Bixente Serrano Izkoren omenez
Deusek ezin duenez askatasuna itxi eta amata, hain gutxi liburu batek, artikulu eta aforismo sorta egituraz aske bat eman digu Bixente Serranok, gizaki librea gainerako gizaki libreekin bildu beharko lukeen sarearen ispilu: atalak banaka irakur daitezke, baina aldi berean elkarri oihartzun egiten diote, giza askatasunari ez baitzaio bakardade lehorra komeni. Liburuxka hau arras da urduria, eztabaidagarria, bizia; etengabe iradokitzen dizkigu bide berriak. Eta ez dakar, zorionez, libertatearen ohiko laudorio poetiko sutsua.
Bixente Serranok ederki ezagutzen du Mendebaldean askatasunaz idatzi dena; puntuz puntu ezatabaidatzen ditu guri sakonkien dagozkigun jarrerak: Nietzsche, Sartre, Popper, Fromm, Arendt eta Azurmendirenak, besteak beste. Hala ere, liburu honek gutxi du bilduma eruditutik edo jolas intelektualetik. Serranok gorputzean sentitzen du libertatea: zehazki, beldurra du jaregile nagusitzat. Irakurleak kezkaturik galdetzen dio bere buruari pentsalari nafarra askatasuna eta ikara elkartzera eraman duen esperientziaz.
Harira: Serranok nahimenean kokatzen du askatasuna, ez arrazoian edo adimenean. Ordea, arrazoia munduan irrazionalki agertu zen bezala, nahimena ere nahi gabe zen sortu, naturaren indarra eta beharra baitu sustrai. Hain zuzen, giza nahiaren aurreneko ihesak naturaren bortxatikoak izan ziren. Serranoren ustez, ez du zentzu handirik egungo ekologismo batek proposatzen duen naturara itzulerak libertate galduaren bila. Historian baitabiltza askatasun nolanahi ere ez guztiz asebetegarriak. Historian zehar lorturiko hainbat esparru libreren lantzea, lehenagoko egoera beldurgarrietatik hanka egite gisa interpretatzen du Serranok: esklabotasunaren debekua, sufragio unibertsala, autodeterminazio eskubidea, hizkuntza txikituen aldeko diskriminazio positiboa. Haatik, askatasun-nahia gaur egun gehiago dabil gizarte uztarrietatik ihesi, desobedientzia zibilean, naturakoetatik baino.
Naturatik zein gizartetik jaregin, dena den, libertatea maizegi lotzen diogu garaipenari eta handitasunari: desira egoistak menperatzeari, esate baterako, arimak bat egin dezan patuarekin, Jainkoarekin, arrazoiarekin, komunitatearen aginduarekin edo kausa zuzenarekin; bestela, erlijioaren edo gizartearen katea hausteari, gurari naturalei bide ematearren. Izan ere, Mendebaldean, ekimenik eraginkorrenak oroz lehen soldaduen, heroien eta santuen eskutik etorri dira, eta hauek, gizartea militarki eta hierarkikoki egituratu ostean, erdietsi dute beren ezaugarri psikologikoak eredutzat har daitezen. Halatan, gatazkaz eta gailentzeaz dugu libertatearen sentimendua hornitu.
Serrano ez da fio. Sumatzen du askatasuna aldarrikatzeko molde hau ez dagokigula gizaki gehienoi, baizik zenbait gizakik beren buruaz eman nahi duen itxurari. Haboro baitu gizakiak koldarretik heroitik baino. Egokiagoa baita hanka egiteko erasorako baino. Gizarte eta arima militarrei zaie onuragarri heroiaren gorazarrea. Heroiaren eredugarritasuna sustatzeak herio du bizkortzen.
Horrenbestez, Serranok askatasuna bahiturik izan duten zeru sublimetik jaregin eta gizaki txepeloi itzuli digu. Beldurra lako gorputzeko sentsazio bat etxekoago eta beraz demokratikoagoa baita gizandien bikaintasuna baino. Askatasun-nahia bera da garrantzitsuena Serranorentzat, hau da, bidea; ez horrenbeste helburu zehatzak. Bidean dabilena baita libre eta zuzen, alegia, bidezko. Aldiz, heroiak sarritan bidegabeak izaten dira, hots, ibili askeari bidea ebasten diote, itxiturazko utopiak eraikiz, jarioak eragotziz. Bestalde, erabateko libertatea, izatekotan, ezin denez heriotza baino izan, bizirik gauden heinean tai gabe ditugu hanka egiteko aukera berriak, are bidea ebakiko ligukeen Egia, Justizia edo Zorionen bat nahi izatekoa ere, libertatea ukatzeko ere libro baikara.
Askatasuna bezalako gai klasiko bati Bixente Serranok ezusteko alde batetik heldu dio, eta era berri batez margotu digu: askatasunaz inor ez da sekula Bixente Serrano bezala mintzatu.
Jarraituko ahal dute euskal saiogileek Beldurra bera zaldi honen tankerako ale libreak argitaratzen!