Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Autokontzientzia eta hizkuntza (eta V)

Autokontzientzia eta hizkuntza (eta V)

Markos Zapiain 2026/10/27 13:46

Bistan da: Humboldten eta Azurmendiren bidez, Kojèveren proiektua kritika daiteke. Ordea, ez da zuhurra Humboldt sailkatzea Hegel unibertsalistaren aurkako erlatibista gisa, ñabardurarik erantsi gabe. Humboldtentzat, unibertsala da hizkuntza-ahalmena, mintzamena, nahiz eta hizkuntza historiko desberdinetan gauzatu. Hizkuntza bakoitzak mundua modu berezian artikulatzeak ez du esan nahi gizakiari gaindiezinak zaizkionik bere hizkuntzaren mugak. Aitzitik, hizkuntza arrotzak ikasteak eta bestelako pentsaerak ezagutzeak norberaren mundu-ikuspegia zabal dezake. Ondo zekiten Humboldtek zein Azurmendik hori baieztaturik zertaz ziharduten; asko ziren zekizkiten hizkuntzak.

Hegelen dialektikan, kontzientziak bere forma mugatuak gainditzen ditu, jakintza gero eta osoago batera iristeko; Humboldtenean ere badago gainditze-mugimendu bat: hizkuntza batek eskaintzen dizun ikuskera beste hizkuntza bat ikasirik aberastu eta eraldatu zenezake.

Hala ere, Hegelenak zein Kojèverenak ez bezala, Humboldten jarrerak ez du eskatzen mugimendu hori behin betiko sintesi batean amaitzea. Ezagutzaren aberastasuna ez dago hizkuntza-aniztasuna gainditzean, baizik eta aniztasun horretan etengabe sortzen diren perspektiba eta bizipen berrietan.

Hortaz, Hegelen eta Humboldten arteko aldea ez luke erabakiko historia onartzeak edo ukatzeak, ezta unibertsaltasuna defendatzeak edo baztertzeak ere. Galdera honi emaniko erantzunak bereizten ditu: ea historiaren eta hizkuntzaren bitartekaritza guztiak jakintza absolutu batean behin betiko bil ote daitezkeen.

Gogora dezagun: Kojèverek aldarrikatu zuen filosofia ezin dela jakintzen edukietara mugatu, jakintza horiek sortzen dituen subjektuaren autokontzientzia ere bere baitan hartu behar duelako. Humboldten ekarpena da erakustea subjektu hori ezin dela hizkuntzaren aurretik eratutako kontzientzia gisa ulertu. Azurmendik, azkenik, hizkuntzen ugaritasunaren eta izaera historikoaren ondorio filosofikoak azaltzen ditu: ez da zilegi autokontzientziak bere baldintza linguistiko eta kulturalak kolpez ezabatu, eta horrela bere burua unibertsal aratz deklaratzea, frantsesek maizegi egiten duten bezala.

Hiru planteamenduak loturik, filosofiaren zeregina ez litzateke soilik jakintzen arteko batasuna bilatzea, baizik eta jakintza horiek sortzen dituen gizaki historikoaren autoulermena etengabe berrikustea. Autokontzientzia ez litzateke zinezkoa eta osoa ez balu bere baitan hartuko autokontzientziaren beraren baldintza linguistikoa.

Nik dakidala, Joxe Azurmendik ez du inon argitaratu Kojèveren jakintza absolutuaren aurkako kritika zehatz hori. Idatzi ere ez zuen egingo ziur aski. Hala ere, “Denbora eta egia: Kojèveren gogoeta” izan zen nire doktore-tesia, eta Azurmendik zuzendu zidan. Eta, Azurmendik kritika hori hitzez hitz formulatu ez arren, garbi ondorioztatzen da haren planteamenduetatik, eta tesia zuzentzen zidan bitartean izaniko elkarrizketen oihartzunek ere kutsu horixe dutela nerrake. Dena den, ez nago ziur, atzekoz aurrerako asmazioa izan liteke, gero eta gutxiago fio naiz nire oroimenaz.

Edozein gisaz, bada bi ildoen arteko beste lotura bat, are sakonagoa beharbada: Kojèveren autokontzientziaren eta Humboldten hizkuntza-jardueraren arteko zubia bila genezake Hegelen “aitortza” edo “errekonozimendu” (Anerkennung) kontzeptu erabakigarrian. Hegelen ustez, autokontzientzia ezin da beste autokontzientziarik gabe eratu; gisa berean, Humboldten iritziz, hizkuntza ezin da beste hiztunik gabe gauzatu. Elkarrengana hurbiltzen dira hor biak, funtsean izan arren haien pentsaerak bestelakoak.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.