Bertso bi, bat Baionan bestea Bilbon
Auskalo zer irudituko zitzaizkien epaimahaikideei, zer puntuazio lortuko zuten, edozelan ere uste dut bertso hauek erabaki zutela Ibarzabal Baionan eta Arzalluz Bilbon gailentzea, edo, zehatzago, bertso hauek bota izanak erakusten du bakoitzak bere saioa irabaztea merezi zuela; sasoia, dohaina eta artea goren gradura eraman zituztela, ohikoa baino koxka bat gorago bai, bederen.
(Frantziak euskarazko azterketak debeku)
Orain bertsoa ia ondare/ immaterial da, tira,
baina hortarako baliabide/ materialak behar dira.
Seguru Beñat Gaztelumendi iritzi horrekin bat letorkeela, kontuan hartuta zelan begiratzen dion bertsoa kantaturikoan, nolako irribarrea loratzen zaion.
(Futbolari gisa) Makala nintzen, baldarra nintzen,/ dena aitaren herentziz.
Nahiz ta askotan galtzen genuen/ ta batzutan diferentziz,
pozik nentorren txokolatezko/ bokadillo bat irentsiz.
Semeak bere akatsen errua aitari halako ironia eta hurbiltasunez leporatze horrek, “makala nintzen, baldarra nintzen, dena aitaren herentziz”, bide berri bat irekitzen die Euskal Herrian aski zailak izaten diren aita-semeen arteko harremanei (beharbada mundu osoan). Ez dut antzeko goxotasunik gogoratzen euskal literaturan, baina edadeak memoriari dakarkion kaltea izan liteke.