Atzez. Erabilera
Atzez ikusi dugu beti euskara, lurraldetasunari dagokionez ere, ezagutzen dugun historian. Eta ez kausa naturalengatik, baizik eta debekuz, mehatxuz eta zigorrez. 1349ko ordenantza batek zehazten du Huescako azokan euskaraz eginez gero zer isun ordaindu behar zenuen. Luzaro iraun zuen debekuak.[1]
Barne-muinetaraino sartzen zaigun indoeuroparren inbasioaren aurkako borrokak hainbat bide hartu zituen dena den Txillardegirenean, garaian garaiko eskakizunen arabera.
90eko hamarkadaren hasieran, Txillardegik ikusten zuen aspalditik ase zezakeela kuriosoak euskararen ezaugarriei buruzko jakin-mina: ergatiboa eta aditz trinkoa, euskalkiak, ahaideak topatzeko zailtasunak edo ezina… Ganoraz aztertzen ziren euskararen fonologia, gramatika eta sintaxia, historia eta etimologiak, diakronia eta sinkronia. Baziren ahaleginean zebiltzan euskalariak, bederen.
Aldiz, bazterrean utzirik zekusan erabileraren auzia; edo ez merezi bezain sakonki ikertua, behintzat. Horixe idatzi zuen Isilik aldizkariaren 14. alean, “Soziolinguistika zertarako?” testuan. Alta, Fito Rodriguezen esanetan,
«Txillardegiren hautua, gaztetik euskara ikastera ekin zionetik, hizkuntza biziaren aldekoa izan zen "filologiakeria" guztien gainetik. Horrek eraman zuen bere ardura soziolinguistikara. Hizkuntzalari engaiatua izan zen bera, ez "akademikoa". Eta ikerketak eginez frogatu zuen: […] euskararen batasuna (idatzia nahiz ahozkoa), soziolinguistika matematikoa, gramatika, fonetika, fonologia, prosodia, azentua eta abar aztertuz, euskara biziberritzea izan zuen helburu beste edozein gauza baino gehiago».[2]