Azurmendi ere, Txinarako bidean
After Babel liburuan, Steinerrek, gogora dezagun, hizkuntzaz zerbait benetan berri eta orohartzailea esan duten pentsalarien zerrenda laburrean sartzen du Humboldt, Platon, Vico, Coleridge, Saussure eta Roman Jakobsonekin batera. Zertan datza ordea berritasun hori?
Humboldt ez da mugatzen aurreko filosofoek hizkuntzari buruz zuten galdera bati erantzun berri bat ematera; gainera, hizkuntzari buruzko galderak egiteko modua aldatu du. Lehen, hizkuntzak pentsamendua nola adierazten duen galdetzen genuen. Humboldtek hizkuntzak pentsamendua nola eratzen duen galdetu du. Lehen, gizakiak hizkuntza nola sortu zuen galdetzen genuen. Humboldtek hizkuntzak gizakia nola sortzen duen ere galdetu du. Lehen, hizkuntzaren izaera naturala eta haren izaera historikoa elkarren aurkako azalpenak izan zitezkeen. Humboldtek biak uztartu ditu.
Steinerrek erabilitako bi adjektiboak dira hemen esanguratsuak: new eta comprehensive, berria eta orohartzailea. Beharbada, bigarren adjektiboak lehenengoa argitzen du. Humboldten begirada orohartzailean legoke bere berritasuna, aurreko teoriek banaturik edo elkarren aurka pentsatu zituzten fenomenoak batera pentsatzeko gaitasunean.
Sapir eta Chomsky, seme kontrario bi
Humboldten pentsamoldearen berezitasuna haren ondorengoen arteko desadostasunetan ere suma daiteke. Sapirrek zein Chomskyk hartu dute Humboldt aitzindaritzat, arras bestelakoak izan arren hizkuntzari buruz dituzten ikuspuntuak.
Chomskyk giza mintzamenaren batasuna, oinarri naturala eta baliabide mugatuen erabilera mugagabea bezalako ideiak garatuko ditu. Sapirrek, aldiz, hizkuntza historikoen ugaritasuna sailkatzeko artea, eta hizkuntza bakoitzak mundua eratzeko duen ahalmen berezia.
Humboldtengan batera eta bildurik dauden bi alde dira, eta hizkuntza-erlatibismoak zein generatibismoak Humboldt dute aurrekari. Nolabait esateko, Humbolten ondorengo batzuk haren yinaz jabetu dira; beste batzuk, haren yangaz. Biak batera pentsatu izana da Humboldten originaltasuna.
Aurreko batean, Chang Tung-sunen tesiak Humboldten hizkuntzaren filosofiaren argitan aztertu nituen. Hizkuntzaren kategorien eta egituraren loturak logikarekin eta metafisikarekin ditu Changek aztergai. Txinako eta Mendebaldeko pentsamenduen arteko desberdintasunetan hizkuntzak izan dezakeen eragina ikertzen du. Ez du, ordea, hizkuntzatik filosofiarako norabide bakarreko determinazio mekaniko bat proposatzen; hizkuntzaren, logikaren eta pentsamendu filosofikoaren elkarrekiko mendekotasuna azpimarratzen du. Ezin ukatu auziak Humboldten kutsu nabarmena duela.
Paradoxa ederra dugu hemen ere: Changek mendebaldar pentsamoldeari kontrajartzen dion txinatar begirada Mendebaldeko filosofo batek bereganatu ahal izan baldin badu, horrek erakusten digu hizkuntza eta kultura partikular batek ez dutela determinatzen bertan bizi den gizakiaren pentsamendua. Humboldt bera litzateke, nolabait, muturreko erlatibismo linguistikoaren aurkako froga bizia. Orobat, Azurmendiren erlatibismo erlatiboaren aldeko argudio-iturri, eta ez bakarrik obran; jarreran ere bai.
Azurmendiren Humboldt-liburuaren azpian, hizkuntzaren filosofia jakin bat ez ezik, badago halaber pentsatzeko modu jakin bat. Pentsamolde horren genealogia mendebaldarra egin daiteke: Herder, Goethe, Humboldt, Cassirer. Baina argigarri gerta liteke genealogia horren aldamenean Chang Tung-sunek deskribatutako txinatar tradizioa ere jartzea.
Horrek Azurmendiren eszeptizismoa beste modu batean ulertzeko aukera emango liguke. Eszeptizismoa ez litzateke susmo hau: litekeena da egiarik ez izatea. Are gutxiago, egiaren aukeraren ukazioa. Azurmendiren eszeptizismoa kezka litzateke beharbada, egiaren alde bat atzeman eta nabarmenduz gero, ez ote ditugun gainerakoak galduko.
Filosofo batek mutur jakin bat egia osoaren jabe egin bezain laster, Azurmendik beste muturraren eskubideak gogorarazten dizkigu. Gure inguruko hedabideetan nabarmena delarik ilustratuen garaipena erromantikoen gainean, ilustratuen erromantikotasuna erakusten du —ilustratu frantsesak izan ziren Nazio bezalako kontzeptuen lehenbiziko erabiltzaileak—, erromantikoen arrazoimen sendoarekin batera; era berean, Orixeren aurka daukana argitaratu orduko sentituko du aldekotasunen berri ere emateko beharra; eta ez dio sekula utziko sistema demokratikoaren egiturazko biolentzia azpimarratzeari. Humboldtek Azurmendiri utzitako ondarerik interesgarrienetakoa da hori. Eta loturik legoke beharbada Steinerrek hainbeste miresten duen Humboldten originaltasunaren ezaugarrietako batekin: bi mila urtean filosofia aurkakoen artean hautatzera ohitu den bitartean, aurkakoak batera pentsatzen ahalegindu da Humboldt.
Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea baldin bada, hizkuntzaren filosofoak ez du zertan kontrarioetako baten garaipena bilatu; kontrarioek elkar nola ahalbidetzen duten ulertzea du batik bat eginkizun.
