Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Bakarrik esnatu naiz

Bakarrik esnatu naiz

Markos Zapiain 2008/07/08 12:15

Amy Winehousek bere burua ez du batere gustuko eta horregatik sentitzen dugu hainbatek eta hainbatek oso hurbila. Bere burua ahazteko bideetako bat du kantugintza eta kantatzea bera. Nazka uholdetik ihesi, ez du bake apur bat aurkitzen abestian baizik. Gizaki garen heinean, Amy Winehouseren bizitza, hondamendi hutsa denez gero, biziki zaigu interesgarri. Edonola ere, miraria, betiereko arte handian bezala, anabasazko oinaze itsu hori kantuan eta erritmoan transfiguraturik berrerosi ahal izatea da.

Hain gutxi gustatzen zaizkio Amy Winehouseri bere aurpegia eta bere gorputza ez baititu batere zaintzen, ezta arropa ere, eta horrela daraman motots ikusgarria atontzeari eskainiko dio ardura osoa. Gure arreta mototsean jartzea nahi du, gainerako gorputz atalak ikus ez ditzagun. Depresioan maila bat hondora egin duela sentitzen duelarik, koxka bat goititzen du mototsa. Argandan hiru errotuluk apaintzen zuten Amyren tutulua: hiruretan zekarren “Blake”, “Blake”, “Blake”, bere senarra, gaur egun espetxean.

"Back to Black"eko letrak Blakerekiko maitasun harremanetan izaniko krisialdi batek beharturik idatzi zituen.

Ken Zazpikoak maiz mintzo dira galduriko neska errealaz (joan da, bereizi gara, utzi nau, hil da), irudimenaren bidez berreskuratua: Laboaren kantu zaharretan, Lapatzako olatu bortitzetan, beti eta nonahi berragertzen baita. Edo “Noizbait”en, galdutako neska aurkitu eta gertu sentitzeko modu bakarra “begiak itxiz” da. Edozein gisaz, utzi ez gaituen maite erreala ere denborak darama; baina gelditu denbora eta maiteak eternitatearekin bat egingo du eta beti laztandu ahalko dugu altzoan goxo-goxo maite jainkotua, alegia, irudimenezkoa, "inoiz amestu bako lurretan".

Ostera, Amy Winehouserentzat bikote harremana erremediorik gabeko suntsitze prozesua da eta alferrikakoa dugu irudimenezko babesa.

Wake up alone

abestian, Amy abandonatua gaixorik dago hainbeste negar egiteagatik, baina egunez etxea garbitzen du, okupatuta dagoenean gauzak ondo doaz, edozein zereginetan murgiltzen da bere buruari Blake non ote den galdetu behar ez izateko, atzera eta aurrera dabil pentsatzeari buruz pentsatu behar ez izateko…

Baina zentzunari eusteko ahalmen isil hori ilunabarrarekin batera arrakalatuko zaio, eguzkia gorde bezain laster oinazea bularrean, odola hotz dabilkio, arnasestuka eta antsika hasi da, ilunak estali du, ezin dagoeneko ihes egin, badoa ohera, Blake basati ageri zaio ametsetan, Amyren erraiez jabetzen da, beldurrezko uholdeak sentiarazten dizkio, Blakerentzat busti egiten da Amy, elkarrekin bainatzen dira ohean argi urdinpean, Blakek igeri egiten du Amyren begietan, Amy Blakeren gainean isuri da, ilargia ere logelan isuri da, baina…

BAKARRIK ESNATU NAIZ.

Rilkek zioen amodiorik egiazkoena abandonaturiko emakumeak sentitzen duela, abandonatua baina oraindik maitemindurik, zinezko maitasun bakarra dela maitale baztertuak erantzuten ez duen maitearengana sentitzen duena, Saforena, Magdalako Mariarena, Eloisarena, Gaspara Stamparena, Alfonsina Stornirena…

Zerrenda honetan dugu “Wake up alone” idatzi duen Amy Winehouse ere.
eli
eli dio:
2008/12/21 21:29



Amy Winehouse abeslaria lurrean dago, burua lehertuta, odol putzu batean. Tiro bat jaso du bekokiaren erdian. Ustezko hiltzailea gorpuaren aldamenean dago, lasai eserita, arma eskuetan... William Burroughs idazlea da.

Ezin da erreala izan, noski. Eskultura bat baino ez da, Marco Perego artistak egina. New Yorkeko arte galeria batean dute salgai egunotan. The Only Good Rock Star Is A Dead Rock Star izenburua jarri dio artelanari egileak. Bideo honetan azaltzen du zer esan nahi duen eskulturarekin: "Rock izarrak dira egungo gizartearen sakrifizioa".

Ez zaio arrazoia falta. Ez dut uste gehiegi esatea dela ia planeta osoa dagoela ikuskizunaren zain, Winehouse hilik noiz agertuko den esperoan. Are gehiago, horretara bultzatzen ari gara musikari gaztea.

Sakrifizioa


Aurreko batean kontatu nuen Georges Bataillek ekarri zuela sakrifizioaren gaia lehen planora joan zen mendeko erdialdean.

Jacques Derridak liburu oso bat eskaini zion gaiari: Donner la mort (1999). Abrahamen sakrifizioa jorratzen du filosofo frantziarrak. Isaac, bere seme bakarra, hiltzeko agintzen dio Jainkoak Abrahami. Bai eta honek obeditu ere. Ez du hilketa gauzatzen. Aingeru batek gelditzen dio eskua, labanarekin semeari lepoa moztera doanean. Horrez gain, Herman Melvilleren Bartleby narrazioa aztertzen du. Bere burua hiltzen uzten du protagonistak, apatia hutsez.

  • Nola ez harritu, bada, bi istorio ikaragarri bezain hutsal hauetan emakumearen faltagatik? Aita eta semearen istoria da, gizonezko-irudiena, gizonen arteko hierarkiena (Jainko Aita, Abraham, Isaac [...].

Sakrifizioaren lege unibertsalari erantzuten dio horrek, Derridaren arabera, eta galderak egiten ditu filosofoak:

  • Sakrifizioaren erantzukizunaren logika aldatuko litzateke, bigunduko, desbideratuko, emakume batek horretan era erabakigarrian esku hartuko balu? Sakrifizioaren erantzukizunaren sistema hau [...] funtsean  emakumearen bazterketa edo sakrifizioa al da?

Galderak airean zintzilik uzten du Derridak. Dena den, berehala argitzen du sakrifizio honek ez duela zerikusirik sakrifizio tragikoarekin edo heroiarekin. Horretan beti aritu da emakumea protagonista.

Bistan da, arrazionaltasun batetik (arrazoia absurdoa bada ere) azal ezin den sakrifizioaz ari da Derrida hor. Kontua ez da sakrifizio horrek ez duela zentzurik, baizik eta zentzua baztertzen duela. Are gehiago: zentzurik ez izateak bihurtzen du sakratu.

Halako sakrifizioa bilatzen zuen Bataillek, eta errealitatean gauzatzeko zorian ibili zen, aurreko batean kontatu nuenez.

Joan Vollmer eta Izpiritu Itsusia


Halako sakrifizio batek bihurtu zuen idazle William Burroughs, ordura arte pijo-junky bat besterik ez zena. 1951. urtean, Joan Vollmer bere emaztea tiroz hil zuen Burroughsek Mexiko Hirian. Askotan bezala mozkortuta zeuden biak, eta askotan bezala, lagunak entretenitzeari ekin zioten Wilhelm Tell jolas batekin. Vollmerrek edalontzi bat jarri zuen burugainean, eta Burroughsek tiro egin zuen, ontzia hautsi eta bere trebezia erakusteko.

"Zerk edo zer nire eskua mugitu zuen", esan zuen gero kalkulagailua asmatu zuen gizonaren bilobak.

Burroughsek "izpitu itsusi" delako bati egotzi zion gertaturikoaren erantzukizuna eta serio idazteari ekin zion, zulotik ateratzeko. Horren fruitua izan ziren Junkie, Queer eta The Naked Lunch eleberriak. Bistan da, heriotza sakrifiziala gisa ulertzen zuela Burroughsek berak Vollmerrekin gertaturikoa.

  • Beraz, joanen heriotzak harremanetan jarri ninduen inbaditzailearekin, Izpiritu Itsusiarekin, eta bizitza osorako borrokara behartu nau, non idaztea den nire irtenbide bakarra.

Inbaditzailea lengoaia da Burroughsentzat, hortik haren lelo "lengoaia birusa da". Lengoaiak eta horretatik eratorritako arrazoimenak preso du gizakia. Bizitzaren arerio, birus, inbaditzaile edo Izpiritu Itsusi, horren kontrako borrokari eskaini zion Burroughsek bere lana, Vollmerren sakrifizioak behartuta.

Lengoaiaren aldarean hilak


Burroughsen lana eta Bataillerena lotuta daude beraz, Nietszcheren iturritik edaten dutenen heinean. Biek egin zuten gehiegikeriaren literatura, biek borrokatu ziren lengoiaren kontra (Burroughsek cut-up teknikaren bidez, Bataille, Derridaren dekonstrukzioaren aitzindari gisa).

Sakrifizio zapuztu bat eta "istripu" bat, Thot lengoaiaren tximu-jainkoaren aldarean. Bi emakumeon gorpuen argazkiak ditugu. Ez ditut hemen jartzen morbo hutsarengatik. Posmodernitatearen benetako cadavre exquis bezala baizik.

peignothilda

 Colette Peignot hilda, 1938




 Joan Vollmer, Mexiko Hiriko morgean, 1951


Derridak azterturiko sakrifizio adibideetan ez bezala emakumeak dira hor protagonista. Protagonista diot, ez biktima. Paradigma aldaketa baten erakusgarri dira? Irakurketa feministarik egin daiteke? Ez dakit.

Amyren bihotz sakratua


Marco Perego artistak argi ikusi du egungo rock eszenak hartu duela sakrifizio paganoen eta sakrifizio kristauaren lekua gure gizartean: Elvis hil eta piztu egin zen, Jimi Hendrix, Ian Curtis, Kurt Kobain... Eta emakume bat: Janis Joplin.

Espektakuluaren mundu-moloch gose da. Oi Amy, zure gorpu hotz eskisitoa ikusi nahi dugu, aluminio paperean bilduta. Estigmak ikusi nahi ditugu zure besoetan. Zure talentua ez da gizatiarra. Ireki zure bularra, barruan zer duzun guri erakusteko.
urbinaga
urbinaga dio:
2008/07/16 07:58

Amy Winehousek unkitu zaitu, please "Rehab".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.