Bigarren Wittgenstein eta araua
Xakean ez zara ba hasiko zaldia dorrea legez mugitzen. Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Ez da komeni “ostia” elizan erabiltzea ringeko hizkuntza-jokoen arauei jarraiki.
Bigarren Wittgensteinek kontra egiten dio araua ulertzeko modu mitologiko bati: behartzen gaituen erraila litzateke araua, mekanikoki determinatuko lituzke bere aplikazioak, objektiboki ezarriko lituzke zuzentasun-irizpideak. Bestalde, barne-prozesu misteriotsu bat litzateke arauei jarraitzea, itsuki obedituko genieke.
Aldiz, Wittgensteinen uste du arauek antz handiagoa dutela, errailekin baino, bide-seinaleekin, jarrai daitezkeenak edo ez.
Arazo pare bat, dena den: arauak ez banau mekanikoki behartzen, edo ez baditu aldez aurretik bere aplikazio guztiak determinatzen, orduan zerk bermatzen du ez dudala jarraitu beharreko araua gaizki ulertu, edo ezustean saihestu, edo oharkabean zokoratu? Zertan oinarritu eragozteko edozein listok komeni zaionean dorrea alfila balitz bezala mugi dezan?
Askatasun horrek ez ote garamatza arauei buruzko eszeptizismora? Arauari obeditzea edo ez obeditzea libre bada, ez al dugu anabasa erakarriko? Nola moldatuko gara elkarrekin jokatzeko, xakean zein hizketan?
Wittgensteinek, Humek bezala, ohiturari heltzen dio hor, usantza kolektiboari. Ez diozu arauari bakarka eta zeure kabuz jarraitzen, modu pribatuan; aitzitik, komunitateak eutsitako praktika da. Ez du zentzurik esateak norbaitek esaldi bat edo batzuk berak bakarrik ulertzen dituela, edo arau bati edo zenbaiti berak bakarrik jarraitzen diela. Arau bati bakarrik pribatuan jarraituko bagenio, ezingo genituzke bereizi benetan jarraitzea eta jarraitzen diogula sinestea.
Bestalde, arauari ez diozu bizitzan behin bakarrik jarraitzen; praktika konstante bat da. Giza jardueren testuinguruan hartzen du arauak zentzua. Horregatik, beste kulturek, arau desberdinak erabiltzeaz gain, ez diete arauei guk bezala jarraitzen: ez datoz bat gure erreferentzia-esparruekin, bestelakoa dute bizimodua.
Jendeak egiten duenari begiratu behar diogu. Eta jendeak badaki arau jakin bat betetzen ari den ala ez; ez dio bere buruari filosofo eskasak bezala galdetzen “hau ezinegona, nola ote dakit zehazki arauari behar bezala jarraitzen ote diodan?”
Jendeak badaki hizkuntzaren arauak betetzen dituela ingurukoekin mintzatu eta elkar ulertzen dutelako. Arauari jarraitzen diot horretarako trebatua izan naizelako, eta arauari obeditzera narama inguruan beti jokabide horixe ikusi izanak: hezi nindutenek ere horrelaxe jokatzen zuten, horrelaxe jarraitzen zioten arauari. Akordioan eta azturan oinarritzen direlako eman ditzakete arauek zuzentasun-irizpideak. Araua zuzen betetzea komunitatearen jardunbideetara egokitzea da. Komunitateko kide gisa dugun prestakuntzari esker lortzen dugu arauak betetzeko gaitasuna; besteak beste, esaldiak zuzen erabiltzekoa.
Ohitura, hizkuntza-joko eta bizimodu jakinetan agertzen eta gertatzen dira arauak. Gizarteko praktika linguistikoan sortzen eta aldatzen dira, ez dute sakonagoko mamirik. Eguneroko bizitzako jardueretan oinarriturik hartzen du zentzua arauaren deskribapenak. Desberdinak baitira zientziaren hizkuntza-jokoetako arauak, erosketan erabili beharrekoak, elizan, zirkuan, eta abar.
Horrela, Wittgensteinek erakusten du ez gaudela behartuta “obligazioa ala kaosa” alternatibara. Baldin eta arauen mitologia bere tokian jartzen badugu, ikusiko dugu derrigortasun inposatzailearen nozioak ez digula laguntzen hizkuntza-jokoetako arauak hobeto ulertzen.
Era berean, bizitzak darakutsagu ez dela erreala askatasun desartikulatuaren arriskua, alegia, jarraitu beharreko araua bazter utzirik edozer eta aldi berean kontrakoa egitekoa.
Arauei dagokienez ere Wittgensteinek, ohi bezala, disolbatu egiten ditu filosofiaren funtzionamendu egokia eragozten duten oposizio kaskarrak.