Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Bizitzaren zentzua hizkuntzak telegidatzen du (Azurmendi 7)

Bizitzaren zentzua hizkuntzak telegidatzen du (Azurmendi 7)

Markos Zapiain 2011/07/28 20:41

Ez dago hautemate gordinik, dagoena ez dugu zuzenean ikusten, fenomeno orotan daude barnebildurik kategoria batzuk. Bitartekarien bidez ikusten dugu: hizkuntzaren bidez, oroimenaren bidez, ametsen bidez. Ingurukoaren pertzepzioa bezalaxe, bizitzaren zentzua ere hizkuntzak eta mitoek telegidatzen dute. Wittgensteinek zioen hizkuntza mitologia oso bat dela.

 

Gizakiok hizkuntzan bizi gara eta aldi berean hizkuntza gizakion baitan bizi da; batak bestea elkar eginez bizi gara. Gure bizitza eta bizitzaren zentzua hizkuntzaren parte dira eta hizkuntza, era berean, gure bizitzaren eta bizitzaren zentzuaren parte. Poetak gure paisaiaren ikuspen mitiko bat ematen digu, edo gure bizitzaren zentzuarena, Gandiagak Arantzazukoa; historiaren ikuskera ere poetak telegidatzen du sarritan, Shakespearek kasu Ingalaterrarena.

 

Gizakiak zentzua ipini behar du inguruan, dagoena zentzuz jantzi, duena bilakaraztearren, txabola bizigarri izan dakion errealitatea. Zentzuz jantziriko mundu horren inguruan, azpian, oinarrian, ezereza dago, esanezina, misterioa. Mitoak, erlijiozko ipuinak, ezerez misteriotsu horretara zabaltzen gaituzten zeinuak dira, errealitate isil ezkutuaren seinalkariak, enigmaranzko norabidea iradokitzen digute, eta ez, zientziak bezala, duguna ulergarri eta manipulagarri bihurtu. Erlijioen ipuinen baitan bizi da fededuna; heltzen doan heinean ipuinak, beren esanahiak eta eraginak, aldatuz doaz. Fededuna ere aldatuz doa ipuin horien eraginez. Eta aldaketa horien guztien arabera modu beti berriz ulertuz joango da unibertsoa, errua, heriotza, biziraupena, eta abar. Azurmendik, puskailak aipatzen dituenean, adierazi nahi du, besteak beste, doktrina eta ipuin horien bitartekaritza, bere burua enigma isilarekin harremantzeko orduan, hautsi egin zaiola.

 

Edonola ere, hizkuntzarekin batera zentzuz jantziriko bizitzaren azken fundamentua esanezina da, eta zentzuaren oinarria zentzubakoa, ezereza. Ezerezetik dago zintzilik zentzua. Ezerez horretan zuk Jainkoa ipini dezakezu eta kontsolagarri izan dakizuke.

 

Wittgensteinek esaten bazuen munduaren zentzua ezin dela izan mundua bera, ezta mundu barruko zerbait; izatekotan, mundutik atekoa behar lukeela, Azurmendik erantzungo dio mundutik kanpo bakarrik egon daitekeela guk aldez aurretik han ipinitakoa, eta ipini duenarentzat baino ez. Dena den, zentzuzko ordenaren azken fundamentua zer ote daitekeen adierazteak gainditu egiten du gure adimenaren gaitasuna. Nondik gatozen eta nora goazen, ez adiera fisikoan, baizik zentzuarenean... galdu egiten zaio azken urrun hori gure adimenaren ikusmenari. Azurmendirentzat “horizontea da nolabait, edo horizonteak ezkutatzen duen haraindiko Atzemanezina, Esanezina, hots, Ezereza (hala izendatu dute mistikoek Jainkoa! Oroit Heideggerren Ezereza); bera ezer ez “dena”, den-denaren zentzua delako. Azken hori, “esperientziazko” zentzua inguratzen duen azken zentzua, ez “da(go)”, ipini egiten da, eta inplizituko bederen beti ipintzen da -eta ipini, bakoitzak indibidualki gabe (edo: baino lehen), kulturak ipintzen du, hots, erabaki batek (derrigor akto bat ez den erabakia, gehiago bai jarrera bat), “fede” batek. Horrela, giza kontzientziak (erantzukizunak) norbere ekintza eta bizitzan, hirian, gizadiaren historian, unibertso osoan zentzuzko ordena bat jartzen (ikusten, suposatzen) du. Fisikoki espazio batean bezala, espiritual edo moralki zentzuren batean bizi gara. Baina ezerk ez du agintzen -razionalismo platonikoren batek ez bada- azken ertz edo muga hori zerbait bakar, beti eta noiznahi solido eta homogeneo, aldaezin bezala pentsatu eta formulatu beharra dagoenik, 'Monothéos'.”

 

Zentzugintza plural bat aldezten du Azurmendik; baina ez du jarduera liluragarri hori bideratuko liokeen hizkera egokirik aurkitzen.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.