Bunnyk alde egin du (The Big Lebowski 2)
Jeffrey Lebowskiri The Dude deitzen dio jende guztiak, Morroia, guk ere bai aurrerantzean. Hippy alferrontzi bat da, ardura nagusi duena Walter eta Donny adiskideekin bola-jokoan aritzea eta “errusiar zuria” izeneko koktela edatea: erdia vodka, laurden bat kafe-likore eta beste laurdena esnegain; izotza erantsi behar zaio. Egun batean, etxera heldu eta ezezagun batzuek jipoitu egiten dute eta alfonbran pixa. Baina Morroiaren ustez kohesioa ematen zion alfonbrak gelari.
Morroiak jakin du badela beste Jeffrey Lebowski bat, milionarioa, elbarria, eta beregana joko du beste alfonbra bat exijitzera. Azken batean, Lebowski aberatsarekin nahastu dutelako pairatu du astinaldia eta pixa egin diote alfonbran; milionarioak zor moral antzeko bat izango luke Morroiaren uste apalean, bere alfonbra bat eman beharko lioke pixatu diotenaren ordainez. Lebowski jakina ez dator bat eta txoritara bidaltzen du bortizki Morroia.
Edonola ere, Jeffrey Lebowski ez da berez aberatsa, bere lehenbiziko emazteak zuen diru pilo ikaragarria, eta hil zenean bien alabari utzi zion. Lebowskik umezurtzei laguntzeko fundazio bat kudeatzen laguntzen du eta alabak soldata koxkor bat ordaintzen dio. Handikeriak eta banitateak galtzen dute ordea.
Halatan, Lebowski elbarria Bunny porno-izar gaztearekin ezkondu da, trofeo polita, alabari jasangaitz zaiona. Bunny zorretan da Los Angeles erdiarekin eta bereziki Jackie Treehorn film pornoen ekoizlearekin.
Treehornek Lebowski presionatzeko agindu die bere lekaioei, eta hauek dira hain zuzen bi Lebowskitarrak nahasturik film hasieran elbarri aberatsa beharrean Morroia jipoitu eta tapizean txiza egin diotenak.
Treehornen gorilak eta ziurrenik beste asko atzetik dituela jakinda, Bunnyk hanka egingo du bolada baterako. Edo agian besterik gabe. Inork ezin du loreontzi ninfomanoa kontrolpean atxiki.
Bunnyk laguna du alemaniar jatorriko Uli, film pornoak egin dituzte biek Jackie Treehornentzat, besteak beste "Desbuxatzailea" eta “Zulogilea”. Ulik tekno-pop talde bat zuen Alemanian, Autobahn, Kraftwerk-en gisakoa; baina orain, Los Angelesen, alemaniar musikari ohiak nihilista bilakatu dira, ez dute ezertan sinesten.
Jakiten dutelarik Bunnyk alde egin duela, honen senar Lebowskiri Bunny bahitu dutela sinetsarazi nahiko diote. Milioi bat dolar eskatzen diote emazte gaztearen ordainez.
Orduan Lebowski elbarria Morroia ustez tentelaz oroitzen da; bere jauregira deitu eta maletatxo bat ematen dio, filmaren bilakaera erabakiko duen maleta, barruan milioi dolarra omen daukana, eta Morroiari agintzen dio bahitzaileei dirua eman eta emaztea berreskuratzeko. Morroiarentzako saria, bitartekaritza lana arrakastaz burutuz gero, hogei mila dolarrekoa.
Morroiak porrot egingo du noski. Ez hori bakarrik: bere autoa lapurtzen diote, barruan maleta daukana; berriro aurkituko du autoa, baina maletarik gabe. Ordutik aurrera ez dugu maletaren arrastorik izango, Morroiak bere bila dabilela jasoko dituen arren astindurik ikusgarrienak.
Berragertutako autoan Institutu bateko ikasle baten apunteak daude, eta aztarna interesgarritzat hartzen ditu Morroiak, baina ikaslearen aukerak ere ez du aurrera egingo, erabat hermetikoa eta tentela baita, ergelkeria sorraren hezurmamitzea.
Eta gainera berdin dio. Zergatik?