Autolaguntzaren aurkako literatoen kritikari ihardespena
Dogma errealistak idaztea komeni da, gure esku dagoena kontuan hartzen dutenak. Ez “minbizia sendatzeko botika aurkituko dut”, baizik eta “etekin ederra ateratzen diot ikastaldi bakoitzari”.
Ikasleei eskuliburua idazteko ariketa zertan den kontatzen diedanean, horrela erantzun eta argitu izan didate: “A bai, Mr. Wonderful bezalako zerbait”.
Ezin ukatu estoikoek, Epikurok, eszeptikoek, Spinozak eta enparauek sakonagotik heltzen dietela bizitzaren gorabeherei Mr. Wonderfulek baino. Ordea, egia da halaber sarkasmo ugari entzuten dela gure inguruan autolaguntza liburuen aurka. Literatoen aldetik entzuten ditugu batik bat —hemen ere Irati Jimenez salbuespen—, autolaguntzaren behar larriena dutenak badira ere. Umekeria eta sinplekeria leporatzen diote autolaguntzari, haien kontakizun txepelak jakinduria konplexuenaren gailurra balira bezala.
Eraginkorra da haatik biblioterapia, eta Epikuro, Lukrezio, Epikteto, Marko Aurelio eta Spinozaren obren alde garrantzitsu bat autolaguntzari dagokio. Duintasun filosofikorik garaiena onartu behar zaio autolaguntzari, oinazea baretzea ez baita gero ahuntzaren gauerdiko korrokada.