Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (2)

Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (2)

Markos Zapiain 2021/11/09 09:25

BEATRIZ FERNANDEZ

Problema da ama hizkuntzari loturiko hainbat konplikazio ezin azal daitezkeela Arendtek bere egiten duen ikuspuntu horrekin, hedatuena duda barik. Parametro horiekin, esaterako, nekez erabaki dezakezu zein izan zen Montaigneren ama hizkuntza. Horixe da Beatriz Fernandezek Ereinek argitaraturiko Hizkuntza gogoan apartan ekarri diguna: ama hizkuntzari buruzko betiko ikuspuntua konplikatu, aberastu eta zehaztea. Arendtek, jende guztiak bezala 1964an, ez du erabiltzen "ama hizkuntza" baizik. Aldiz, Fernandezek "ama hizkuntza" baino maizago darabil "lehen hizkuntza", jendartean nabari den  gurasotasun dibertsoaren aldeko joerarekin bat, gero eta aiseago aurki baititzakezu ama hizkuntza eta amaren hizkuntza bat ez datozen kasuak. 

Kontua da ama edo guraso hizkuntza bat baino gehiago izan ditzakezula, bai aldi berean eta bai bata bestearen ostean. Arendtek elkarrizketa eman zuen garaian, Psikologia Kognitiboa ez zegoen ama hizkuntza ezinbestez bakarraren mitoa deseraikitzeko moduan, artean ez zituen aurkituak hainbat datu zientifiko erabakigarri. Gaur egun badakigu, lehen ama hizkuntza ahaztuta ere, ez duzula zertan bigarren hizkuntzan klixez klixe ibili, eta sormen linguistikoa lehenbiziko ama hizkuntzan bezain indartsua izan dezakezula.

Hori bai, ama edo familia hizkuntza berria ezin dugu edonoiz barneratu. Beatriz Fernandezek bere egiten du Eric Lenneberg amerikar biologoaren aro kritiko edo sentiberaren hipotesia: hizkuntzaz jabetzeko aro zehatz bat dago, nerabezarora arte luzatzen dena. Aro kritikoan hizkuntzarekin harremanik izan ezean, aurrerantzean ez dago hizkuntzaz jabetu eta mintzamena osotoro garatzerik. Hitzak eta hitzen esanahiak bai, ikas ditzakezu, baina ez gramatika.

Nerabezaroa baino lehen, garunaren plastikotasunak hizkuntzak berez, errazki eta naturalki ikastea ahalbidetzen du. Ostean, galdu egiten dugu ahalmen hori. Haurtzarotik nerabezarora arte, ordea, lehen hizkuntza bat ikas dezakegu, eta gero bigarren hizkuntza bat geureganatu eta lehenbizikoa ahaztu. Zein duzu horrelakoetan ama hizkuntza, familia hizkuntza, zeure hizkuntza naturala?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.