Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Carlos Martinez Gorriaran, ezjakinak leziatzeko bere betiko gurutzadan

Carlos Martinez Gorriaran, ezjakinak leziatzeko bere betiko gurutzadan

Markos Zapiain 2021/10/29 22:55
Eskerrak UPVko Filosofia Graduko irakasle guztiak ez diren hain irmo eta kontundenteak

Bai egoera zaila, ez bazara psikopata: besteak epaitzeko orduan ezin gogorragoa izaki, besteen hanka-sartzeei isekaz erantzuteko ohitura hartu eta ezustean zeuri disparate batek ihes egiten dizunean. 

 

"El Orden Mundial" izeneko kontu batek txiokatu du gaur bezalako urriaren 29 batean eman zuela Sartrek "Existentzialismoa humanismo bat da" hitzaldia, "asentando las bases de dicho movimiento". Aski aseptikoa, neutroa, informatiboa.

 

Martinez Gorriaranen erantzuna: "El existencialismo comenzó con Kierkegaard, Unamuno y sobre todo Heidegger. Sartre intentó sumarse a Heidegger, que le mandó amablemente a paseo con “El existencialismo no es un humanismo” (1946). No fue un movimiento, solo una moda bastante francesa: lo mejor, Camus y la Piaf."

 

El Orden Mundialek ez dio existentzialismoa Kierkegaardekin hasi ez zenik. Sartrek asentatu zuela baino ez, eta hori ez da gezurra. Edozein historialarik edo testu-liburuk erakutsiko dizu existentzialismoa Sartrek sendotu eta zabaldu zuela. Horixe dio adibidez Sarah Bakewell adituak At the Existentialist Café zoragarrian.

 

Bestalde, eztabaidagarria izan liteke mugimendua edo moda izan ote zen, baina halakoxe ziurra izaten da troskismotik UPyDrako ibilbidean sekula santan tronpatzen ez direnen mintzamoldea.

 

Dena den, Heideggerrek inoiz ez zuen "Existentzialismoa ez da humanismo bat" izeneko libururik ez artikulurik idatzi. Martinez Gorriaranek asmatu du izenburu hori. "Gutuna humanismoaz" izkribuarekin nahastu du, Heideggerrek Jean Beaufreti bidali zion gutuna, gerora liburu gisa argitaratua. 

 

Guztioi gertatzen zaigu. Baina Martinez Gorriaranek beti idazten du ex catedra, inoiz ez du barkatzen, eta bere "zuzenketari" darion sasijakintsuaren txuloputakeriak bete-betean jo dio atzera buru handian bumeranaren antzo. 

 

Berotu eta jarraitu egin baitu: "Si yo no escribo ni tuiteo de fútbol o series de Netflix porque no sé nada, no entiendo a los que lo hacen de Filosofía sin haber pasado de algún manual barato o de la wiki".

 

Elhuyar hiztegian, gaztelaniazko "patético" euskaraz "patetiko" da, eta "listillo" berriz "azkar usteko". Polita da halaber lehenbizikoz Xabier Olarrari irakurri nion "argi-iturri" hori, Elhuyarren gaztelaniaz "sabiondo", "sabelotodo", "resabido" eta "marisabidillo". Orojakileei buruzkoa da Kelly Clarksonen abesti hau, eta ergel handios aprobetxategiei buruzkoa Bob Dylanen beste hau. 

Amatiño
Amatiño dio:
2021/10/31 11:15
"...baina halakoxe ziurra izaten da troskismotik UPyDrako ibilbidean sekula santan tronpatzen ez direnen mintzamoldea".

Bai, benetan. Ni gertu nago horrelako trantsito arraroak egin dituztenei ulertzen ahalegintzeko. Baina nekez uler dezaket, ordea, nola arraio sines dezaketenik beti, une oro, arrazoiaren jabe izan direnik.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/11/01 12:17
Jarrera hori UPyDko buruzagi ohiek daramate muturrik harrigarrienera, batez ere Rosa Diazek eta Carlos Martinez Gorriaranek, nik dakidala. Haien txioak lantzean behin irakurtzeko bizioan amildu naiz. Abertzaleen eta ezkertiarren aurkako irainak hain dira ohikoak ezen ez baitute atentzioa ematen, baina orain dela gutxi arte militantzian kide izan eta oraindik ideologian aski hurbil dituzten sozialistak eta Ciudadanosekoak ere “traidores”, “tontos”, “psicópatas”, "felones", "lerdos", "zoquetes", "necios", "judas", "bellacos", "pérfidos", "viles", "canallas", "execrables", "funestos", "aciagos", "deficientes" omen dira. Laidoen sinonimoen hiztegiak ahitu dituzte, baina horrek ez du inondik inora Martinez Gorriaranen eta Diazen gorrotoa ahitzen lagundu. Kontu batean bederen ezin zaio Freudi arrazoia ukatu: bizitzaren funtsa transferentzia eta proiekzioa da.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.