Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Asia misteriotsuko laborategi perbertsoak

Asia misteriotsuko laborategi perbertsoak

Markos Zapiain 2024/07/26 11:15

Teknozientziaren hibrisa eta gehiegikeriak apaltzeko hainbat eta hainbat komite etiko dago indarrean. Txillardegik eskatu bezala, ikerketa eta garapen zientifikoa muga eta arau batzuen mendean jartzen dituzte. Izugarriak baitira hizkuntza genetikoa ebaki, kopiatu eta itsatsi ahal izateak irekitzen dituen aukerak, eta aukera horiek eragiten dituzten kezkak eta larridurak.

Edozein abentura ikerlari libre uztearen aurkakoa zen Txillardegi. Erregulatu beharra dago. Egin daitekeen guztia ez da egin behar. Itxuraz, Txillardegik irabazi du, von Neumannek galdu. Ugari bezain politak ditugu komite etikoak eta zintzotasun irudi bat ematen laguntzen dute, zuzentasunak kontrola dueneko itxura. 

Dena den, ez duzu munduko irudimenik konspiranoikoena izan behar ziurtzat jotzeko jo eta su ibiliko direla eskrupulurik gabeko milaka eta milaka teknozientifiko, buruzagi militarren mendean sarritan, etsaia modurik eraginkorrenean hiltzeko berrikuntzak asmatzen, komite etiko barregarrien ezkutuan, edo komite horien baimena erosita. Aipatzen da Txinan milaka eta milaka giza klon dituztela, arranoaren ikusmen-gaitasunaz horniturik, gerrarako prest. 

Garai batean ia ezin zen txinatar misteriotsurik gabeko nobela beltza argitaratu. Era berean, gaur egun zaila da aurkitzea bioteknologiari buruzko trataturik erazagutzen ez diguna txinatar gobernuaren agindupeko laborategi sekretuek manipulazio genetiko itzelak gauzatzen dihardutela, munduak jakiteke. Txinaren zaku berean sartzen dute orain Ipar Korea. Asia enigmatikoaren ustezko mehatxua beti ere, behakoa gure Los Alamosetatik aldentzeko, non John von Neumannenaren eiteko adimen ikaragarri indartsuak baitira nagusi, ongiaz eta gaizkiaz haraindi.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.