Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Bigarren Wittgenstein eta idi-dema

Bigarren Wittgenstein eta idi-dema

Markos Zapiain 2024/02/15 13:15

Bigarren Wittgensteinek munduko hizkera ugari aldakorrak bere horretan onartzearen eta uztearen alde egingo du. Edozein hizkuntza da osoa dagoen bezala. 

Filosofia-azterketak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia, eta TratatukoLehen Wittgensteinekin kontrastatzeak hobeto ulertzen laguntzen du. Horregatik eskatu zuen Wittgensteinek liburu biak batera argitaratzeko, euskaraz egin den bezala. Umiltasun-adierazpen gisa ere ulertu du zenbait adituk: begira zein erratuta nengoen.

Filosofia berriaren edukiaren ildotik, Bigarren Wittgensteinek Tratatuaren metodo hertsiki sistematikoa alde batera utzi eta ikuspegi zatikatu bat erabiliko du, bere gogoaren baitan paseo amaigabean ibili ahala bertako paisaien bilduma kubista egingo balu bezala.  Poesia bezala idatzi beharko litzateke filosofia. 

Zenbait puntutan jarraitutasuna dago Tratatuaren eta Filosofia-azterketen artean: filosofia ez da teoria, ez doktrina, baizik eta jarduera bat, jarduera argitzaile bat, hizkuntzan zentratua.

Beste zenbaitetan ez: Bigarren Wittgensteinen arabera, ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak bilakatzen dituenik esaldiak onargarri eta zentzudun, ez baitago halako isomorfismorik. Diferentziak nabarmentzen ditu gehiago Bigarren Wittgensteinek identitateak baino. Natur Zientzietakoa ez da hizkuntza erabiltzeko moduetako bat baizik, eta ez dago besteen gainetik.   

Bigarren Wittgensteinentzat, gauzak izendatzea ez da hizkuntzaren erabilera zuzen bakarra. Zaila da zehaztea zer gauza izendatzen duten “Ez”, “Lagundu!”, edo “Zenbaki naturalen seriea infinituraino luza daiteke” bezalako esapideek. Bestalde, izenaren zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon filosofoarekin batera zendu. 

Bizitza errealeko erabilerak erabakiko du hitzaren zentzua. Erreminta-kaxaren antzekoa da hizkuntza, eta hitzak —mailua edo giltza ingelesa bezala— hainbat zereginetarako balia daitezke. Anitz erabilbide eta helburu dute hizkuntzaren adierazpenek, eta Natur Zientzietakoak bezain egokiak dira agindua ematea, hizkuntza batetik bestera itzultzea, istorioak eta txisteak kontatzea, erregutzea, eskertzea, madarikatzea, eta abar.                                                                                                                                                              

Hizkuntza-joko jakin batean bizi dira hitzak eta esaldiak. Hainbat jarduera eta arlotan baliatzen dugu hizkuntza, eta erabilera horietako bakoitza hizkuntza-joko bati dagokio. Beraz, esaldiaren esanahia ezagutzeko, dagozkion jarduera eta hizkuntza-jokoa ezagutu beharko ditugu. Bizimodu jakin batean daude txertatuak hizkuntza-jokoak, eta hizkuntza bat irudikatzea bizimodu bat irudikatzea da. Logika ez da etnologiaren adarretako bat baino. Filosofiak aski du eguneroko hizkuntza deskribatzea, ezer azaldu edo hobetu barik. Aurrean duguna argiro ikustea da bidea, pentsamendua eta teoria zokoraturik.  

Hizkuntzaren funtsezko zerizanik ez dagoen legez, hizkuntza-jokoek ere ez dute azken oinarririk. Gainerako jokoek eta jolasek bezala, ez dute Wittgensteinek “senide-antza” deritzona baino. Zaila baita definizio bakar batean barnebiltzea idi-dema, errugbia, korro-dantza, bakar-jokoa kartetan, xakea, joko parlamentarioa, umeak baloia hormaren aurka botatzea eta jasotzea behin eta berriz… Profesionalak dira joko batzuk, zenbaitetan ez da garaipena edo saria bilatzen, ez dago lehiarik, edo bakarra da jokalaria, edota ahaleginak ez du inongo zereginik, zorizkoa baita… Esan bezala, ez dago joko eta jolas guztien oinarri komun bakarra —horregatik huts egiten dute hiztegietako definizioek—, baina bai, ostera, familia-kutsu lauso samarra, antzekotasunen sare konplikatua. 

Hizkuntza-jokoekin, berdintsu: asko dira —Wittgensteinek inoiz ez du “hizkuntza-joko” idazten, singularrean—, aldakorrak… Zentzugabekeria da Tratatuan bezala hizkuntzaren esentzia logikoa irudikatzea. Filosofiaren zereginetako bat hizkuntza-joko errealetako arauen deskribapen argia litzateke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.