Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Coca-Colaren ahalmen txundigarrien makaltzea

Coca-Colaren ahalmen txundigarrien makaltzea

Markos Zapiain 2010/04/25 13:58

Antonio Ortí-k eta Josep Sampere-k munduko edari-markarik ezagunenari eskaini diote “Leyendas urbanas” liburuko kapitulu bat, “El poder oculto de la Coca-cola”.

1886an Atlantako enpresa batek botika bat patentatu zuen, kokaren estraktua zeukana. Botika zalaparta handiz eta propaganda ikusgarriz iragarri zuten, eta Coca-Cola izendatu zuten. Buruko mina sendatu eta nekea kentzen omen zuen.

17 urte barru, 1903an, mediku batzuek salatu zuten kokaina arriskutsua zela iparramerikarren osasunarentzat. Hegoaldeko politikari arrazista zenbait, bestalde, edozer egiteko prest zegoen kokaina beltzen eskura egon ez zedin. Halako presiopean, Coca-Cola konpainiak errezetatik kokaina kentzea beste erremediorik ez zuen izan.

17 urte jendea animatzen zeramatzan edari tonikoak, hortaz, aurrerantzean kokaren estraktua ez zuen erabili edariari zaporea emateko baino, eta gainera alkaloide pizgarririk gabe. Animatzaile gisa, kafeina erantsi zitzaion.

1914an, yankien botikinetan luzaro ibili ostean, kokaina sustantzia debekatuen mundu tentagarrian sartu zuten. Eta, paradoxaz, Coca-Cola, kokazko txinparta kendu ziotenean, mantsotu zutenean, orduantxe hasi zen zenbait ezaugarri harrigarriz jabetzen, herriaren fantasiak asmatuak. Bazirudien jendeak ez zuela ahaztu nahi edari tonikoak hasieran eduki zuen osagai mitikoa.

Freskagarriaren ezkutuko ahalmenei loturiko uste ezagunenetako bat, aspirina eta Coca-Cola nahasteak eragin haluzinagarriak edo zorabiagarriak dituela dioena, bistan da, jatorrizko formulatik dator. Josep Sampereren ustez, Coca-Colaren dohain psikodelikoaren kontua droga folklorikoen tradizio luzean txertatzen da. Bananaren hariek antzeko eragina omen dute. Hori lortzeko, hariak eguzkipean lehortzen utzi egin behar dira, eta ondoren zigarroan bildu eta erre.

Richard Feynmanek Fisikako Nobel saria jaso zuen 1965ean. Coca-Colaren eta aspirinaren nahasketaren inguruko eztabaidan parte hartu nahi izan zuen. Feynmanek berak irentsi zuen konbinazio ospetsua: 6 aspirina hartu zituen eta hiru Coca-Cola. Zorabioarena eta haluzinazioarena sinesten zuten unibertsitateko kideek inguratu egin zuten, kezkaturik, konortea galtzean eusteko prest. Ordea, ez zitzaion ezer gertatu. Hori bai, gau hartan ezin izan zuen lo ondo egin.

Beste zurrumurru baten arabera, Coca-Colak indar korrosibo eta disolbagarri handia du. Sartu Coca-Colan metala eta gau bakar batean herdoildu egingo omen da. Era berean, okela puskak, hezurtxoak eta haginak desegin omen ditzake, baita giltzurruneko harriak ere, dosi egokian edanez gero. Denborak aurrera egin ahala, dena den, Coca-Colaren ahalmen korrosiboen ustea ere mehetuz joan da.

Azkenik, zurrumurru berri batek goitik behera gezurtatu du iragarki ospetsuak aldarrikaturiko “bizitzaren txinparta”rena: Coca-Cola espermizida hutsezina omen da, Jesus batean akabatzen ditu xapaburuak. Eragin hori lortzekotan alualdea Coca-Colaz bainatu beharra dago.

Non sortu da zurrumurru hau? Pepsi-Colak txirrindulari talde bat patrozinatzen zuen, Postdam taldea. Bertako txirrindulari batek adierazi zuen Pepsi-Colako buruzagiek bultzatu zituztela txirrindulariak zurrumurru hori zabaltzera, ñabardura hauekin apainduta: Coca-Cola edari kolonizatzaile hiltzailea da, arma kimiko antzeko bat, eta bere bitartez Hirugarren Mundu osoa antzutu nahi dute.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.