Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Derrida: egiak zabaltzen dio bidea gezurrari

Derrida: egiak zabaltzen dio bidea gezurrari

Markos Zapiain 2026/05/09 21:06

Kanten eskemaren arabera, egia litzateke hizkuntza arruntaren arau normala; eta gezurra, berriz, arau horren ustiapen parasitoa.

Jacques Derridak “Gezurraren historia: prolegomenoak” liburuan egia/gezurra oposizioaren egitura bera problematizatu du, Kanten jarrera erradikalizatuta. Derridak dioenez, gezurra ezin da definitu proposizio faltsu huts gisa. Gezurtiak, alde batetik, egia jakin behar du (edo zerbait jo behar du egiazkotzat); bestetik, egia hori ezkutatzeko asmoa izan behar du; eta azkenik, solaskidea egia esaten ari zaiola sinetsi, eta solaskideari sinetsarazi egia esaten ari zaiola.

Horregatik, Derridarentzat gezurrak ez du egia ukatzen, ez da egiaren kontrakoa, baizik eta egiari loturiko harreman performatibo berezi bat: egia antzeztu edo simulatu egiten du gezurrak.

Derridarenean, “performatibo” hitzak ez du zehatz-mehatz hizkuntzalaritzan daukan zentzua. “Performatibo” horrekin Derridak adieraziko luke gezurra ez dela soilik errealitatearen deskribapen oker bat (hori “errorea” litzateke). Aitzitik, ekintza da gezurra: gezurtiak egia esateko promesa egiten du, baina aldi berean promesa hori traizionatzen du. Gezurrak ez du mundua deskribatzen; “gertakari” bat sortzen du munduan, engainua. Gezurtiak badaki zein den egia, eta zelakoa, eta gai da hortaz egiaren itxura simulatzeko. Egiaren efektua sortzen du gezurtiak.

Gisa berean, egia eta egia esateko asmoa ere bereizten ditu Derridak. Egia esateko asmoaren kontrakoa da gezurra, ez egiaren kontrakoa. Gezurra esateko, ezinbestekoa da egia esateko asmoa simulatzea. Gezurra ez da soilik informazio okerra, simulazio-ekintza performatiboa baita, solaskidearengan sinesmen-efektu bat sortzea duena xede.  

Eta simulazio horrek darakutsa egia bera ere ez dela agerpen edo presentzia garden hutsa; aldiz, egitura jakin batean txertatua dator, artikulatzen dituena konfiantza, testigantza, eta Derridak “iteragarritasun” deritzona.

Iteragarritasuna: edozein zeinuk bideratzen du errepikatua izateko aukera, baina errepikapen bakoitzak alterazioa dakar nahitaez, eta zentzuaren finkotasuna eragozten du. Askotariko testuingurutan errepikatu behar ahal da zeinua, zeinu izango bada. Eta errepikagarritasun horrek beti irekitzen du desbideratzeko aukera, fikziorakoa, simulaziorakoa eta gezurrerakoa. Gezurra ez da-eta egia ukatzea, egiaz baliatzea baizik.

Kantengandik dator Derrida, baina areago doa. Derridaren esanetan, egia esatea posible baldin bada, orduan gezurra ere posible da; eta egia adierazteak eskatzen duen egiturak egiten du hain zuzen gezurra posible.

Gezurrak egia suposatzen zuen Kantenean, egiaren gainean baino ezin funtziona zezakeen gezurrak; Derridarenean, berriz, egiaren egiturak berak barne hartzen eta bideratzen du gezurraren aukera. Gezurra ez dago egiatik at; egiaren baitan irekitzen den aukera estrukturala da. Noski, Derridak ez dio egia eta gezurra gauza bera direnik; esaten du egia ezin dela ulertu gezurrari zabaltzen dion bidea kontuan hartzeke.

Horregatik interesatzen zaio testigantzaren eta lekukotasunaren arazoa ere. Dioenez, bakarrik gezurtia izan litekeen testigantzari aitortu beharko genioke egiazkotasunaren estatusa. Zeren eta, ezinezkoa balitzaio gezurtia izatea, orduan ez bailitzateke testigantza, froga mekanikoa baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.