Bizkaiko bertsolarien finala
Estiballes, Lekue, Amuriza eta Enbeita ezagunak genituen, egundoko saioa egin zuten larunbatean BECen zortzi finalisten artean, baina ustekaberik atseginena ezezaguna zitzaigun Beñat Ugartetxeak eragin zigun. Ugartetxearen kanta-erak, umoreak eta tinbreak Lazkao-Txikirena oroitarazten du. Batzuetan ematen du bertsoa desorekatzera doala baina azkenean biribil irteten zaio. Herrena izango da Ugartetxearen ibilera, baina ezin zuzenagoa bere bertsoaren txinparta.
Gure aurrean Eneko Abasolo “Abarkas”en senide batzuk zeuden, tartean ama. Ikusgarria semearekiko lotura sentimentala eta enpatia 100 metro eta buru mordoa gaindituz, nola bizi zituen amak semearen bertsoak barru-barrutik, nola sufritzen zuen akatsen erruz eta gozatzen semeak asmatzen zuenean, eta hunkitzen ikusleen animo-oihuekin. Zortzigarren gelditu zen, azkena, baina jaso zuen txalo-zaparrada itzelaren ondoriozko amaren malko-festa ez zen nolanahikoa izan. Jende frankok egin zuen negar larunbatean BECen.
Han plazan ez nintzen Miren Amurizaren eta bere aita Xabierren artekoaz ohartu, urrutiegi zeuden, baina gero interneten ikusi eta ematen du saioan zehar harreman telepatiko bete-betean dabiltzala. Aitak burua makurtu eta sakonki kontzentratzen da uhin telepatiko indartsuak bidaltzeko, alabaren bertsoa gidatzea xede, edo bederen laguntzea; alabak, oholtzan, burua makurtzen du uhin ikusezin horiek ahal bezain artez jasotzeko. Zaila da zehazten uhin horien edukia eta mamia, baina ezin ukatu harremana badela.
Oroitzen naiz xake-final handi batean ezustean xakelarietako bat zutitu eta ikusle batengana zuzendu zela haserre. Aretotik kanporatu nahi izan zuen. Zergatik? Interferentzia telepatikoen bidez kontzentrazioa eragozten ei zion.
Orobat, Karpov Korchnoiren aurka lehiatu zelarik: Karpov sobietar ofizialismoaren ordezkaria zen eta Korchnoi, aldiz, Sobiet Batasunetik ihes egin eta Suitzako banderapean zebilen: gerra hotza xake-taulan, prestigioa eta ohorea jokoan. Halako batean, Korchnoi hanka-sartze infantilak egiten hasi zen, eta errua Karpoven eta KGBren gizon bati leporatu zion, Zukhar doktore misteriotsuari, uhin telepatiko gaiztoak igortzen omen baitzizkion bere ikusle-aulkitik. Eragin txar horri aurre egiteko Korchnoik ere parapsikologoak kontratatu eta Zukharren eraso telepatikoei behar bezala erantzutera eraman zituen finaleko aretora. Gerra txundigarria izango zen noski eraso eta kontraeraso telepatikoak hautemateko gaitasuna izan zezakeenarentzat. Korchnoik galdu egin zuen, eta hil arte uste izan zuen sobietarrek joko zikina egin ziotela, Karpov ez ezik telepatia komunista ere izan zuela arerio.
Zigortu behar ote litzateke laguntza eta oztopo telepatikoa, dopina legez? Hizkuntzaren kirol nazionalean ere bai? Auskalo.