Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Depilazio pornografikoa

Depilazio pornografikoa

Markos Zapiain 2010/01/09 10:36

Gaur egungo gazteen erdiak baino gehiagok kontsumitu du pornografia hamahiru urte bete baino lehen; nesken ehuneko berrogeita bostek, mutilen ehuneko berrogeita hemezortzik. Dirudienez, horrek eragina du gerora: gaztearen desiran, bere gorputza ikusteko eran, sexukideari egingo dizkion eskakizunetan, sexu harreman errealak mamitzeko orduan.

Laurogeita hamarreko hamarraldiaz geroztik, pornoaren arketipoak modan, publizitatean, telebistan, literaturan eta prentsan birziklatu dira.

Kultura nagusira zabaltze horrek aldatu egin du irudi pornografikoaren estatusa. Jende askok du pornoa sexu heziketaren ardaztzat. Jarrera irekiagoa ahalbidetuko omen luke sexuaren aurrean.

Frantzian eta Kanadan, nerabeen bi heren inguruk uste du beren desira eta mamu erotikoak pornoaren eraginpean daudela, pornoak inspiratzen duela beren bizitza sexualaren funtsa.  

Eta inkestek erakusten dutenez, zenbat goiztiarragoa pornoaren erabiltzea, hainbat handiagoa gerorako kontsumoa ere, eta hainbat maizago eskatuko diote sexukideari film pornoetan ikusitako ariketa liluragarriak imita ditzan.

DEPILAZIOA

Alualdeko kalparraren erabateko depilazioa pornoaren eraginez nagusitu da mendebaldean. Orain dela hogei urte baino lehenago, sexu heldutasuna adierazten zuen alualde iletsuak. Gaur egun, aldiz, antierotikotzat jotzen da. Laurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran Playboy, Penthouse eta Hustlerrek depilazioa jendarteratu zuten. Gero porno industria osoan gailendu zen, eta ostean publizitatean, modan, telebistan eta abar.

Nerabeen artean ere nagusitu da oraindik orain, jende arruntarengan. Gaur egun, ospitaleetako erizainak harrituta gelditzen dira depilatu gabeko nerabe bat ikusten dutenean, salbuespena baita.

Tatuaiak eta pirzinak ere pornoa dute sorburu eta eredu. Askoz ere gehiago erabiltzen dituzte pornoa oso gazterik ikusten hasi ziren neskek.

Era berean, kirurgia eta ebakuntza plastikoa ikaragarri zabaldu da neska gazteen artean. Hamazortzi urte baino gutxiagokoen artean, zehazki, bularraren handitzea eta botox txertoa, estilo pornografikoa azaletik barrura heroinaren bidetik sartuko balute bezala.

NESKATXA ATXIKI

Interneten, ume edo ume izan berrien irudien merkatua harrigarri handia da. “Teens” menua da erabilienetakoa; halaber “barely legal”, ozta-ozta legala, hamazortzi-hemeretzi urteko gazteei dagokiena.

Sexu hobespenek gero eta neskatxa gazteagoa dute jomuga. Inkestek diotenez, hamazortzi-hemeretzi urteko mutilek, aukeratu ahal izanez gero, hamahiru-hamalau urteko neskak nahiko lituzkete sexukide.

Halatan, emakume helduaren sexua pitzatu egiten du pornografiak.

Alde batetik, film porno gehienen muina gizonaren gozamena da, gizonaren eiakulaziora bideratutako sexu harremanak erakusten dituzte batik bat, ikuskizunari hazia isurtzeak ematen dio zentzua, sarritan neskaren aurpegian.

Bestetik, emakumea ahal bezain ume atxiki nahia bultzatzen du pornoak, andrazkoen umetzea, neskatxaren antzik handiena ahalik eta luzaroen gordetzea.

Honela laburbiltzen du Richard Poulinek: pornoak plazer maskulinoan fokalizatutako mamuen kristalizazioa dakar, eta eredu femenino ahal bezain infantila.   

 

Urbinaga
Urbinaga dio:
2010/01/10 12:42

Eyes Wide Shut-en Kubrickek esan zuen moduan larrua gehiago jo behar duela, depilatua ala ez. Pornoak dena depilatzen du. Ikusi Erika Lust.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/01/10 19:41

Inkesten arabera, zera diozu: "hamazortzi-hemeretzi urteko mutilek, aukeratu ahal izanez gero, hamahiru-hamalau urteko neskak nahiko lituzkete sexukide."

Aldi berean, inkesten arabera, prostituzio-etxetara joaten diren 18/19 urteko mutilek nahiago izaten omen dituzte 30 urtetik gorako emakumeak euren sasoikoak baino.

Beraz, nonbait, ez dutena nahi zera da, euren sasoi berekoak. Kalean gaztetxoagoak nahiago dituzte zaharragoak ez direlako eurekin joango. Eta klubetan zaharragoak, eurak baino gazteagorik ez baitute aurkituko. Kontua da, nonbait, parekoekin parekatu nahi eza.

Hasier
Hasier dio:
2010/01/10 22:49

"Mamuen kristalizazioa", esamolde hau ez duzu film pornografiko batean adituko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.