Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Chang Tun-sun (eta II)

Chang Tun-sun (eta II)

Markos Zapiain 2026/11/12 20:44
Identitatea eta korrelazioa, silogismoa eta analogia, izatea eta bilakaera

Changen iritziz, gramatikatik ontologiara eta metafisikara nola goazen ikusteko, ondo datorkigu “izan” aditzaren kasua. Grezierazko “einai”, latinezko “esse”, ingelesezko “to be” eta antzeko aditzek hainbat funtzio bete ditzakete: predikazioa, identitatea eta existentzia. Adibidez: Sokrates filosofoa da (predikazioa), Goizeko izarra arratseko izarra da (identitatea), Jainkoa bada (existentzia). Changen esanetan, funtzio horien arteko hurbiltasun linguistikoak Mendebaldeko metafisikaren garapena baldintzatu du.

Eta txinerazko “shì” ez da Mendebaldeko “izan” aditzaren baliokide osoa. Txinera klasikoak baditu existentzia eta predikazioa adierazteko baliabideak, baina ez dira grezierako sistema gramatikalaren arabera antolatzen.

Halatan, grekoz berez sortzen diren hainbat galdera ontologikok mutu diraute Txinan. Esate baterako, Mendebaldeko metafisikaren galdera nagusietako bat, zer ote den izaki partikular guztietatik bereiziriko izatea, ez da giza pentsamenduaren behar unibertsala, ezpada hizkuntza jakin baten aukerek eta filosofia-tradizio jakin batek eratutako arazoa.

Hala ere, ikuspuntu bi bereizi behar dira hemen: batetik, gramatikak galdera ontologiko batzuk bideratzen ditu; bestetik, gramatikak ezinbestez sorrarazten ditu halako galderak. Azurmendirentzat, sinesgarriagoa da lehenbizikoa bigarrena baino.

Bestalde, Mendebaldeko logika goitik behera determinatu duen Aristotelesen logikan munta berezia dute identitatearen hastapenak, kontraesan-ezarenak, eta tertium non datur edo hirugarren baztertuarenak. Identitatearen logika deritzo Changek Aristotelesenari, eta korrelazioarena txinatarrari.

Txinako pentsamendu klasikoaren ezaugarri nagusia ez da-eta kontzeptuen identitatea finkatzea, baizik eta kontrako terminoen arteko erlazioa ulertzea. Laozi-ren Dao De Jing obrako bigarren kapitulua da horren adibidea: izatea eta ez-izatea batera ageri dira; zailak eta errazak elkar osatzen dute; luzeak eta laburrak elkarren konparazioan dute zentzua. Kontzeptu bakoitzaren esanahia haren kontrakoarekiko erlazioan osatzen da: luzea ez da berez luze, laburrarekin alderatuta da luze. Errazarekin erlazioan ulertzen dugu zaila. Horiek dakartza Changek korrelazioaren logikaren adibidetzat. Elkarren osagarri izan daitezke aurkako kontzeptuak, beren zentzua ez baita isolaturik eratzen.

Changek lotura ikusten zuen txineraren ezaugarri batzuen eta pentsatzeko joera horien artean. Adibidez: txinerak ez ditu indoeuropar hizkuntzen flexio-sistema eta kategoria gramatikal asko. Ez dago gurearen moduko singular/plural sistema zorrotzik, artikulu zehatzik edota aditz-jokabide konplexurik. Gainera, hitz askok testuinguruaren arabera funtzio desberdinak har ditzakete. Horrek pentsamendua ere beste modu batean antolatzera darama. Ez pentsamendua determinatzen, baina bai orientatzen.

Silogismoa eta analogia

Mendebaldeko arrazoibidearen eredu klasikoa silogismoa da: Gizaki guztiak hilkorrak dira; Sokrates gizakia da; beraz, Sokrates hilkorra da. Inferentziak premisen eta ondorioaren arteko lotura formala bermatzen du.

Changek dio Txinako pentsamendu filosofikoan ez silogismoa baizik analogia dela funtsezkoa. Mengzi edo Menziok, kasurako, gizakiaren zintzotasunerako isuria adierazteko, urak beherantz egiteko duen joerarekin alderatzen du. Alta, analogia horrek ez du froga deduktiboaren egitura. Ez du ondorioa beharrezko bihurtzen,  baina errealitatearen eremu biren arteko antzekotasun esanguratsu bat nabarmentzen du.

Honako kontrastea azpimarratzen du Changek: ondorioaren beharrezkotasun formala bilatzen du silogismoak; analogiak, berriz, erlazioen arteko antzekotasun argigarria. Jakina, horrek ez du esan nahi Txinan dedukziorik ez dagoenik, edo Mendebaldean analogiarik ez darabilgunik. Tradizio bietan gailendu diren joerak jartzen ditu Changek aurrez aurre.

Humboldtek eta Azurmendik bezala, Changek ez du uste hizkuntzak pentsamendua norabide bakarrean eta mekanikoki erabakitzen duenik, ezta pentsamenduak hizkuntza determinatzen duenik ere. Hizkuntza, logika eta filosofia elkarrekin garatzen direla pentsatzen du, elkarrekin eratzen dira hizkuntza, pentsamendua eta kultura.

Humboldtentzat, hizkuntza ez da aldez aurretik osatutako pentsamenduak adierazteko tresna hutsa. Pentsamenduaren eraketan bertan parte hartzen du. Ausarki zabaltzen du Changek ideia hori: hizkuntzak ez ditu soilik mundua hautemateko eta kontzeptualizatzeko moduak eratzen; filosofiaren beraren galdera nagusiak ere baldintzatzen ditu. Ez dago gramatikaren, logikaren eta metafisikaren arteko kausalitate mekanikorik, baina elkarri eragiten diote, eta kulturaren historian eratzen dira hirurak. 

Horregatik, Changen ekarpen nagusia ez da Txinako filosofia Mendebaldekoa baino erlazionalagoa dela esatea, beste barik; sakonagoa da: filosofiak unibertsaltzat dituen berezko galderak ere, hizkuntza eta kultura jakin baten emaitza historikoak izaten direla darakutsa. Eta horrek Humboldten eta Azurmendiren hizkuntzaren filosofiaren muinera garamatzan beste galdera bat pizten du: Kantek giza ezagutzaren baldintza transzendentalak bilatzen baldin bazituen, eta baldintza horiek hizkuntzaren arabera aldatzen baldin badira, ez al genuke onartu behar transzendentala bera ere historikoa eta linguistikoa dela, neurri batean bederen?

Horixe da Azurmendik Chang Tung-sunen bidez erakusten diguna: hizkuntzek ez dituzte soilik erantzunak baldintzatzen; sarritan, berriro esateko, eta azkeneko aldiz, galdera bera ere iradokitzen dute. Humboldten Weltansicht edo mundu-ikuskeraren ideia da hori, baina Azurmendiren ñabardurarekin: ez da determinismo linguistikoa, baizik eta pentsamendua orientatzen duen joera historiko eta kulturala.

Azurmendik azaltzen du Mendebaldean berehala bilakatu zela funtsezko subjektuaren eta objektuaren arteko bereizketa, eta horren inguruan eraiki zela nagusiki epistemologia. Nork ezagutzen du? Zer da ezagugaia? Nola lotzen dira biak? Galdera horiek obsesio bihurtu ziren. Changek dioenez, pentsamendu txinatarrari ez zaio axola subjektuaren eta objektuaren arteko distantzia, etena edo haustura, eta areago bilatzen du harremana, oreka, egoeren egokitasuna, prozesua.  Hori dela-eta, Mendebaldeko filosofiako eztabaida batzuk artifizial samarrak iruditzen zaizkie txinatarrei.

Bukatzeko, Azurmendik ez du esaten txinatarrek ezin dutela Kant ulertu, edo europarrok Konfuzio, edota txinatarrak zuzen dabiltzala eta gu ez, edota alderantziz. Esaten du filosofia bera ere historia baten barruan sortzen dela, eta historia hori hizkuntzek ere moldatzen dutela. Filosofia ez da “arrazoimen hutsaren” ekoizpen neutro bat, arazo filosofikoak ez dira zerutik eroritako galdera unibertsalak; aitzitik, mundu-ikuskera desberdinen barruan sortzen dira eta bilakatzen dira ulergarri, are premiazko. Gizakiek beren hizkuntza, kultura eta historia jakinen testuinguruan formulatzen dituzte. Horregatik, europar filosofiaren galderak ez dira gizadi osoarenak; eta txinatar tradizioaren galderei dagokienez ere, berdin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.