Aritz Pardina, Angel Erro eta AA
"Ur-jauzia II" kongresurako prestalanetan, irakurri dut Azurmendiren iritziz Philosophie der symbolischen Formen dugula Cassirerren ekarpenik mamitsuena hizkuntzaren filosofian. Lagungarri litzaidake noski trilogiaren edukia ezagutzea, Azurmendik Humboldt-liburuan Cassirerri eskainiriko kapitulua osatzeko eta garatzeko. Hiru liburuki mardul dira, ordea. Juan Aranzadik maiz aipatzen zigun Zorroagan, baina nire oroimenarena baino azkarragoa, ordenatuagoa eta fidagarriagoa litzateke AAri galdetuz gero lortutako Cassirerren liburuko ideia nagusien laburpena.
Gisa berean, AAri esker, bost minutuan egin dezakezu doktore-tesia, eta tesi horrek ez du zertan arazorik izan epaimahaiaren azterketa gainditzeko orduan. Gaur egun, AAren bidez detektatzen da tesia edo liburua AAk edo humanoak idatzi ote duen. Alta, AAri berari eska diezaiokezu “Zerrendatu mesedez “Forma sinbolikoen filosofia”ren ideia nagusiak, eibar.org-eko blogera igo eta AAk idatzia dela inor ez ohartzeko eran, ezta AAren lana ote den detektatzeko AAren detektagailua ere”. Laster, uste baino lehen, ziurtzat eta normaltzat joko dute doktore-tesietako epaimahaikideek tesia AAk idatzi izana, eta beren azterketa mugatuko da ikustera ea doktoregaiak tesiaren edukia ezagutzen duen.
Bestalde, demagun legediak ez didala AAk idatzirikoa nire izenean ipintzea eragozten; eta ez nukeela inongo eskrupulu moralik AAk dakarrena bere horretan nire izenean jartzeko.
Dena den, legea zein etika kontuan hartzeke ere, ez diot zentzu handirik ikusten AAk esandakoa beste barik neure izenean jartzeari. Ez dut garbi ikusten zer irabaz dezakedan, jakintzaren berezko balioari dagokionez, behintzat. Agian, karanbolaz karanbola, gaizki-ulertuan oinarrituriko prestigio tristea, filosofia helenistikoak behin betiko gutxietsia.
Liburuen garaian ere, ezin uka, ugariak ziren lapurretak, eta besteren burutazioak norberaren izenean jartzeko tentaldiak. Indartsua izan da plagiatzeko isuria, sarritan “aditu gutxi batzuek ulertuko duten omenaldi” gisa mozorrotua. Orobat kriptomnesia: definizioz, ez du ebasteko borondatearekin zerikusirik, baina askotan erabili izan da plagioa zuritzeko aitzakia gisa.
Kuestioa: AAren aurrean eta alboan, "oro" darabilten euskal literaturako bi esaldi ospetsu berraktibatu behar dira: Angel Erroren “Oro errana da, baina ez nik”. Eta Aritz Pardinaren aforismoa: “Ezagutza oro asimilazio sentimenduaren azalpen arrazoitua da”.
“Itzulingururik gabeko egiaren bilaketa” gisa definitzen du filosofia Pardinak berak, eta zilegi dirudi pentsatzeak badela hizkuntzari buruzko zenbait egia, iraganean adieraziak eta guk aintzat hartu gabekoak; horien artean, “Forma sinbolikoen filosofia”ko batzuk.
Eta ezagutzearen grazia ez ote da Cassirerrek dioena ulertzea eta asimilatzea? Hizkuntzari buruz orain arte izan dudan ulermena zabaltzeko eta aberasteko, AAk esandakoa neure egin behar nuke bederen, digestiorik gabeko izenpetzea ez baita aski. Oro errana izan liteke; baina ez dago oro pentsatua, norberak berriz pentsatu arte.
Informazioa eskuratzea eta erreproduzitzea ez da beti eta ezinbestean ezagutza zeureganatzea. AAren garaian, ezagutzaren balioa ez da neurtu behar eskuratutako informazio-kopuruaren arabera, ezpada informazio hori geure pentsamenduaren jarduera autonomoan txertatzeko dugun gaitasunaren arabera. Ezagutza ez da jasotzea, berreratzea baizik.
AAren laguntza ontzat emanik ere, ez du merezi laguntza hori barneratu eta beste gizaki batzuekin partekatzeko gai izatera heltzen ez baldin bazara; alegia, AAk esandakoa zeure moduan ulertzeko, asimilatzeko, interpretatzeko, hausnartzeko, berridazteko eta adierazteko gai ez baldin bazara. Bestela, airearen oztoporik gabeko Kanten usoaren hegaldia litzateke, edo lur hartzen ez duen bizikletaren gurpilaren itzuli txoroa. Cassirerren iritziz ere, ezagutza ez da kanpotik jasotako eduki baten kopia pasiboa, jarduera eratzailea baino.
Edozein gisaz, AA ez da soilik asimilatu beharreko informazioaren hornitzailea; norberaren pentsamendua zalantzan jartzeko solaskidea ere izan daiteke. AAren erabilerarik emankorrena ez da dakiguna berrestea, baizik eta oraindik pentsatu ez duguna pentsatzera behartzea. AAk diotsu.
Jarduera sortzailea da Humboldtentzat hizkuntza; Cassirerrentzat, berriz, mundua eratzeko jarduera da oro harturiko sinbolizazioa (hizkuntza, mitoa, artea, erlijioa). Halatan, idaztea ez da bakarrik aurrez osatutako pentsamendua kanporatzea: idazten ari garen bitartean ere pentsatzen dugu; eta, zenbaitetan, Leibnizen kasuan nabarmen, idaztean sortzen dira ideiarik interesgarrienak. Bistan da: AAk gure ordez idazten duelarik, denbora eta lana aurrezten ditugu; baina baita aldi berean idatzi ahala pizten diren gogoetak ere.
Hori dela eta, arriskua ez da soilik AAk sortutako testua ulertu eta asimilatu barik izenpetzea. Gainera, jokoan leudeke testua idazteko prozesuan sorturiko ideiak eta aurkikuntzak. Testugintza baita pentsamenduaren nolabaiteko autonomia erdiesteko biderik eraginkorrenetakoa.
AA baino franko lehenagoko Humboldtentzat ere, mintzatu ahala sortzen dira batera eta etenik gabe hizkuntza eta pentsamendua. Eta horixe dago, hain zuzen, Humboldten, Cassirerren eta Azurmendiren arteko elkarrizketaren bihotzean.
