Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (1)
HANNAH ARENDT
Ama hizkuntzari buruzko ohiko ikuspuntuari jarraitzen dio Hannah Arendtek, 1964an Alemaniako telebistan eskaini zuen elkarrizketa zoragarri batean. “¿Qué queda? Queda la lengua materna” izenburua jarri diote gaztelaniazko youtuben, “Zer gelditzen da? Ama hizkuntza gelditzen da”. Arendtek elkarrizketan botatzen duen esaldietako bat da. Testuingurua: elkarrizketatzaileak galdetu dio ea Hitler aginteaz jabetu aurreko garaitik zer galdu den betiko eta zerk irauten duen.
Arendtek erantzuten dio ez duela 1933 baino lehenagoko urteen inongo nostalgiarik. Eta zer gelditzen den? Hizkuntza. Bera modu kontzientean ahalegindu da beti ama hizkuntza ez galtzen. Ama hizkuntza da Frantziako eta AEBeko erbestealdietan berariaz iraunarazi duen egitate esentziala. Nolabaiteko distantzia ezarri du ederki mintzatzera iritsi den frantsesaren aurrean, edo lan-tresna eta eguneroko hizkuntza duen ingelesaren aurrean. Arendtek dioenez, alde ikaragarria dago ama hizkuntzaren eta gainerako guztien artean. Buruz daki alemanezko poesiaren historiaren zati potolo bat eta beti dabilkio oroimenean atzera eta aurrera. Hori ezin izan du hizkuntza berriekin errepikatu. Une mingarrienean ere, Bigarren Mundu Gerran, Arendt juduak beti eutsi dio alemanari, beti, hiztunak erotu baitziren, ez hizkuntza bera. Borondatez eutsi dio beti eta nonahi ama hizkuntzari. 1933an Frantziara ihes egin zuenez geroztik, 1949an itzuli zen lehenbizikoz Alemaniara, eta gozamen sakona eragin zion jendea kalean alemanez mintzo entzuteak.
Arendten esanetan, ez dago ama hizkuntza ordezterik. Alemanez bere buruari baimentzen dizkio ingelesez inondik inora onartuko ez lizkiokeenak. Egia da ama hizkuntza ahaztu daitekeela, Arendt bera halako ahanzturen lekuko izan da. Eta ama hizkuntza ahaztu duen jendea hobeki da mintzo hizkuntza berrian Arendt baino, honek azentu aleman nabarmena baitu ingelesez mintzo delarik, alemana ahaztu dutenek ez bezala. Ordea, ahanzkor horiek hizkuntza berrian klixez klixe dabiltza, zeren, ama hizkuntza ahazturik, suntsitu egin baitzaie hizkuntzari loturiko sormena.
(Bide batez, zein norabide hartuko zuketen filosofia politikoak eta euskarak baldin eta Orixe eta Hannah Arendt Gursen aldi berean egon zirenean elkar ezagutu, maitemindu eta Arendtek Heidegger behin betiko baztertu eta gure poetarekin gelditzea erabaki izan balu?
Orixek hainbat datu jakinarazi ahalko zizkiokeen, totalitarismoari buruzko Arendten tesiak aberasteko.
Eta Orixek, “Quiton arrebarekin” edo “Jainkoaren bila” beharrean, “Badoaz ilargira kohetea eta iraultza” poema-liburua idatziko zukeen, euskal literatura goitik behera astinduz berriro. Lastima.)