Bizia: halabehar biak batera
Txillardegi, zelula eta makina parekatzeko Monoden eta Jacoben biologiaren joeraz diharduela:
«Kateko elementu bakar baten aldakuntza edo lardaskak, bai zuntz genetikoan, bai programa elektronikoan, ondorio berbera dakar: programak ez duela eman behar zukeena ematen; edo, huts hori egin delako, beste ondorio bat dakarrela. “Huts” horietaz baliatuz azaltzen ditu gaur Biologiak mutazioak eta eboluzioa».[1]
Alegia, ez diseinu adimentsuak baizik eta lardaskak eta zorizko istripu batek abiarazi zuten eboluzioa, espero zenetik ezustean desbideratzeak, epikurozaleen klinamenaren gisako zerbaitek; ez musikak, zaratak baino. Eta istripuak eta zaratak dakartzate eboluzioaren baitako mutazioak, halaber.
Hori bai, hautespen naturala ez da zorizkoa. Behin eboluzioa abian, hautespen naturalak zoria mugatu eta beharrizanaren arabera moldatzen ditu organismo bizidunak. Ezin hobeto egokitzen zaizkio biziari “halabehar” hitzaren adiera nagusi biak, maila semantikoan kontrakoak izan arren errealitatean uztarturik dabiltzanak: «bizia halabeharrezkoa da: txiripa hutsa eta behar hutsa batera».[2]
Dena den, hautespen naturalaren ahala gorabehera, zoria ez da desagertzen, presente jarraitzen du eboluzioan. Izugarri ugariak dira mutazioak; trilioitik gora, adibidez, bizirik gauden gizakion genometan gertatutakoak. Mutazioek ez dute xederik eta ez diote eragiten eboluzioaren norabideari. Bizirauteari eta ingurunean egokitzeari begira, neutroak dira mutazio gehienak, baina onuragarriak eta kaltegarriak ere izan daitezke. Hautespen naturalak egokitzeko eta bizirauteko abantailak dakartzaten aldaerak bultzatzen ditu. Zoriz sortzen bada ere aldakortasun genetikoa, ez da zorizkoa hedatzen eta transmititzen dena, baizik eta egokitzeko orduan eraginkorrena. Aitzitik, mutazio kaltegarriek desagertzeko joera dute.
