Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Azken egunak Gandiagarekin

Azken egunak Gandiagarekin

Markos Zapiain 2010/03/08 10:03

Azken egunak Gandiagarekin liburuan Joxe Azurmendik gogoeta berezi pertsonal bat ekarri digu Jainkoaz, arimaz, hil ostekoaz, biziaren zentzuaz, denboraz eta betikotasunaz. Egia bada ere guztiok abiatzen garela tradizioren batetik edozeri buruz pentsatzeko orduan, Azurmendiren hausnarketa gainerako euskal saiakeragileona baino propioagoa da, kanpoko eraginetatik libreagoa, beharbada beste inork baino iturri ugariago darabilelako, baina inon bertan goxo egiteke, ezein pentsalari Jainko ahalguztidun orojakiletzat hartzeke. Gurean Marxen jarraitzaileak dauzkagu, Nietzsche, Habermas, Frankfurteko Eskola eta Zizekenak, besteak beste; Joxe, berriz, bere kasago dabil, ingurukoena baino indartsuagoa da bere garunetako txorrotari darion turrusta.

Ikaragarri oparoa eta aberatsa da liburua. Heriotza da erabiltzen duen gaietako bat, eta soilik heriotzari buruz Azurmendik filosofiaren eta erlijioaren historiak egiten dizkigu, munduan nagusitu izan diren jarreren aurrean ikuspuntu garbi bat adierazten du, euskaldunon bilakaera heriotzari dagozkionetan ere ematen digu, halaber Azurmendirena berarena zehazki, eta heriotzari loturiko ingurukoen gorabeheren berri, heriotzari nola egiten dioten aurre… 

Gandiaga adiskide mina hiltzen ari zaio. Azurmendiren amak 97 urte ditu, burua argi, ingurukoek maitatua bizi da, baina hala ere ia egunero botatzen du honelakoren bat, batere mingostasunik gabe: “sikira ailegatua balego nire ordue”, edota “goiko hori nerekin ahaztua dola ematen du”. Bere heriotzaren zain bizi da. Nolakoa uste duzu izango dela azkeneko ordua? galdetu dio alaba batek: “Izaten den, ba, haize gozo lasai bat? Ba holakoxe haize bat aurpegitik pasatzen”. Heriotzaren hurbiltasunak bultzatu du Azurmendi hiltzearen eta hilostekoaren gaineko gogoetara.

Askok galdua dugu Azurmendiren amaren patxada heriotzaren aurrean. Ez bakarrik modernook honezkero naturaren pizte eta itzailtzeetara biltzen jakin ez eta erauzia dugulako eguneroko bizitzatik, klinikara baztertuta, jaiotza bera bezala, hasiera eta amaiera; gainera, ez dugu ezagutzen orain dela gutxi arte konfiantza apur bat ematen zuen fedea.

Azurmendirentzat ez dago berezko Jainkorik, sinestunengandik at. Era berean, ez dago hilezkortasunaren froga razionalik. "Hilezkortasunak, zentzurik izatekotan, 'fedezkoa' du (kristaua edo ez)". Gizakiak ipintzen du beti erlijio-mitoa, bizitzari zentzua eman nahi liokeen ipuina. Edonola ere, teismo katolikoa bezain zozoa iruditzen zaio gurean nagusi den ateismoa, inertzia bat, pentsamendurik gabeko ukazio itsua.

Azurmendiri txikitako fedea deseraiki egin zitzaion. Aldi ateo bat bizi izan zuen. Orain begi zolia gelditu zaio ikusteko nola jende askok Jainkoaren ordez Zientzia gurtzen duen, Eliza barik Alderdia, etab.; antzeraegi dabiltza haatik. Estatuburuak Aita Santu izan nahi luke. Chiracek Frantziako selekzioaren futbol-partidan bere ereserkiari txistu egiten diotela entzun eta suminduta alde egiten du: erlijiozko amorrua zaio Azurmendiren usnari. Eta gurean gogor kritikatzen da Eliza, arrazoi osoz, baina Azurmendik faltan du ganora hori Zientziaren eta Estatuaren aurkako kritikan, zeren Hiroshima adibidez Zientziak ekarri baitzigun, ez Elizak. Wittgensteinek dioenez, ezein sinestek ez du matematikak adina bekaturik egin, adierazpen metafisikoen erabilera txarra dela eta. Azkenik, erlijioaz eta hilostekoaz futitzen omen den ateorik lehorrenak ere ez dizu maitearen gorpua galsoroan abandonatu nahi izaten zakurrek jan dezaten.

Hil aurretik ahal bezainbeste gozatuz bizitzera ez gaitu heriotza ahazteak bultzatzen, baizik heriotza total presente edukitzeak. Azurmendik, nolanahi ere, gure kontsumo-gizarteetako hedonista tipikoa baino maiteago du  “gaixo eta pobreekin errukitu den fededun kristaua, edo justizia eta askatasunaren alde behin bere gaztetasuna eskaini zion idealak berari besterik ekarri ez diona, espetxea ez bada eta klandestinitatea urte luzetan barnerrian zein atzerrian”.

Askatasun berri bat eman dio bere buruari Jainkoaz, arima hilezkorraz, zeru/infernuez eta betikotasunaz mintzatzeko; are Ama Birjinaz. Euskal irakurle askok nahiago luke aitak masturbatzen harrapatzea, lagunek Ama Birjinaz hausnartu duela jakitea baino, lotsagarriagotzat baitute hainbat foro progresistatan. Tabu hori hautsi eta gizakiak bizitzari zentzua nola ematen dion pentsatzeari ekin dio Azurmendik, gure gizarteko erlijio-ibilbidea eta bere bilakaera pertsonala aintzat harturik. Askotarikoak, historikoak eta aldakorrak baitira heriotzaren interpretazioak, haraindiaren irudiak eta Jainkoak. Bakana da, esaterako, McTaggarten ideia: Jainkoa benetan ahalguztiduna izatera kontraesan-hastapenaren gainetik behar luke, eta hortaz aldi berean existitu eta ez existitu ahal izan. Orobat Gandiagarena: Jainkoa beti naturan sentitzen duen arren, ezustean historian ere txiroen indarkeria iraultzailean iragartzen baitu indar jainkozko bat; Jainkoa historian ez du nabaritzen justiziaren aldeko borrokan baizik. Edozein gisaz, erlijioari dagokionez ere "artxipelago ibiltari bateko parte" gara, Jose Luis Otamendiren hitzak erabiltzearren. "Eta puskailak" emendatuko luke agian Azurmendik berak.

Zegamarra, erlijio-krisiak jota mitologia tradizionaletik urruti ibili ondoren, itzuli egin da. Ordea, behin itzulita ez du betiko Itaka zentzu eder berriz berrasmatu, Gandiagak bezala, zeina "abila zen panderoa jotzen, baina ez da makala izan lan isilagoetan". Aitzitik, Azurmendi hizkerarik gabe gelditu da, “inoiz habitatu zuen hizkeraren edo mitoaren puskail artean… Alternatibarik ez dauka eta ez du uste dagoenik”. 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.