Chen Wei Yih-ren gorazarrez
Gure zibilizazioaren joera orokorraren arabera, bikote moldeak, batetik, biziki ari dira aldatzen eta ugaltzen; bestetik, bikotekidea gero eta meheagoa izaten da, gero eta birtualagoa, gero eta bikote gehiago dago norberak gehi internetez osatua. Taiwango andre batek bikotea osatzeko bide berri bat asmatu du.
Taiwango gobernuak emakumeak ezkontzera behartu ez, baina estutu bai, egiten ditu, populazioa igo dadin, jaiotze-kopurua era kezkagarrian jaitsi baita. Familia eta gizarte giroko ohiko presioez gain (dilema xinpatiko horiek: arraroa delako ote da neskazahar, ala neskazahar gelditu delako bilakatu zaigu arraro?), gobernuak zergen bidez zapaltzen ditu ezkongabeak.
Chen Wei-yih taiwandarrak honez gero ezin du presio hori eraman. Ezkondu nahi zuen, baina ez du senargai egokirik aurkitu, bizialdi osoa berekin igarotzeko modukorik. Hogeita hamar urte betetzera doanez, ekimena bere gain hartu eta ondo samar ezagutzen duen lagun batekin ezkontzea erabaki du: bere burua bikoiztu eta bere buruarekin ezkonduko da. Taiwango legediak ez du halako originaltasuna aurreikusi eta eragozteko ez irudimenik ez astirik izan. Ezagutzen dutenek diotenez, Chen Wei-yih ez da nartzisista patologiko bat, ezta ziniko mesfidatia ere. Agintarien eta kontrol sozialaren presioari amorruz aurka egin beharrean, konponbide eragingarriagoa asmatu du, benetan baita poetikoa.
Andregai-soinekoa erosi du, lore-sorta ederra, ohiko argazkiak atera ditu, Facebook-en eskegi, jai berezi bat antolatu du, 4.000 eurotik goiti kostatu zaiona, eta orain eztei-bidaia prestatzen ari da, Australiara, bere buruaren konpainia noblean.
Litekeena da hain zuzen albiste horren ondorioz hurbiltzea orain Chen Wei-yihrengana senar-nahiak mordoka, taiwandarraren ausardiak eta autonomiak erakarririk.