Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Autokontzientziaren baldintza ahaztua: hizkuntza (II)

Autokontzientziaren baldintza ahaztua: hizkuntza (II)

Markos Zapiain 2026/10/22 12:33

Kojève: zientziatik filosofiara, objektutik subjektura

Biologoak organismoak aztertzen ditu; organismoaren egitura, funtzionamendua, bilakaera eta ingurunearekiko harremanak azaltzen ditu. Hala ere, ez dio zertan bere buruari galdetu nola heldu den bera —organismo biziduna izanik— gai izatera beste organismo batzuk ezagutzeko. Are gutxiago, nola den posible bere aurkikuntzak hizkuntzaren bidez adieraztea.

Kojèveren irakurketan, filosofia zientzia partikularretatik bereizten da, hain zuzen, gogoetaren barruan sartzen dituelako jakintsua eta jakiteko jarduera bera. Horrek bi ondorio ditu: alde batetik, ezagutza ez da objektu baten eta kontzientzia abstraktu baten arteko harreman estatikoa. Ezagutza historia bat da. Subjektuak mundua ezagutzen duen heinean bere burua ere ezagutzen du, eta bere burua ezagutzeak munduari buruz duen jakintza eraldatzen du.

Bestetik, jakintza filosofikoak ezin du bere sorrera historikoa kanpoan utzi. Horregatik da hain garrantzitsua Hegelen Gogoaren fenomenologia. Horri dagokionez, bereziki argigarria da Spinozaren aurkako Kojèveren objekzioa. Etika Jainkoaren edo substantziaren ikuspuntutik hasten da. Baina nola iritsi da filosofoa ikuspuntu horretara? Zein esperientzia, kontraesan eta bitartekaritzaren bidez lortu du? Kojéveren iritziz, Hegelen Fenomenologiak betetzen du hutsune hori: egia absolutua ez da abiapuntua, kontzientziaren ibilbidearen emaitza baizik.

Hemen, ordea, bereizketa bat egitea komeni da: Hegelen autokontzientzia ez da bakarrik pentsalariak bere pentsamenduari buruz duen kontzientzia psikologikoa; beste gizakien aitortzan eta errekonozimenduan, lanean, historian eta gizarte-harremanetan eratzen den autokontzientzia da. Kojèveren interpretazioan, bereziki garrantzitsuak dira desira,  errekonozimenduaren aldeko borroka eta lanaren bidezko naturaren eraldaketa.

Humboldtenganako bidea zabaltzen du horrek guztiak. Humboldtek onartuko luke, ziur aski, Kojèveren oinarrizko intuizioa: ez dago jakintza osorik, jakintza hori sortzen duen gizakia kontuan hartu gabe. Haatik, berehala gehituko luke ezen subjektua ez dela aurrena osatzen eta hurrena hizkuntzaz baliatzen, giza pentsamendua bera hizkuntzaren bidez eratzen baita.

Humboldten hizkuntzaren filosofiaren oinarrietako bat da pentsamendua eta hizkuntza ez direla bi errealitate beregain: pentsamenduak hizkuntzan hartzen du forma, eta hizkuntza ez da aurretik osatutako pentsamendua adierazteko tresna hutsa. Hori ulertzeko, Humboldten hiru ideia dira bereziki garrantzitsuak:

a) Hizkuntza ez da ergon, baizik energeia

Hizkuntza ez da produktu amaitua, jarduera etengabea baizik. Kojèverentzat kontzientzia bere historia dialektikoan eratzen den bezala, Humboldtengan pentsamendua hizkuntzaren jardueran eratzen da. Badute hala ere alde erabakigarri bat: Hegelen sisteman kontzientziaren ibilbideak jakintza absoluturantz jotzen du. Aldiz, Humboldten hizkuntza-jarduera ez da agortuko, ez da egundo egia biribil osora helduko. Hizkuntza ez dago osatuta, etengabe berritzen dute hiztunek, eta belaunaldi bakoitzak aurrekoek utzitako mundu linguistikoa bereganatzen eta eraldatzen du.

Hortaz, Kojèveren filosofia bere burua eta mundua erabat ulertzera iritsi nahi duen kontzientziarena baldin bada, hara Humboldten galdera: nolatan helduko da jakintsua bere burua eta mundua behin betiko ulertzera, bere pentsamendua ahalbidetzen duen hizkuntza bera etengabe eraldatzen ari bada?

b) Hizkuntza ez da subjektu bakartiaren sorkuntza

Humboldten ustez, hizkuntzak ezinbestekoa du gizakien arteko harremana. Ez dago hizkuntzarik hiztunen arteko elkarrekintzarik gabe. Hizkuntza ez da norbanakoaren barnean erabat osatzen den sistema pribatu bat. Lotura interesgarria du horrek Hegelen errekonozimenduaren dialektikarekin.

Hegelengan autokontzientziak beste autokontzientzia bat behar du bere burua biologiaren gainetik dagoen askatasun gisa aitortzeko eta errekonozitzeko. Antzera, Humboldten iritziz, pentsamenduak mintzalagunak behar ditu bere adierazpenak benetako komunikazioaren esparruan gauzatzeko.

Alde erabakigarria dute ordea bi ideia horiek: Hegelen aitortza eta errekonozimendua gatazkaren, menpekotasunaren eta askapenaren dialektikan txertatzen da, jaunaren eta jopuaren borrokan; Humboldten hizkuntza-harremanak, berriz, elkarrizketan eta elkar ulertzeko ahalmenean jartzen du azpimarra.

c) Hizkuntzek mundu-ikuskerak eratzen dituzte

Humboldtentzat, hizkuntza-aniztasuna ez da eduki unibertsal berbera adierazteko modu desberdinen multzoa; aitzitik, hizkuntza bakoitzak mundua artikulatzeko modu berezi bat eskaintzen du. Horrek ez du esan nahi hizkuntza bakoitza kartzela itxia denik, ezta ere hizkuntza desberdinetako hiztunek ezin dutenik elkar ulertu. Esan nahi du subjektu ezagutzailearen jarduera ez dela hizkuntza historikoetatik independentea.

Beraz, Kojèveren biologoarengana itzulita, Humboldtek esango luke biologoak ez duela mugatu behar bere jakintzaren subjektu gisa duen kokapena aztertzera. Gainera, bere kontzeptuak, bereizketak eta azalpenak zein hizkuntza-jardueratan eratzen diren ere aztertu beharko luke. Eta filosofia bera ere —edozein filosofia—, ez dago baldintza horretatik salbuetsita.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.