Baserria-ko Asier Alegria prenerabearen garaipenak
Asier Alegria bermeotarrak hamasei urte bete zituenerako 110 bat asto-lasterketa zituen irabazita. Hamaika, hamabi eta hamahiru urte zituela Espainiako txapelketak irabazi zituen Tricion, Titin pilotariaren sorlekuan.
Ez da erraza astoa ganoraz gobernatzea. Behin batean, Gernikan, ohi bezala zeraman Alegria asteme batek, artez, baina supituki atzetik zetorren arra sexualki kilikatu eta Asierren emearen gainean jartzen ahalegindu zen behin eta berriro, biolentzia handiz. Azkenean, hala ere, Asierrek irabazi.
Hainbat sekretu daki Alegriak astoaren abia mantsotu zein bizkortzeko. Gai da, konparaziorako, asto gainean eseri barik atzean patinetan astoari helduta zutik joanda ikaragarrizko lastertasuna lortzeko. Ezkerreko belarriari eragin eta segituan jartzen dizu astoa hamaikagarren martxan, abiadura maximoan.
Gorabehera jakingarriak gertatu izan zaizkio asto-laguna iel edo altan dela. Egun batean, lasterketa garrantzitsu bat hastera zihoala, Asierrek astemea ukitu baino ez eta arreskearen ohiko adierazpenak eragin zizkion ezustean: haginez beteriko aho-zabaltze ikusgarria eta jarrera busti pasiboa, hain zuzen. Horrek, noski, dema irabaztea eragotzi zion, lasterketa bera hasi baino lehen.
Gutxi izan dira, ordea, Alegriak galdutako asto-probak.
Horrelakoak entzunda, ziplo pizten da galdera: nolatan ez du Alegria bezalako punta-puntako txapeldun batek gizarte ezagutza handiagoa jaso? Nondik nora ez da Muniain edo Jon Rahm bezain ospetsu, bere kirolari ekarpen garrantzitsuagoak egiteaz gain domina gehiago irabazi baldin baditu? Asier Alegria Baserrian lehiatzeak zergatik ez du ekarri Kortak edo Mikel Goñik sortuko luketenaren tamainako zarata mediatikorik?
Biziki ederra da asto-proba. Hunkigarria izatera hel daiteke, zaldi-lasterketetan bezala, gidariaren eta aberearen arteko konplizitatea, zerikusirik ez toreatzaileak zezenari eragiten dion torturazko odoluste makabroarekin. Ez da harritzekoa Hadriano enperadoreak bere zaldi maite "Boristenes" hil zenean egundoko hileta antolatzea, eta marmolezko hilobi eder batean lurperatzea. Ezagutu zuen inork ez du "Indurain", Alegriaren astotxoa, "Boristenes" baino eskasagotzat.
Asto-demetatik bi-biak, piztia zein gizakia, bizirik irteten dira, konfiantza giro ederrean, eta ulergarriago egiten zaizu zoofilia.