Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Chang Tun-sun

Chang Tun-sun

Markos Zapiain 2026/11/10 21:38

Azurmendik, Humboldt-liburuko “Erlatibismo erlatibo bat” atalean, japonieraren kasua aztertu ondoren, txinerari ekiten dio. Chang Tung-sun (1886–1973) txinatar filosofoa dakar Humboldten ideia bat indartzera: Mendebaldeko filosofiak unibertsaltzat hartu dituen hainbat kategoria logiko eta metafisiko ez dira nahitaez giza arrazoimenaren egitura unibertsalak; hizkuntza indoeuroparren egiturarekin eta Mendebaldeko kulturaren historiarekin lotuta daude. Aristotelesen logika, substantziaren metafisika eta subjektu-predikatu bereizketa ez lirateke pentsamendu razional ororen ezinbesteko abiapuntuak. Txinera klasikoaren egiturak beste bide batzuk zabaldu ditu: erlazioen eta korrelazioen logika, analogiak eta metaforak, elkarri egokitzea.

Sakonki ezagutu zuen Changek europar pentsaera. Mendebaldeko filosofia ikasteaz gain, Platon, Aristoteles, Kant, Bergson eta beste hainbat autore goitik behera irakurri eta itzuli zituen. Eta ohartu zen mendebaleko filosofoen arazoek, batez ere ezagutzaren teoriari loturikoek, ez zutela antzik filosofo txinatar klasikoek jorratu ohi dituztenekin. Desberdinak dira ez bakarrik europarren eta txinatarren erantzun filosofikoak: bestelakoak dira galderak berak ere. Mendebaldeko filosofoek mendez mende eztabaidatu dituzten arazo asko ia ez dira ageri filosofia txinatar klasikoan, eta horrek harritu egin zuen Chang.

Adibidez, errealitatea ezagutzen ote dugun, eta zein neurritan: horratx Mendebaldeko epistemologiaren galdera klasiko bat. Engainatzen ote gaituzte zentzumenek? Esperientzian ala ideietan, zertan oinarritzen da ezagutza? Zinez existitzen dira gauzak? Bat datoz dakusadana eta benetan dagoena? Zein neurritan berdindu ote daitezke duguna, dagoena eta badena? Zer ote da egia?

Changen esanetan, Txinako epistemologiaren kezka nagusiei ez darie musika hori. Konfuzio edo Menzio bezalako klasikoek ez lukete “zelan dakit ziur mahaia zinez existitzen dela?” galdetuko, baizik eta “zelan bizi behar du gizakiak?”, “nola antolatu behar da gizartea?”, “zer da harmonia?”, “eta armonia?”, “nola landu behar duzu zeure burua?”, “zer da gobernu zuzena?”. Mendebaldeko galderak bezala, ezagutzeaz eta jakiteaz mintzo dira, baina hurbilago dute guk etikatzat eta politikatzat hartzen duguna. Zergatik?

Hizkuntza eta tradizio batean naturalago sortzen dira galdera jakin batzuk. Bat letozke Humboldt, Chang eta Azurmendi: ez da egia txineraz ezin dela epistemologia egin; bestelakoa da, hori baino ez, eta ez da gutxi. Changek ere uste du gramatikak logika bideratzen duela, eta Aristotelesen logikaren oinarrian grekoaren egitura gramatikala dagoela. Grekoak, eta ondoko latinezko tradizioak, "subjektua-lotura-predikatua" egitura indartzen dute. “Sokrates gizakia da” esaldian, “Sokrates” dugu subjektua, “da” kopula, eta “gizakia” subjektuari lotzen zaion predikatua.

Egitura horrek aukera ematen du subjektua eta bere propietateak bereizteko. Hortik abiatuta, errazago helduko gara subjektu iraunkor baten eta haren ezaugarri aldakorren arteko bereizketa metafisikora. Eta, Changen interpretazioan, gramatikaren egitura horrek Aristotelesen substantziaren metafisika sustatzen lagundu zuen. Txinera klasikoan ez dago grekoaren edo latinaren pareko flexio-sistemarik, eta predikazioak ez du kopula espliziturik behar. Bestela antola daitezke erlazioak eta predikazioak.

Changek bi esaldi bereizten ditu: A B-rekin erlazionatzen da; eta A B-rekin erlazionatuta dago. Mendebaldeko analisi logiko tradizionalean, parekoak lirateke lehenbizikoan A eta B, berdinen artekoa harremana genuke. Bigarrenean, berriz, subjektu bati propietate bat egozten zaiola dirudi; B Ari legokioke, Ari egokituko litzaioke.

Changek dio txinera literarioan bi egitura horiek ez direla Mendebaldean bezala bereizten. Txinerak erlazioa bera lehenesteko joera indartzen omen du, erlazioaren azpiko substantzia bilatu beharrean. Mendebaldeko metafisikak behin eta berriro galdetzen du zer den gauza bat bere baitan, zer duen funtsezko, eta zer ote den haren ezaugarri aldakorretatik bereiz daitekeen substantzia. Txinako pentsamendu tradizionalak, ostera, gauzen arteko erlazioak, aldaketak eta elkarrekiko egokitzapenak lehenesten ditu.

Substantzian oinarrituriko Mendebaldeko tradizio aristotelikoa ez bezala, korrelazioaren logikak bizi du Txinakoa. Gurean dauzkagu substantzia eta atributuak, identitatea, subjektu-predikatu egitura, definizioa eta sailkapena, silogismoa, eta izateari buruzko galdera. Txinan, ostera, substantzia eta atributuak beharrean erlazioak eta korrelazioak ditugu, identitatea baino gehiago elkarrekiko egokitzea, subjektu-predikatu egitura barik erlazio-egiturak, definizioaren eta sailkapenaren ordez testuingurua eta analogia, silogismoa barik metaforazko arrazoibidea, eta izateari buruzko galdera beharrean gauzen arteko erlazioari buruzkoa.

Yin eta yang ospetsuak dakartza horren harira Changek: ez dira bi substantzia independente, baizik eta elkarren bidez definitzen diren poloak: argia eta iluna, jarduera eta atsedena, etab. Korrelazioaren logika deritzo Changek joera horri. Eta ez da Mendebaldeko logika formalaren ordezko sistema axiomatiko bat, baizik eta pentsamendua antolatzeko beste modu bat, identitate egonkorren ordez korrelazio dinamikoak lehenesten dituena.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.