertsuan gertatuko litzateke giza ariman.

Freuden ustez, aitaren babesa du haurrak behar handiena. Erlijio-beharren kausak, oroz lehen, haurtzaroko desbabes sentimendua eta aitarenganako jorana dira; sentimendu eta joran horiek, gerora, patuaren ahalaren aurreko larridurak ordeztuko ditu. Freudentzat, ondorioz, sentimendu ozeanikoak ez du lehen mailako garrantzirik, soilik bigarren aldi batean lotuko litzaioke erlijioari; zeren osotasunarekin bat egitea ez baita arriskua ukatzeko bideetako bat baizik, eta niak mehatxu hori kanpoko mundutik datorkiola sentitzen du.

Oharra:  diotenez, yoga bezalako jarduerek norberarengan unibertsaltasun-sentimenduak piztea ahalbidetzen dute, antzina-antzinako egoerak liratekeenak. Oinarri fisiologiko bat emango liekete hainbat jakinduria mistikori.

2-BIZITZAK DAKARKIGUN MINAREN AURREKO JOKABIDEAK

Gogorregia zaigu bizitza. Jasan ahal izateko, hiru erremedio mota erabiltzen dugu:

1-dibertimendu indartsuak, gure miseriari garrantzi handirik ez emateko eta ahazteko (lorategia zaintzea, jarduera zientifikoa)

2-miseria gutxitzen duten ordezko asebetetzeak (artea)

3-narkotikoak eta drogak, gure miseriaren eta oinazearen aurrean sorgortzen gaituztenak

Ez dugu bizitzaren helburua ezagutzen. Helbururik ote duen ere galde liteke. Bizitzaren balizko helburuari buruzko galderari erlijioak baizik ezin dio erantzun: bizitzaren helburu baten ideiak erlijio-sistemarekin batera irauten du eta hondoratzen da.

Gizakiek zoriona nahi dute; helburu horrek alde bi ditu, bata positiboa, gozamenezko une sakonak bizitzea, eta bestea negatiboa, oinazerik ez pairatzea. Gizakien jarduera bi norabide horietan gauzatzen da.

Atsegin-printzipioak bizitzaren helburua aurkezten du eta arimaren funtzionamendua menperatzen du. Helburu baten arabera dabil, baina ez zaio munduari ondo egokitzen (aldi berean kanpoko munduari, makrokosmosari, eta gizakiari, mikrokosmosari). Ez da gauzagarria.  Zoriona gure egiturak berak mugatzen du, zorionak ezin baitu gure baitan iraun: soilik goza dezakegu bortizki, kontrastean datorkiguna.

Hiru aldetatik egiten digu mehatxu sufrimenduak, iturburuaren arabera:

1-gorputzetik, usteltzera kondenatua baita, eta ezin baitu mina baztertu, alarma-zeinu den heinean

2-kanpoko mundutik

3-besteengandik (hauxe da ziur aski mingarriena zaigun mehatxua)

Mehatxu hauen presiopean, moderatu egiten dute gizakiek beren zorion-irrika, atsegin-printzipioa egokitu egiten diote errealitate-printzipioari: zure burua zoriontsutzat duzu oinazeari ihes egin izanagatik hutsagatik, oinazetik ihesak (helburu negatiboa) bigarren mailara zokoratzen du gozamenaren bilatzea (helburu positiboa).

Helburu hauek lortzea ahalbidetzen duten hainbat bide aholkatu dizkigute jakinduria- eskolek, eta gizaki arruntok geureganatu:

-espontaneotasuna: irrika guztien asetze mugagabea; tentagarriena da, baina gozamena zuhurtziaren gainetik jartzea dakar, eta hori zigortua izaten da praktika labur baten ostean

-errealitateari eragitea: natura mehatxariari aurre egitea, teknikaren eta zientziaren bitartez

-errealitatearen gaineko norberaren ikuskerari eragitea (mundua berregin nahi izatea):

1-paranoia: mundu guztiari eragiten dio, maila desberdinetan: munduko alde jasangaitz bat zuzentzen du

2-erlijioak masen eldarnio horien artean daude, errealitatearen birmoldatzeak baitira. Erlijioak askatasuna hausten du, bere bidera formateatu nahi du jende guztia. Bere metodoa: bizitzaren balioa gutxitzea, mundu errealaren irudia eldarnioz itxuraldatzea (eta horrek aldez aurretik adimena larderiatu izana eskatzen du). Halatan, neurosi ugari aurrezten ditu, baina hori da guztia.

-nork bere buruari eragitea:

1-sentimen-aparatuari eragitea: toxikatze kimikoa: drogek sentimen-aparatuari eragiten diote: onurekin batera dakartzate kalteak.

2-beharraren iturri intimoari eragitea, prozesu animiko jakin batzuen bidez. Muturreko kasua, bulkaden hiltzea, ekialdeko jakintsuen artean bezala, yogan besteak beste. Helburua, atsedenaren zoriona litzateke.

3-bide berdina, baina moteldua: goiko gune psikikoek menperatzea bulkadak. Goiko gune horiek errealitate-printzipioaren menpe daude: asetze nahia ez dago baztertua eta bulkaden inhibizioak oinazetik babesten gaitu. Ordea, honek gozatzeko aukera apaltzen du, zeren bulkada basati bat asetzean askoz ere handiagoa baita gozamena menpean harturiko bulkada baten asetzean baino. Honek azalduko luke gaizkilearenganako erakarmena, tratu txarren emailearenganakoa, mutiko gaiztoarenganakoa, emakumeen aldetik.

-lana (inbestitze pultsionala, sublimazioa)

1-libidoaren lekualdatzea, sexutik lanera: bulkaden helburuen lekualdatzea, lan psikiko batera, intelektuala edo artistikoa, kanpoko munduaren menpe ez dagoena. Ordea, asebetetze hauen intentsitatea txikia da gozamen primarioen aldean; areago, estrategia hau soilik gutxiengo batek erabil lezake, ahalmen bereziak eskatzen baititu; azkenik, ez gaitu zeharo babesten oinazearen aurrean (adibidez, gorputzetik datozkigun oinazeen aurrean).  Halako ahalmen berezirik ez dagoenean lanak zeregin berdina bete lezake, betiko lan arruntak. Lanak norberaren existentzia gizartearen baitan bidera eta zuri lezake, eta norberaren libidoa gizarterantz lekualdatzea. Edozelan ere, gizakiak ez du gehiegi erabili izan lana zorionbide gisa; hortik datoz gizarte arazoak.

-Objektuaren aukera (begiradaren norabidea):

1-errealitateari ezikusia egin, besteengandik bakartu (eremutarra).

2-maitasunean murgilduta bizi; arazoa: maiteak alde egitea, hiltzea.

3-edertasunaz gozatuz bizi, giza edertasuna, edo naturarena, artistikoa, zientifikoa. Honek ia ez gaitu sufrimendutik babesten, baina kalte-ordainketa ganorazko bat izan liteke. Halatan, arteari loturiko plazera: arte-obretan gozamena bilatzeak kanpoko mundutik independizatu nahia adierazten du. Baina artea gozamen eta kontsolamendu bada ere, ahula da eragiten duen gozamena eta kontsolamendua.

ONDORIOZ: ez dago konponbide unibertsalik: bakoitzak bere kasuari egokituriko soluzioa bilatu behar du. Batez ere erotikoa den gizakiak beste gizakiekiko sentimendu-harremanak jarri behar izaten ditu beste edozeren gainetik; gizaki nartzisistak berriz barne prozesu animikoetan bilatzen ditu funtsezko asetze eta gozamenak; eta ekintza-gizakiak azkenik ez du kanpoko mundua baztertzen, honen gain asaska baitezake bere indarra.

 

3-ZER DA KULTURA?

Esan bezala, hiru dira sufrimendu-iturri nagusiak: natura, gorputza eta gizakiak.

Batzuetan entzuten da kultura dela gure miseriaren erantzule. Ikuspuntu hau harrigarria da, naturaren aurkako babesa baita kultura. Dena den, kulturaren aurkako salaketa hau historiaren bidez uler daiteke:

-Nolabaiteko nahigabea kultur egoera jakin bakoitzaren aurrean. Nahigabe horrek hainbat ondorio ekarri ditu:

1-erlijio bat: kristautasuna, lurreko bizialdia gutxiesten duena

2-ideia bat: basati primitiboak zoriontsu direla dioen tesia

3-gaixotasun bat: neurosia (gizartearen arbuioak eragina)

-aurrerapen teknikoekiko deslilura: aurkitzen baitugu aurrerapen horiek ez direla ez zorionaren baldintza bakarra, ezta kulturaren helburu bakarra ere.

Helburua: kultura horren esentzia zehaztea, zoriona erdiesteko bere ahalmena zalantzan dagoen honetan. Kulturalak dira jarduera eta balio guztiak gizakiari baliagarri zaizkionak natura bere zerbitzura jartzen dutelako edo beste gizakiengandik babesten dutelako (adibidez, suaren erabilera). Halatan, kultura honela defini liteke: “Erakunde eta ohitura guztien batuketa, bi helburu dauzkatenak: gizakia naturatik babestea eta gizakien arteko harremanen arautzea”. Tresnek gure organoak perfekzionatzen dituzte, motoreak eta sentipenezkoak. Jainkoak kultur ideialak dira, gizakientzat helezin den guztiaren jabe dirudite.

Kultura ez da soilik erabilgarritasunagatik kezkatzen, edertasuna ere kultur interesen parte baita. Ordena erabilgarria da. Garbitasuna erabilgarria da, baina erabilgarritasunak ez du zeharo azaltzen garbitasunerako joera. Hortaz, bada beste zerbait jokoan. Baldin giza ekintza orok erabilgarritasuna edo atsegina balu helburu, orduan berdin balio behar luke kultur agerpen ororako (baina hori ez da gertatzen zientzian eta artean baino).

Kulturaren ezaugarri bereizgarria da giza harremanen arautzea, gizabanakoaren indarra komunitatearen indarraz ordeztea baita kultur urratsik erabakigarriena.

Kulturaren garapenak gizabanakoaren askatasunaren murriztea dakar, eta horrek azalduko luke gizaki askoren gorrotoa kulturaren aurka. Kultur prozesua gizabanakoaren garapen libidinalaren antzekoa da. Bulkaden ukoaren gainean dago eraikia kultura; hortik letorke kulturaren aurkako herra. Lehenbiziko inpresioa: kulturak behartze edo hersturaren bidez lortzen du sublimazioa.

Hobe genuke ordea honi buruz luzaroago hausnartzea.

 

4-KULTURAREN JATORRIA ETA BERE BILAKAERA ERABAKITZEN DUTEN FAKTOREAK

Elkarbizitzak lan eta maitasun beharrak ditu oinarri. Maitasuna, batetik, Eros da (gizon-emakumeen artekoa) eta, bestetik, Ananke (ama-haurren artekoa). Plazer genitala da zorionaren eredua, eta plazer horrek beharko du izan zorionaren erreferentzia nagusi. Ordea, jakintsuek bide horren aurkako aholkua ematen dute, menpekotasun handi bat baitakar maitearengana. Gizaki batzuek maitasunaren bidetik aurkitzen dute zoriona, baina horretarako ezinbestekoak dira maitasunaren funtzioaren aldaketa animiko handiak. Gizaki horiek maitearen onarpenetik independente bilakatzen dute beren burua, maitatua izateak duen balio nagusia norberak maitatzera lekualdatuz. Maitea galtzetik bere burua babesten dute, maitasuna gizaki guztiengana bideratuz, adibidez Asisko Frantziskok.

Bi maitasun mota bereizten dira: betiko maitasuna, sentsuala; eta helburuan hertsatutako maitasuna (neba-arreben arteko maitasuna, eta abar), kulturan garrantzitsu bilakatzen dena maitasun genitalari dagozkion hainbat muga gainditzen duelako (adibidez, bere esklusibotasuna). Ordea, maitasuna eta kultura aurkakoak dira: alde batetik, maitasuna kulturaren interesen aurkakoa da; bestetik, kulturak maitasuna mehatxatu egiten du zentzumenen zapalketarekin. Familiaren eta handiagoa den komunitatearen arteko gatazka aurkakotasun horren sintoma bat da. Familia-lotura gogorrek zailtasunak ekartzen dituzte esfera zabalagoan sartzeko; gizarteak zailtasun horien aurka egiten du, nerabezaroko erritoen eta abegi-erritoen bidez, gizabanakoa bere familiatik aska dadin lagungarri. Zailtasun horiek garapen psikikoari eta garapen organikoari lotuta daude.

Emakumeak kultur korrontearen aurka jartzen dira, nahiz emakumeek jarri zituzten beren maitasunaren bidez kulturaren oinarriak. Freudentzat, emakumeek familiaren eta sexu- bizitzaren interesak ordezkatzen dituzte. Lana gizonen kontua da batik bat; sublimazio-betebeharra dakar, eta emakumeari ez zaio interesatzen. Kultur helburuetarako kontsumitzen den libidoa hein handi batean emakumeei eta bizitza sexualari kentzen zaie, arra ia arrotz gertatzen den arte senar eta aita zereginetan. Kulturaren joera sexu-bizitza murriztea da, eta kultur esfera zabaltzea. Kulturak emakumea bigarren mailara baztertzen du eta emakumea kulturaren aurkako gorroto-harreman batean sartzen da.

Lehenbiziko kultura-faseak (totemismoak) intzestu-objektuen debekua dakar; bigarrenean, tabuaren, legearen eta ohituren bidez, bestelako murrizpenak ezartzen dira. Behar ekonomiko bat da: kulturak kontsumitzen duen adinako energia psikikoa erretiratu behar du sexutik. Hemen, kulturak sexualitatearen aurrean  jokatzen du tribu batek bezala, edo gizarte zati batek bezala, beste bat menperatu eta ustiatzen dabilena. Oprimituen altxamenduaren aurreko larridurak bultzatzen ditu aldez aurreko neurri zorrotzak hartzera. Ulergarria da gure kulturak haurtzaroko sexu-bizitzaren adierazpenak debekatzea, bestela ezinezkoa litzateke helduen sexu-desirei eustea eta bridatzea. Ulergarria ez dena da kulturak debeku hori ukatzea.

Maitasun-objektuaren aukera beste sexura murrizten da: gozamen estragenital gehienak debekatuta daude, perbertsiotzat jota. Guztientzako izaera bera lukeen sexu-bizitza baten exijentzia bidegabekeria larri baten iturria da (zeren bai baitadaude desberdintasunak sexu-osaeran, jaiotzezkoak bezala jasotakoak). Hortik, gozamena ukatu zaien gizabanako pilo handia. Neurri murriztaile horien arrakastak lekarke agian libre utzitako bideetan, harreman heterosexualetan, sexu-interes oro brida barik gauzatu ahal izatea. Ordea, maitasun genital heterosexual honek ere jasan behar izaten ditu kulturak sexuari ezartzen dizkion mugek ekarritako galerak. Baina agian sexu funtzioaren esentziak berak dakar ondorioz sublimazioa. Horrek erabateko gozamena ukatzen digu eta bestelako bideetara bultzatzen. Hau errore bat izan liteke, arazo zaila da erabakitzen.

 

5-KULTURA ETA EROS

Kulturak komunitateko kideak libidinalki lotu nahi ditu elkarrekin.

Norbait maitatzeko arrazoi posibleak: sexu-objektu gisa ikusten dugu; edo, “hain antz handia dauka nirekin, berarengan nire burua maite baitezaket”; bestela, “hain da perfektua, hain da ni baino perfektuagoa, berarengan maite baitezaket nire buruaz daukadan ideala”, eta abar.

Baina ez dugu berez inongo interesik arrotza eta estrainioa maitatzeko; absurdoa da lagun hurkoa zeure burua bezala maitatzea, eta batez ere ezinezkoa da. Gizakia otso zaio gizakiari (erasorako joera, gerrak…).

Lan-komunitatearen interesek ez dute gizartearen kohesioa bermatzen, pasiozko bulkadak interes razionalak baino indartsuagoak baitira. Hortaz, beharrezkoa litzateke gizakiek elkar maita dezaten. Horretarako sexu bizitza murriztu beharko litzateke; hortik dator “maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala” aholkua.

Komunismoaren kritika: jabetza ezabatzeak eraso-desira eta eraso-atseginari bere tresnetako bat kentzen dio: ahalmenari eta eraginari lotutako desberdintasunak ordea ez dira gainditzen, ezta erasokortasun horren esentzia ere (jabetza pribatua ez da jatorrian zintzoa litzatekeen giza natura gaiztotzearen ondorio).

Kultura razionalizatu nahiko genuke, zoriontsuago bilaka gaitzan, baina agian onartzen joan beharko dugu badirela hainbat zailtasun kulturaren esentziari dagozkionak, berezkoak zaizkionak, eta ez ditugula inongo erreforma-ahaleginen bidez makurraraziko.

 

6-EROS ETA THANATOS

Lehenbiziko ideia: goseak eta maitasunak munduko mekanismoen kohesioa ziurtatzen dute. Batetik, gosea gara (egoismoa, niaren bulkadak), norbanako indibiduala iraunarazi nahi baitu; eta bestetik maitasuna gara (altruismoa, objektuarenganako bulkada), zeinaren funtziorik garrantzitsuena espeziea iraunaraztea baita.

Hasieran, libidoa nork bere buruarengana bideratzen du (nartzisismoa). Gero, libido nartzisista hori objektuarengana zuzentzen da, eta horrela objektu-libido bilakatzen da. Dena den, objektu-libido hori beste noizbait nartziso-libido berbilaka daiteke.

Freudentzat, bulkada guztiak libidinalak diren arren, ez dira espezie berekoak. Erosen joera zabaltzailea da, substantzia bizia gero eta batasun zabalagoetan elkartzeko joera pizten du, giza kultura gero eta hedatuagoak sortzekoa, gizabanakoak libidinalki uztartuz: kultura Erosen zerbitzura dagoen prozesu bat baita.

Aldiz, Erosekin batera beste bulkada batek egon behar du, aurrekoaren kontrakoa, batasun zabal haiek desegiteko joera duena: heriotza-bulkada deitzen dio Freudek, Thanatosen zerbitzura baitago. Bestea suntsitzeko joera du. Ez da ahaztu behar suntsitzea gozamen-iturria izan daitekeela, gozamen nartzisista, haurtzaroko desira sakon bat mamitzen baitu, ahalguztiduntasun-desira hain zuzen.

Hortaz, kultura Erosen zerbitzura dagoen prozesu bat da. Giza jendetzak libidinalki behar dira uztartu, lan-interesa ez baita aski jendetzen kohesioa iraunarazteko. Joera honen aurka bulkada suntsitzailea dago, heriotza-irrika, Thanatosen kimu nagusia. Kulturaren garapena, horrenbestez, bizitzaren aldeko giza espeziearen guduaren araberakoa da.

 

7-SUPERNIA ETA ERRU-SENTIMENDUA

 

NOLA BORROKATZEN DEN KULTURA THANATOSEN AURKA: SUPERNIAREN ERAIKITZEA

Erasorako bulkadak kultura-kohesioaren aurka jotzen du. Baina kulturaren bidez, heziketaren bidez, erasokortasuna barneratu egiten da, introiektatu, kanpoko mundutik nire baitara zuzendu eta bideratu. Giza psikean zera, nia eta supernia bereizten ditu Freudek orain, “bigarren topika” deiturikoan. Supernia niaren aurkako erasoa zuzentzen duen gunea litzateke. Freudek “erru-sentimendu” deritzo superni zorrotzaren eta menpean duen niaren arteko tentsioari; zigor-behar gisa adierazten omen da.

Halatan, kulturak gizabanakoaren erasorako plazer-desira arriskutsua menperatzen du, azken hau ahulduz, armagabetuz eta gizabanakoaren beraren baitan kokatutako gune batek zainduaraziz, armada balitz bezala konkistaturiko herri bat okupatuz.

SUPERNIA, KONTZIENTZIA MORALA ETA ERRU-SENTIMENDUA

Aldaketa handi bat gertatzen da, supernia altxatzearen bitartez autoritatea barneratzen dugunean. Freuden ustez, soilik hori ezarri ondoren mintzatu beharko genuke kontzientzia moralaz eta erru-sentimenduaz.

EPAIKETA MORALEN JATORRIA

Sarritan, gaizkia inolaz ere ez da niari kaltegarri edo arriskutsu zaiona; alderantziz, batzuetan berak desiraturiko zerbait da, atsegina dakarkiona. Horrela, hemen bulkada arraro bat adierazten da; bulkada horrek erabakitzen du zeri deitu behar zaion ongia eta zeri gaizkia. Beharrezkoa da gizakiak zergatiko bat ukan dezan bulkada arrotz horren menpean jartzeko bere burua; zergatiko hori erraza da aurkitzen bere desbabesean eta besteekiko menpekotasunean, eta izendatzeko modurik egokiena “maitasun-galeraren aurreko larridura” litzateke apika. (Baldin bestearen maitasuna galtzen badu, beste horren menpean dagoenez, aldi berean arriskuen kontrako babesa ere galduko du, eta horrenbestez arriskuaren aurrean bakarrik geldituko da. Beste indartsu horrek, zeinaren maitasuna galdu berri baitu, gainera, zigorraren bitartez erakutsiko dio bere nagusitasuna.)

Gaizkia, hortaz, maitasun-galeraz mehatxatzen gaituen horixe bera da; galera horren aurreko larriduragatik saihestu beharra dago gaizkia. Maitasun-galera horren aurreko larridura da gizarte-larridura.

KONTZIENTZIA MORALA ETA PATUAREN ZARTAKOAK

Gizakiari dena ondo doakion bitartean, bere kontzientzia morala ere errukibera da eta niari edozer onartzen dio; aldiz, zoritxar batek jotzen duenean, bere buruaren aurka jotzen du, bere bekatu-egoera onartzen du, abstinentzia ezartzen dio bere buruari eta penitentziaren bidez bere burua zigortzen du. Zoritxarrak buruzigortzea dakar (Israelgo herriak egiten du hori, Jainkoa duela aita) edo fetix bat zigortzea (gizaki primitiboak dagien moduan).

Hau azal liteke kontzientzia moralaren jatorrian eta haurtzaroan oinarrituta, zeinak superniaren kontzientzia moralarekin batera, paraleloki, existitzen jarraitzen baitu: batetik, patuak gurasoak ordezten ditu; bestetik, zoritxar batek esan nahi du jadanik ez gaituztela maite. Zoritxarra datorrenean, makurtu egiten gara patuaren aurrean, damutzen gara (zorioneko ginenean, aitzitik, patuari ez genion jaramonik egiten.)

Kontzientzia morala, hasieran (zehazkiago esatera, gerora kontzientzia morala bilakatuko den larridura) bulkadei eginiko ukoaren kausa da, noski; baina gero harremana alderantzikatu egiten da. Gero, izan ere, bulkadei eginiko uko bakoitza kontzientzia moralaren iturri dinamiko bilakatuko baita. Kontzientzia morala bulkaden ukoaren ondorioa da; edota: kanpotik ezartzen zaigun bulkaden ukoak kontzientzia morala sortzen du, eta honek jarraian uko berri bat eskatuko du: bulkadena berriz ere, baina norberaren baitatik.

ERRU-SENTIMENDUAREN JATORRIA

Autoritatearen aurreko larridurak bulkaden ukoa dakar (autoritate honen maitasuna ez galtzeko). Orduan harekin bakean gelditzen zara, eta erru-sentimendu horrek ez luke iraun behar. Baina superniaren aurreko larridurari dagokionez, gerora sortua (superniak zigorrera bultzatzen baitu) ukoa ez da aski “bakean egoteko”, zeren asmoak (txarto jokatzekoak) irauten baitu eta ezin baita superniaren aurrean disimulatu.

Aitaren aldetiko debekuak ukoa eta erasokortasuna dakar; eta hau ere zapaldu beharra dago. Egoera ekonomiko zail honetatik irteten zara autoritate erasoezina zure baitan onartuz, identifikazioz. Aitaren autoritatea supernia bilakatzen da, erasokortasun honen guztiaren jabe, haurtzaroan aitaren autoritatearen aurka bideratu nahi genuena. Haurraren erasokortasun mendekatzailea aitarengandik datorkion eraso zigortzailearen mailak erabakitzen du. Baina eskarmentuak erakusten du superniaren zorroztasuna haurrak ezagutu duen zorroztasunetik independentea dela (edo ia). Arazo honen soluzioa: beste faktore batzuen eragina (determinazio genetikoa, ingurua).

Laburpena: supernia aitaren luzapena da, aita barneratua (kanpoko autoritatearekiko identifikazioz eratu da), baina bere amorrua haurrarena da, aitaren aurka.

AITAREN HILKETA EZ DAGO ERRU-SENTIMENDUAREN JATORRIAN

Jatorriko damua (aitaren hilketaren ondokoa) aitarenganako sentimenduaren anbibalentziaren emaitza zen, aldi berean baitzen gorrotatua eta maitatua: behin erasokortasunak gorrotoa asebeterik, ekintzaren damuarekin batera maitasuna argitara etorri eta supernia eraiki zuen aitarekiko identifikazioz: aitaren indarraz inbestitu zuen, haren aurkako ekintzaren zigor moduan, eta ekintzaren errepikapena eragozteko arauak sortu zituen.

Ordea, erru-sentimendua ez dator parrizidiotik: Erosen eta Thanatosen arteko borrokaren adierazpena da, anbibalentzia-gatazkarena. Gatazka hau bizitza komunak bizkortzen du. Kulturak ezin ditu gizakiak elkartu ez bada beren erru-sentimenduaren handitzearen bidez, maila ia jasangaitzetara hel daitekeena.

 

8- MORALA, KULTURAREN SUPERNIA

Erru-sentimenduarena da kulturaren garapenaren arazorik garrantzitsuena. Kulturagatik ordaindu beharrekoa zorion-galera bat da, zigorgabetasun-sentimenduaren goratze bat dela eta. Erru-sentimendua larriduraren aldaki topiko bat da, larriduraren lekualdatzea; bere aro berantiarretan, erru-sentimendua bat dator goitik behera superniaren aurreko larridurarekin. Erlijioak gizateria erru-sentimendu horretatik berrerostera, salbatzera datoz. Beraiek “bekatu” deritzote erru-sentimenduari.

Kontzientzia morala superniaren funtzioetako bat da, niaren ekintzak eta helburuak kontrolatzen dituena. Zentsura erabiltzen du. Erru-sentimendua niaren joeren eta superniaren exijentzien arteko tentsioaren hautematea da; superniarekiko loturan, berriz, masokismo forma bat da.

Kronologikoki, hasieran erru-kontzientzia agertzen da, ondoren supernia, gero kontzientzia morala. Erru-kontzientzia kanpoko autoritatearen aurreko larriduraren adierazpena da, niaren eta kanpoko autoritatearen arteko tentsioaren ezagutza, autoritateak maite gaitzan beharraren eta bestelako bulkaden arteko gatazkaren ondorio zuzena. Damua kontzientzia morala baino antzinagokoa izan daiteke. Erasokortasuna soilik bilakatzen da erru- sentimendu, supernira lekualdatua baldin bada; bestela esanda, eraso-bulkadei mugatu beharra dago erru-sentimenduaren agertzea. Ondorioz: baldin bulkada-joera bat zapalketak menperatzen badu, bere osagai libidinalak sintoma bilakatzen dira, eta bere osagai erasokorrak berriz erru-sentimendu.

Gizabanakoaren garapenean, helburu nagusia plazera da; komunitate batean txertatzea ez da bitarteko bat baizik, plazera lortzea helburu. Aitzitik, kultura-prozesuan, helburu nagusia komunitate bat osatzea da, eta bigarren mailara baztertzen da gizabanakoen zoriona. Zorion indibidualerako joerak eta gizateriarekiko loturak, halatan, elkarren aurka borrokatzen dute gizabanako bakoitzaren baitan (egoismoa eta altruismoa). Gizateriak ere supernia sortzen du, kulturaren garapena bultzatzen duena. Gizateriaren “aitak” pertsona eredugarri batzuk dira; baina sarritan, bizirik zirelarik, irainduak eta jipoituak ziren (adibidez, Jesus).

Kulturaren superniak exijentziak dauzka. Gizakien arteko harremanei dagokienez, exijentzia hori etika legez adierazten da. Betidanik eman izan zaio etika horri baliorik handiena, beregandik hain zuzen balentria eta errekor bereziki garrantzitsuak itxarongo bagenitu bezala. Etika ahalegin terapeutiko bat da, superniaren agindu bat erdiesteko saioa. Etikaren xedea kulturaren eragozpenik handiena gainditzea da, alegia, erasorako joera. Ordea, etika zorrotzegia da, gutxiegi arduratzen da niaz: agindua aldarrikatzen du bere buruari galdetu gabe benetan bete ote daitekeen. Agindu ospetsu hau, esaterako, lagun hurkoa maita ezazu zure burua balitz bezala, ezin da bete.

“Naturala” deitutako etikak ez du hemen eskaintzeko ezer, ez baldin bada atsegin nartzisista hau: nork bere burua besteak baino hobeagotzat hartzeko eskubidea. Erlijioan oinarritzen den etikak haraindi baten promesak erabiltzen ditu hemen. Freuden ustez, bertuteak bere saria lur honetan bertan jasotzen ez duen bitartean, etikak alferrik egingo ditu sermoiak.

Gizakiek balio-iritziak beren zorion-beharren arabera taxutzen dituzte beti eta nonahi; halatan, balio-iritzi etiko horiek ahalegin bat dira, beren ilusioak argudioen bidez bermatzeko.  

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.