Compeed
Zergatik egin gintuen Jainkoak hain gaizki, zergatik izan zen hain ardurabakoa? Animaliak ez, ez dira kexu, onartu egiten dute beren gorputza, baina gutako frankori gertatzen zaio zaletasun gogor bat sentitzearekin batera gorputzak ez diola erantzuten. Txokolatezaleak La Campana tableta irentsi orduko azala eta begiak horitu egingo zaizkio eta urdaila nahastu. Eta abar.
Aurten Nieztsche eta Thoreau filosofoak irakatsi behar ditut berriro, aspaldiko partez, eta beren biografiak irakurtzen aritu naiz udan. Thoreauk lau orduko ibilaldia egiten zuen egunero eta Nietzschek berriz sei ordukoa, ahal zuenean behintzat. Enpatiaz ni ere hasi naiz ibiltzen, atsegin handiz gainera, baina oinek erantzun ez, sentsibleak izaki: babak, urradurak, mina… Harik eta amaginarrebak Compeed ezagutarazi zidan arte. Compeed-en baduzu tirita edo lotura itsaskorra, baduzu halaber barrako krema… kontua da behar bezala zabalduz gero oroitu ere ez zarela egiten oinez, erdi hegan zoazela Compeed jarriz gero.
Aspaldion nonahi ikusten dira I love New York, I love Paris dioten elastikoak, ia beti zuriak, bihotz gorri batez apainduak.
Joan den astean Bilboko Ametzola plazan andre bat ikusi nuen, I love Compeed zeramana. Oso hurbil sentitu nuen, arreba galanta oin kontuetan, eta begiak itxi eta maitasunez agurtu nuen, burua makurtuz baina isilik. Izan ere, tentaldia izan nuen arren arreba espiritual horrekin gure sendagarri bikainaz mintzatzen ahalegintzeko, susmoa dut compeedzaleok ez garela tributan biltzeko sortuak, gotikoak edo zigilu-bildumazaleak bezala, baizik bakoitzak bere aldetik ibilaldi luzeak egiteko, Thoreauren eta Nieztscheren ildotik.