Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Denboraren irekitasuna eta egiaren bilakaera amaigabea

Denboraren irekitasuna eta egiaren bilakaera amaigabea

Markos Zapiain 2026/10/28 14:05

“Denbora eta egia: Kojèveren gogoeta” tesian, Kojèveren hipotesi ospetsua formulatzen saiatu nintzen: dagoeneko gertatua da historiaren eta denboraren amaiera, agertu da dagoeneko historia eta mundua eta bere burua goitik behera ulertu duen jakintsua —Napoleon ulertu zuen Hegelek, Stalin Kojèvek— eta beraz ereinda dago Estatu politikoki unibertsal eta ekonomikoki homogenoaren hazia. Aldaketak egin zituen gerora Kojèvek: AEBetako jendearen itzulerak animaliatasunera adieraziko luke historiaren amaiera, edo japoniarren errituek, edukirik gabeko formek, hala nola tearen zeremoniak eta geishen konbentzioak. Japoniar zeremonia huts horiek erakusten ei dute zertan erabakiko den etorkizunean gizakiaren eta animaliaren arteko aldea. AEBetan bereizketa horrek ez du zentzurik.   

Gustuko zituen Kojèvek paradoxa eta txiste filosofikoak, bere oinordeko Slavoj Zizekek bezala: “Marx da Jainkoa, eta Ford haren profeta” hitzaldia eman zuen Düsseldorfen.

Halatan, Hegel eta bere burua bera ez ezik, erabateko jakintsutzat hartu zuen Raymond Queneauren Le Dimanche de la Vie-ko Valentin Brû soldadua ere. Brûk ez du adimen-urritasunik zentzu klinikoan, baina motela da, eta ingurukoak ergel inozotzat dute. Errealitate osoa ulertzen duen Hegelen jakintsuak ez bezala, Brûk ez du deusetaz ere gauza handirik ulertzen.

Hala ere, zeharo gogobeterik bizi da. Ezjakintasunarekin bateragarriak dira Kojèverenean jakintsu absolutuaren ezaugarriak.

Kojèvek berak, ustezko jakintsuak, aitortu zuen ez zela ispilua ulertzeko gauza, merezi bezain aintzat hartua izan ez den pasarte ilun batean. Gainera, jakintsuaren mamitzea da Valentin Brû sinplea. Orduan, zer esan nahi du, zehazki, jakintsu izateak? Kojèveren paradoxazaletasunaren beste adierazpen bat dugu hemen: hainbeste zabaltzen du jakintsu absolutuaren figura, non kolokan jartzen baitu jakintsuaren eta ezjakin zoriontsuaren arteko bereizketa bera.

Kojèveren umorea bere sistemaren kontraesanak konpondu gabe erakusteko modua ere bazen. Horrela, historiaren amaieraren inguruko paradoxen pilaketak berak adieraziko luke historiaren amaierari buruzko teoria ezin dela modu koherente eta itxian formulatu. Eta horrek erakutsiko luke ezen egiak ez duela zertan denboraren amaiera arte itxaron; aitzitik, denboraren irekitasunak egia bera amaigabe bilakatuko luke. Bat letorke horretan Humboldtekin, Azurmendirekin eta eszeptiko askorekin, nahiz eta Kojèvek berak eszeptikoei izaera filosofikoa ukatu eta filosofoen taldetik egotzi zituen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.