Bake prozesu berriaren ezaugarri batzuk
Nazioarteko Boskotea garrantzitsua izango da behin lanean hasitakoan, baina dagoeneko badira elkarrizketak PSEren eta ezker abertzalearen artean, prozesua aurrera doa. Lehen berri edo primizia bat emango dizuet, berri fresko-freskoa.
Igandean Karmelo Landak eta Rodolfo Aresek Bilboko Mao jatetxean bazkaldu zuten. Topalekutzat Mao izeneko toki bat aukeratu izanak sozialisten hurbiltze nahia adierazten du noski, solaskideari konfiantza emateko keinua duzu, berriki espetxetik atera den Karmelo Landa EMKn ibilia baita, kutsu maoista nabarmeneko mugimendua berau.
Halako batean, bi buruzagi karismatikoak zein bere mahaitik altxatu eta komunean sartu ziren. Bertan biak bakarrik luzaro egon ondoren, irribarretsu itzuli ziren jangelara. Mahaira eseri bezain laster, Aresek mugikorretik deitu zuen, ziur aski Rubalcabari, lagun minak dira.
Elkarrizketa babesten edo, jangelan ziren halaber Xabier de Irala, BBKko buruzagi ohia, eta Jon Azua, Ardantzaren Jaurlaritzako industria sailburu eta lehendakariordea. Dena dela, jangelan oroz lehen mister España bat zegoen, Jorge Fernandez, telebista aurkezle ere badena.
Loiolako ereduarenak egin du, bistan da. Susmo hau ari da Euskal Herrian nagusitzen: oraingo elkarrizketak sakabanatuak dira, bikoteka mamituak, gehiegi ezkutatu gabekoak, eta apezpikua beharrean mister edo missen bat dute moderatzaile, edertasunari darion oreka xarmanta lagungarri baitzaio gatazkaren konponbideari.